Astelehenero 8:00etan zure epostan
Baserritar Bilgunetik bat egiten dugu martxoaren 17rako, Euskal Herrirako lanbide arteko gutxieneko soldata eskatzeko deituta dagoen greba orokorrarekin.
Lehenbizikoz, gutxien kobratzen duten langileekiko elkartasunez. Bigarrenez, ulertzen dugulako soldata arrakalak jendartearen barne-kohesioa ere hausten duela eta lehenengo eta bigarren –hirugarren, laugarren...– mailako herritarrak sortzen dituela. Eta hirugarrenez, herri bakoitzak bere elikaduraz erabakitzeko eskubidea duen bezala, bere langileen lan-baldintzak –ere– erabakitzeko eskubidea duelako.
"Ezinbestekoa da gutxieneko soldataren mugarekin batera gehienenezko soldata ere zehaztea"
Horrekin batera, gure ustez, aberastasunaren banaketa bidezkoa izango bada, ezinbestekoa da eskatzen den 1.500 euroko gutxieneko soldataren mugarekin batera gehienenezko soldata ere zehaztea eta aldarrikatzea. Diotenez, hori gutxieneko soldataren hirukoitza litzateke; hau da, 4.500€, diru kopuru nahikoa –eta sobera– duin bizitzeko.
Era berean, gogorarazi nahi dugu baserritarrok, kasu gehienetan, ez garela heltzen egun indarrean dagoen gutxieneko soldataren mugara, 1.221 eurotara, alegia. Horrek islatzen du lehen sektoreak, jendartearen elikaduraz arduratzen denak, bizi duen prekarietate egoera, pertsonen bizitzari eusteko ezinbesteko lana izan arren.
Hori dela eta, bereziki eskertu nahi diegu euren etxeetarako eredu agroekologikoan landutako jakiak aukeratzen dituztenei egiten duten ahalegina; izan
"Baserritarrok, kasu gehienetan, ez gara heltzen egun indarrean dagoen gutxieneko soldataren mugara, 1.221 eurotara"
azoketan erosita, edota zuzenean –taldeka eta banaka–, elkarte eta kooperatibetan edota herrietako denda txikietan. Izan ere, guk egindako lanean konfiantza erakusteaz gain, haien eguneroko erabaki txiki –handi– horrekin gure prekarietatea arintzen laguntzen dute, jendarte bidezkoago baten alde ari dira egiten eta etorkizun posible eta bizigarriak ari dira eraikitzen. Eskerrik asko.
Bukatzeko, azpimarratu nahiko genuke baserritarrok bizi dugun egoera prekarizatu honen ardurak oso banatuta daudela. Pisuaren zatirik handiena erakunde publikoen bizkar gainean dago. Lehen sektorearekin lotura zuzena duten erabakietan inoiz ez baita abiatzen elikadura pertsona ororen eskubidea onartzetik, baizik eta merkantziatzat eta industriatzat, eta erabat alboratzen da elikadura sistemak jendartearen gainontzeko arloak zeharkatzen dituela zuzen-zuzenean, osasuna kasu.
Martxoaren 17ko greba orokor honetan pertsona orok bere oinarrizko beharrak asetzeko eskubidea aldarrikatzen den heinean, bestelako arlotan lan egiten duzuen langileoi eskatu nahi dizuegu baserritarron bizi-baldintzak ere hobetzeko urratsak emateko, zuen etxeetara heltzen diren elikagaiak aukeratzeko orduan, ahal dela, hurrengo irizpideak jarrai ditzazuela: agroekologikoa, gertukoa eta komunitate osoarentzat bidezkoak izatea.
Izan dadila martxoaren 17a herrien elkartasunerako egun handia!
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545