Astelehenero 8:00etan zure epostan
Bere energia politika zehazten duen plana aurkeztu du Frantziako Gobernuak ostegunean, energia nuklearra "ekoizpen elektrikoaren bizkarrezur" gisa kokatuta. Begirada 2035ean jarrita, berehalakoan sei erreaktore eraikiko ditu eta beste zortzi geroxeago. "50 eta 60" urtez ikusiko dute beraien bizitza luzatuta segurtasun neurriei segi 2035erako itxi beharko ziren erreaktoreek. Energia berriztagarriak dira planaren kaltetu handienak.
Frantziako Loira haraneko koltza zelaien atzean Chinon zentral nuklearra (2017)
2035 urtea bitartean gauzatuko duen energia plana aurkeztu du Frantziako Gobernuak ostegun honetan, eta norabide aldaketa nabaria da: nuklearrak lehentasuna izanen du eta energia berriztagarriak, aldiz, osagaitzat kokatuko ditu.
PPE3 izeneko bide-orriak erregai fosilen zatia %60tik %40ra apaltzea du xede, besteak beste, Ekialde Hurbiletik eta AEBetatik datozen hidrokarburoei begira dagoen "menpekotasun geopolitikoa" ere gutxitu nahi duelako Frantziako Gobernuak. Nola ez, gobernuaren barruan dagoen tendentzia zaharrari segi, energia nuklearra dute horretarako bide: "Gure [Frantziako Estatuaren] ekoizpen elektrikoaren bizkarrezurra izanen da", Ekonomia ministro Roland Lescuren hitzetan. Frantziako Estatuak Europako parke nuklearrik handiena du: 56 erreaktore eta belaunaldi berriko EPR erreaktore bat ditu orotara. Azken urteetan energia berriztagarrien sektorea azkartzeko joera doi bat nabari bazen ere Parisen partetik, berriro itzuli da nuklearraren lehenestera.
Eskuin muturraren eta eskuinaren eskakizunak entzun ditu Emmanuel Macronen gobernuak, eta nola ez, Frantziako Estatuan pisu handia duen nuklearraren aldeko lobbyarenak ere. 2016an izenpeturiko François Hollande presidentearen energia planak 2035rako hamalau erreaktoreen ixtea aurreikusten zuen, eta 2020an Macronek hamabi zituen ixtekoak, beti ere, energia nuklearraren parte %50era jaisteko asmoz. Aldi honetako planak, ordea, belaunaldi berriko EPR erreaktore gehiago nahi ditu eta hamalau gehiago eraiki beharko lituzkete ondoko urteetan. Lehen seiak berehalakoan eraikitzen hasiko dira, eta ondoko zortziak aurrerago. Gainera, ez da nuklearraren alde egindako urrats bakarra: "50 edo 60 urtez" ikusiko dute beraien bizitza luzatuta 2035erako itxi behar zituzten erreaktore zaharrek.
Azken batean, EDFren egungo 57 erreaktoreak kontuan hartuta, eta aurkezturiko sektorearen "optimizazioari" esker, 2023an 320,4 TWh-tik 2035ean 380 edo 420 TWh-ra igo beharko litzateke elektrizitate nuklearraren ekoizpena. Baina, gobernuaren zehaztapenei segi, erreaktore berri horiek 2038 eta 2045 artean baino ez dituzte jarriko martxan, eta orduan konpentsatu beharko lukete EDFko erreaktore zaharrenen geldialdia.
Dekretu bidez, aldizkari ofizialean agertu da PPE3 plana ostiral goiz honetan. Gisa bereko hirugarren plana da, bi urteko berantarekin datorrena. Aitzinekoak, 2016an eta 2020 finkatu zituen gobernuak. Ostegun honetan, EDF enpresaren zentral hidroelektriko baten bisitan zeudela aurkeztu du dokumentua Lehen ministro Sébastien Lecornuk, Ekonomia ministro Roland Lescure eta Trantsisio Ekologikorako ministro Monique Barbutez bere ondoan zituela: "Bazegoen urgentzia bat bide energetiko hori argitzeko, ez erabakitzea arriskutsua bilakatzen zitzaigun burujabetzarentzat, ekoizteko gaitasunarentzat, deskarbonizatzeko gaitasunarentzat".
Klimaren Aldeko Ekintza Sareak gogor kritikatu du hirugarren plan hori: "Ez ditu iparrorratz gisa energia kontsumoaren murrizketa eta energia berriztagarrien garapena kokatzen. Alta energia gutxiago kontsumitzea eta tokian tokiko energia berriztagarria sortzea, horiek dira energia burujabetzaren ezinbesteko bi zutabeak, eta Trumpen zein Putinen menpe gehiago ez egoteko modu bakarra". Greenpeacen ustez ere, plana "berandu dator, arkaikoa eta atzerakoia" da. Nuklearrari bideratu lehentasuna salatzeaz gain, "lurreko eolikoa suntsitzeko egoskorkeria" eta "eguzkiaren energia doikuntza aldagaitzat" kontsideratzeko joera salatu egin ditu GKE horrek.
Energia berriztagarrien hedapenari dagokionez aitzineko bi planek zuten anbizioa argiki apaldu du gobernuak. Itsasoko energia eolikoari eta zentral hidroelektrikoak gaur egungo "teknologia lehiakorrenak" direla erranda, bi sektore horietan jarriko du lehentasuna. Alderantziz, lurreko parke eolikoei eta fotovoltaikoei dagokionez, sektore horien moteltzeko erabakia argia da.
Hidraulikoaren elektrizitate-sorkuntza %15koa da eta gaur egungo 2,8 GWetik 28,7GWera pasatzea lortu nahi dute hemendik hamar urterako tartean. 1 GWetan baino ez dagoen itsasoko eolikoei dagokionez, atzerapena berreskuratu nahi du gobernuak: 2030ean 3,6 GW eta 2035ean 15 Gw potentzia instalatuta izateko xedez.
Plangintza betetzen bada, anitz emendatuko da argindar ekoizpena, baina ikusteke dago eskariak zer nolako bilakaera izanen duen. Hau da, ikusteke dago 2030erako erregai fosilen mendekotasuna %60tik %40ra ttipitzeko helburua lortuko den. Dena dela, ekologistek ohartarazi bezala kontsumoa gutitzeko helbururik ez du zehazten gobernuaren bide-orriak.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545