Astelehenero 8:00etan zure epostan
Dermatosi nodular kutsakorrak du orain lekuko laborantzaren sektorea inarrosten. Iazko ekainean lehen kasuak agertu ziren Italian, zehazki Sardinian eta Lombardian, eta hortik gutira, Frantziako Estatuan, Savoia eskualdean. Zabalpena geldiarazteko, osasun-protokolo drastikoa jarri zuten berehala martxan; hegazti gripea zein tuberkulosia, azken garaietan errepikatzen den logika berari segi: kasu bat agertuz gero, tropa osoa hil eta inguruetako kabala guziak barneetara sartu. Aitzineko izurriteetan beraien kabalak hil behar izana ezagutu dute Julen Perez ahate ekoizleak eta Sophie Sicre behi hazleak. Beraien amesgaiztoa kontatu diote ARGIAri. Bizitutako zentzugabekeria horren parean desobeditzearen beharra eta zilegitasuna fermuki defenditzen dituzte.
Hegazti gripeari buruzko test batean positibo emanik, ahate guziak hil zizkieten Julen Perez eta Sabrina Larzabali (momentu hori dakar ezkerreko argazkiak). Egoera salatzeko eta kanpoko hazkuntzaren alde manifestazioa egin zuten ondoko egunetan Donapaleun (Nafarroa Beherea).ELB
Milaka kabala barne batean metaturik, ahal bezain laster eta merke salmentarako pisura helarazi eta kamioikadaka hiltegira bidaltzen dituztenei segur aski ez zaie hain eskandalagarria irudituko birusa kasatzeko harturiko osasun-neurri sorta. Finean, sal-eroste logika horretan traba bat agerturik, neurriak hartu behar izaten direlako azken hori desagerrarazi eta merkatuak bere ohiko dinamikan segitu ahal izateko. Baina, lurrarekiko eta kabalekiko maitasunez eta elikadura burujabetza helburu dabiltzan laborariak ere badaude, eta horiek bestelakoa daukate sektorean gertatzen ari den sarraski horri buruzko soa. Birusa abelburu batean agerturik, tropako guziak –eri izan ala ez– hiltzea, eta inguru zabaleko etxaldeetakoak aire librera atera gabe atxikitzea? Hori ez dute onartzen, eta are gehiago, ez dute konprenitzen. Baina beraiei ere tokatu daiteke, osasun-protokolo bakarra delako, salbuespenik gabe guziei aplikatzen zaiena. 2022ko urtarrilean ahate tropa hilarazi behar izan zuen Julen Perezek, eta 2024ko urtarrilean jakin zuen Sophie Sicrek ere bere betalde osoa zuela hilarazi beharko. Lehenak, ahate gripeagatik, eta bigarrenak, tuberkulosiagatik.
Lehena, Lohitzüne-Oihergi (Zuberoa) herrixkan instalatu zen laborari 2019an, Sabrina Larzabal lankidearekin, ahate hazkuntza egiteko. Hastapenetik hurbil ukan dute hegazti gripearen izurritearen mamua: 2019 eta 2024 urteak izan ezik, beste urte guzietan. "Kriaxera lekuko ahate arraza dugu, kanpoko hazkuntzan gabiltza, ahate ttipiak lekuan lekukoak ditugu, guhaurrek egiten ditugu gure zerealak, guhaurrek gizentzen ditugu, gure hiltegia dugu... Ezin dugu erran birusa ez dugunik harrapatuko, baina segur gara ez digula garraiatzaile batek ekarriko eta sustut, segur gara ez dugula hedatuko". Baina hala eta guziz ere, eredu industrialean dabiltzanen segurtasun neurri berberak segitu beharrean dabiltza, tartean, aire librean uztearen debekua. 2020ko izurritearen testuinguruan auzo batek salatu zituen, ez zituztelako ahateak barnean atxikitzen, eta orduan hasi zitzaien buruhaustea: osasun-zerbitzuen kontrola, zigor mehatxuak, administrazioak etxaldea hestearen beldurra... Ondoko neguan sartu zitzaien birusa, eta test batean positibo emanik guziak hil zizkieten 2022ko urtarrilean. Hainbeste buruhauste eta gero, ez zuten nahiko indar beraien proposamenak eta kezkak entzuteko nahikeriarik ez zuen administrazioaren kontra borrokatzeko. "Istorio honetan biktimak gara. Gu lanean ari gara nehori kalterik egin gabe, baina, egun ikusten dugu ez dela posible: sail industrialak egunero mehatxatzen gaitu. (...) Kabala dentsitate handiak badira eremu ttipietan, eta Lohitzüne horren froga da. Laborari franko bada sail industrialean lanean ari dena. Haien etxaldeetan sartu da hegazti gripea, eta duten egituraketaren ondorioz etxaldez etxalde iragan da, garraioak baliatzen baitituzte", zioen laborari gazteak amorraturik, berria jaso zuen egunean. Berehala deitu zuen manifestaziora ELB sindikatuak eta milaz gora lagunek zioten elkartasuna adierazi Donapaleuko (Nafarroa Beherea) karriketatik. Laborari ttipiak buru, hilketa masiboaren logikaren kontrako borroka eramaten du sindikatuak eta erreportajean aitzinatu ahala, ikusiko dugu zer ekarri duen beraien tematze ederrak. Nolakoa den administrazioa, segurtasun neurriak ez betetzeagatik zigortu zituzten: legez kanpo izan zirelako, kalte-ordain gisa estatuak eman beharreko 100.000 euroetatik 47.000 errezibitu zituzten bakarrrik, eta departamenduak 10.000 euroetatik erdia bakarrik zien eman. Ez du beste hitzik: "Kabalarekiko lotura hori moztu beharra izugarriko bihozmina da, ezin onartuzkoa anitzentzat. (...) Dena galtzea, etxaldera sartu eta dena isil-isilik kausitzea izugarri gogorra da".
"Prest gara legez kanpo jartzeko, atentzioa gurera ekartzeko eta proposamenak bideratzeko ministeriora"
Julen Perez
Sophie Sicre ere 2019an instalatu zen Ezpeize-Ündüreinen (Zuberoa), 2015ean laborantzan abiaturiko senarraren etxaldean. Pirinioetako gaskoien behi arraza dute, Pirinioen zeharkaldian arraza hori deskubritu eta horiez maiteminduta, ordura arteko haragitako beilegien tropa poliki-poliki ordezkaturik. Laborantza eta oihangintza uztartu eta 3.000 arbol eta landare landatuta, 50 kofoin ezarrita eta ahatxe, miga, behi eta zezen, guziak kontatuta 120 bat buruko tropa hurbiletik segituz, gustura zebiltzan baserrian, guziaren errespetuan eta sinbiosi ederrean. Baina beraiei ere sartu zitzaien baserrira sekulan irudikatuta ez zutena: 2024ko urtarrilaren 11n jakiten zuten tuberkulosiaren testan positibo eman zuela behi batek, eta urtarrilaren 18an jaso zuten amesgaiztoaren itzala: hilketa masiboa, bai ala bai, otsailaren 16ko prefetaren ordenantzak baieztatuko ziena. "Bat-batean mundu oso bat erortzen zaizu, urteetan eraiki izan duzun bizi-proiektua hankaz gora jartzen da". Mina, negarrak, galderak, lorik gabeko gauak, ez-ulertuak, kexua eta zurrunbiloaren artetik, une batean erabakia: "Ez ditugu utziko egiten, ez da egia behi batengatik tropa guzia hilen digutela". Desobeditzeak hemeretzi hilabeteko borroka luze eta dorpea zekarren, beti ere ELBren laguntzaz –funtsean, hastapenetik ondoan izan dute Perez bera, gomendio, laguntza eta sustengu emaile suhar gisa. Sindikatuak deituta, martxoaren 30ean 400 lagun hurbildu zitzaizkien etxaldera, behi saldoaren hilketa ez uzteko eta bestelako protokolo bat galdatzeko. Hiltzerik ez zen gertatu eta elkartasunari esker lorturiko lehen garaipena zuten hori. Izanen zituzten ondotik ere beste batzuk, nahiz eta bidea izugarri mingarria eta akigarria izan, finean, iazko uztailean lortu zutelako protokolo esperimentala gauzatzeko baimena. "Arriskuak hartzen ditugu errefusatuz, etxaldea, familia-bizia, bikotea... guzia da zailtasunetan ezartzen".
"ELB ezagutzearekin, familia harrigarri bat ezagutu dugu. Beti gure ondoan ukan ditugu, ez gaituzte sekula bakarrik utzi: telefono deiak, argumentu-lanketa, negoziazio fasea, prefeturan bilkurak... ezin irudikatua da zenbat ordu pasa dituzten guretzat. Gaueko hamarretan pasatzen zitzaizkigun etxera, garagardoekin, morala igotzeko xedez. Biziki-biziki gogorra izan delako, pareta bat genuen aitzinean, estatua genuen aitzinean. Aldi berean, errespetu handia izan dute, ez digute sekula presiorik sartu, beti erran izan digute ‘akitua bazarete, gelditu dezakezue prozesua, hor ukanen gaituzue berdin-berdin’". Erran bezala, hilketa masiboa errefusatzeaz gain, beste borroka bat hasten zutelako: protokolo esperimental bat lortzearena, hilketa orokorra baztertzeko helburuz. Bai berentzat, baita kasu berean izanen ziren ondokoentzat ere. Eta lortu, lortu zuten 2025eko uztailean. Behien gutiengoa salbatzen zuten, hau da, gehiengoa sakrifikatu behar izan zuten: uztailetik irailera aratxe guziak eta beste 27 –arriskuan omen ziren hamazazpi eta troparen berritzearentzat ez ziren hamar–; eta urrian, beste sei –testa bideraturiko 65etan positibo eman zutenak– eta azkenik, 59 gelditzen zitzaizkiela, horietarik hamaika hautatu behar izan zituzten hiltzeko. Finean, urtarrileko lehen hura salbu, hildako besteetarik bakar batek ere ez zuen eritasuna. Mina are mingarriago egiten duen emaitza, duda gabe, hildakoak osasuntsu zirelako, erabat sano. Zehaztu beharra dago testak errore tasa altua duela, eta hil ondoren argitzen dela benetan kutsatuta zegoen edo ez –kasu anitzetan osasuntsu agertzen dira, baina berantegi...
Gogorra izanik ere, kabalak etxetik zortzi kilometrotara duten Mauleko hiltegira beraiek eramateko hautua egina zuten: "Batzuek tratulari batekin eramaten dituzte, Castres edota Saint-Etienne bezalako Frantziako herrietara. Hori ez genuen nahi. Bost minutuko bidea izatea nahi genuen, bakean joatea nahi genuen eta hori argiki adierazi nahi genien". Argi eta garbi, trauma bat dela dio. Oraindik ere pairatzen dutena, nahiz eta poliki-poliki salbatu ahal izan dituztenekin aitzina egin, begirada geroari begira jarrita. "Philippentzat [bikotea] biziki-biziki gogorra izan da, ardiak gehitzeko hautua egin dugu, bizia berriz sentitu beharrean zelako. Alaba handienak hamahiru urte zituen garaian eta kolegiora joan aitzin, 05:30ean behitegian zen, behiak agurtzera joana, eta artzain izan nahi bazuen ere, gaur egun ezin du bere artaldearekin egon, traumatizatuta delako. Bigarren umea autista dugu eta ezin zuen gehiago suportatu etxean biltzen zen jendea. Ez ginen tuberkulosiaz mintzo apairu denboran, handienak ez zuelako gehiago suportatzen. Nik ere oraindik dut tristura handia, joareak behitegian ikustearekin adibidez. Ez, ez dugu sekula ahantziko bizitu izan duguna".
"[Osasun-zerbitzukoak] biziki azkarrak dira, zure suntsitzeko gaitasuna dute:
behea jo dezakezu
eta bakea erosteko betalde osoa hil"
Sophie Sicre
Gainera, osasun-zerbitzuko arduradunen jarrera okaztagarria zitzaiela ere kontatzen du: "Ulertzen gintuztela zioten, baina diskurtso faltsua zen hori, jarrera manipulatzailea zeukaten, hilketa errefusatuz gero eritasunaren hedapenaren errudun izanen ginela zioten, maltzurki jokatzen zuten. Horregatik ez gara inoiz bakarrik egon, biziki azkarrak direlako eta suntsitzeko gaitasuna dutelako: behea jo dezakezu eta bakea erosteko betalde osoa hil. Hori nahi dute, zinez biziki-biziki gogorra da".
desobedientzia: “militantzia da eta zuzen gabiltza”
"Guk ez dakigu dena, baina prest gara momentu batean legez kanpo jartzeko, justuki atentzioa gurera bideratzeko eta proposamen interesgarriak egiteko ministerioari. Hegazti gripearekin hori gertatu zen, tuberkulosiarekin berdin eta hori nahi dugu orain dermatosiarekin. Militantzia da eta zuzen gabiltza", dio Perezek. Hain zuzen, Sicre bikotearen borrokak protokolo esperimental bat ekarri duen bezala, hegazti gripearekin ere gauza bera gertatu zelako. Kriaxera eta rouen lekuko ahate arrazentzat lortu zuten bide-orri propio bat 2021ean, frogatu nahi zutelako birusa egonik ere, antigorputzak garatzen zituztela eta eritasunari gaina harturik sano gelditzen zirela. 2022 hondarrean ere abiatu zuten protokolo esperimental bat kanpoko hazkuntzan dabiltzanei bideraturikoa.
Gaurko egunean ahate gripea ez da desagertu –are gehiago, urte osoan presente den birusa ere bihurtu da, klima aldaketak dakartzan neguko tenperaturen epeltzeekin batik bat–. Urtez urte milioika hegazti hiltzeak ez du birusaren kasatzerik ekarri, ezta ekarriko ere. Gainera, indemnizazioak ekonomikoki kostu alimaleak ondorioztaturik, finean, txertatze kanpaina orokortuta dute orain (hori bai, hilketa masiboak hor segitzen du birusa agertuz gero hazkuntza batera). Urriaz geroztik kutsatze-arrisku maila gorenean izanda, hegaztiak barnean atxiki beharrean dabiltza. Hori ere, ELBk, eta funtsean Perezek berak, errefusatzen duena: "Beldur gehiago badut bortxaz jartzen dizkiguten osasun-politikez ez eta birusaz", dio Perezek. Baina isunaren arriskua hartzen du, eta kanpoan dauzka ahateak, bestela ez duelako ikusten bere hazkuntza.
Dioenaz, osasun-krisien kudeaketa ere laborantza eredu zehatz baten mesederako idatzita du administrazioak: "Bulldozer bat bada, laborantza produktibista deiturikoa, eta dena da honentzat egina, osasun-legeak barne. Gure laborantza ereduarentzat, haatik, ez da osasun-protokolorik". Eta paradoxikoki, agroindustria da birusen hedatzaile. Eredu horietan dabiltzanak "bonba sanitarioak" direla dio Perezek: dela, milaka animalia eremu hetsi batean atxikitzen dituztelako, dela, kabalen garraiatze luzeak ondorioztatzen dituztelako –prozesu guzia leku berean bideratu beharrean, hazkuntza espezializatuta izateak dakarrelako fase batetik bestera, lurralde batetik bestera mugitu behar izatea kabalak–. Alderantziz, Sicre, Perez, eta oro har ELB nahiko konbentzituak dira baieztatzeko eredu herrikoi eta iraunkorrean dabiltzan kanpoko hazkuntzek aurre egin diezaieketela birusei. Diotenez, kasuan kasu baserri bakoitzak duen kutsatze-arriskua neurtu beharko litzateke –"20 behi edo 300 ez delako arrisku bera", Perezen hitzetan– eta hortik, araberako protokolo eraginkor bat bideratu bakoitzari.
Hastapenetan ez bezala, ahate guziak txertatzeko erabakia harturik du estatuak, eta nazioarteko merkatuaren legedia ere egokitu dute, txertatuak izanda ere berdin-berdin saldu ahal izateko. Alta, iraganean, bide hori errefusatzen zuen administrazioak: "Txertoari buruz ez dute ezer entzun nahi, beste herrialde batzuetarako esportaziorik ezin izango litzatekeelako egin. (...) Interes ekonomikoek garrantzi handiagoa du haien begietan, interes sanitarioak baino. Guk, etxalde ttipiok, pisu ekonomiko ttipia dugunez, gure existentziak bost axola die", zioen ELBko ordezkari batek izurrite-urte horietako mobilizazio batean.
Finean, izurritez izurrite, ikusten duguna zera da: birusa aldatu arren, guzia doa berdin-berdin. Dermatosiaren kasuan ere, hiltze masiboetan oinarrituta dago protokoloa; nazioarteko merkatua ez da galdu nahi, beraz txerto kanpaina orokorrik ez da bideratzen; eta laborariak dabiltza borrokan bestelako osasun-protokolo baten alde. Berdin dio sintomak, kutsatze-bideak eta zabalpen zein hiltze tasak... Europako eritasunen sailkapenari begiratzen zaio eta merkatuan gelditu ahal izateko, "kalterik gabe" estatusa atxikitzeko eginahalak bideratzen dira urgentzian –ulertu, hilketa masiboak, hain justu, kutsatutakoak estatuko kabalen %0,1 baino gehiago izanez gero galtzen delako estatusa–.
Hori bai, dermatosia birusa agertu den eskualdeetan txerto kanpaina abian da, Ipar Euskal Herrian kasu. Bide blokeo eta bestelako ekintza, azken asteetan karrikan direlako laborariak eta mobilizazioaren lorpen gisa ikusi daiteke erabakia. Frantziako Estatu mailan lehen indarra den FNSEA sindikatua nahiko isilik bada ere –finean, agroindustriaren defendatzailea delako–, bestelakoak protestan dira, laborantza herrikoiaren sustatzaile Confederation Paysanne eta ELBtik hasi, sindikatu-karta gabekoetara eta eskuineko Coordination Rurale sindikatu gaztera arte. Sicrek, adibidez, txertatu ditu behiak: "Ni ez nintzen baitezpada horren aldekoa, baina Philippek [bere bikotea] lasaiago egoteko beharra zuen. Berehalakoan eta urgentzian ez genuen beste aterabiderik eta dena dela, ez ginen berriz borrokan sartzeko indarrarekin. Gelditzen zaizkigun horiek babesteko hautuz bideratu diegu txertoa eta ez gara dolutzen". Ipar Euskal Herrian ez da agertu eritasuna, baina hortik hurbil bai, abenduan Pirinio Garaietan. Izua nagusi da laborarien artean, baina seguruenik, Perezek dioenari segi, birusak baino gehiago tropa osoaren hilketa ekarriko lukeen protokoloak sorturikoa. Hori horrela, berehalakoan txertoa aterabide gisa ikusten dute anitzek, nahiz eta gerora horretaz ere hausnartzeko beharra ikusi. Libre deituriko kolektiboa sortu dute laborari zenbaitek, txertatze masiboaren logika borrokatzeko asmoz.
"Bulldozer bat bada, agroindustria deitzen dena eta dena egina da honentzat, osasun-legeak barne"
Julen Perez
Hain justu, berez kabalek izan dezaketelako birusei gaina hartzeko gaitasuna, eta Sicrek, dioenaz, hori ere badelako naturaren funtsa: "Birusak, bakteriak... biziaren printzipioa da hori ere, gizakiak ezin du dena kontrolatu, hori ere onartu beharra dago. Hazkuntzan heriotzak gertatzen zaizkigu, hori horrela da, bizitzaren parte da". Gainera, birusaren izaera eta zabalpena ulertu nahi bada, kutsatuak tropatik baztertuta eta bakartuta, hurbiletik segitu beharko liratekeela diote, hori guzia aztertzeko eta ulertzeko gisan.
Osasunari begira baino, ekonomiari begira landutako protokolo bat dela diote mobilizaturik diren nekazariek. Bestela erranda, handiak nazioarteko merkatuan egon ahal izateko. Perez eta Sicre nahiko desesperatuta daude, ez dutelako ulertzen logika hori. Etxalde ttipien kalterako harturiko neurriak direla argi dute biek eta parekoaren buruan pasatzen dena ezin konprenituta dabiltza aitzina. Perezek, etxalde ttipiak desagerrarazteko maniobra ere ikusten du osasun- eta segurtasun-protokolo horietan. "Eta ez naiz konspirazioaren teorian", gehitzen du berehala, irakurketa politikoa argitu aitzin: direla segurtasun neurriek dakartzaten obrak eta gastuak, dela tropa guzia hil beharra, dela administrazioaren inposaketa eta norberaren erabakitzeko ahalmen-eza, desesperatzekoa badela dio eta hortik, lanbidea alde batera uzteko tira erreala dela.
Hori horrela da, eta Greenpeacen ikerketa bat dugu horren lekuko: Frantziako Estatuari dagokionez, demagun, makroetxaldeak %107 emendatu dira 2007 eta 2022 artean, eta etxalde ttipien kopurua, berriz, %35 apaldu da. Tendentzia orokorra da: 2005etik 2020ra Europako etxaldeen %37 desagertu da, zehazki, 5,3 milioi baserri. Eta horrela, batak bestea ondorioztatuta, ekuazioan sartzen zaigu merkatu librerako EB-MERCOSUR hitzarmenaren gaia ere: "Gure etxalde ttipiak desagertuz, agroindustriak lekua irabaziko du bai, baina ez da nahiko hazkurri ekoiztuko eta kanpotik inportatu beharko da". Hazkurriaz harago, bestelako onura inportante bat ikusten dio laborantzari Perezek: lurraldearekiko lotura. "Sistema produktibistak behar du ahal bezain errentagarria izan, eta horretarako handitzen dira etxaldeak, geroz eta gehiago deslotuz jendartetik eta lurraldetik. Bihar laborariak ez baldin badio gehiago deus ekartzen bere inguruari, desagertzen ahalko dira, jendarteak ez duelako gehiago estimatuko beraien funtzioa. Laborariak desagertuz gero, biderkatuko dira EB-MERCOSUR gisako hitzarmenak".
Egoera ez da erraza, eta injustizia handia sentitu dezake buru-belarri bere baserri ttipia aitzina eraman nahian dabilenak. Funtsean, ezinegon horrek eraman ditu bideen blokeatzera. Eta behar orduan, Perez eta Sicreren gisara, desobeditzera, arrisku handiak hartuz: arrisku handiak hartuz. Sicrek ondokoa argi utzi nahi du: "Bagenekien zintzoki ari ginela, ez dugu sekula osasun-zerbitzuen beldur ukan, beraien zigor mehatxuek ez gaituzte izutu, gurea bidezkoa eta zuzena zela argi genuelako".
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545