Asteroko buletina
Otsailean irteten du hartzak leizetik.

EHLGk hogei urte beteko dituela, egitura publikorik ez zerumugan

Euskal Herriko Laborantza Ganbera elkartearen hogei urteak ospatu zituzten asteburuan Ainhize-Monjolosen. 2005eko urtarrilaren 15 hartan sortu zuten Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako laborantzaren garapena –hori bai, iraunkorra eta herrikoia izan nahi duena– sustatzeko tresna, noizbait egitura publiko gisa funtzionatzeko itxaropenarekin. Bi hamarkada pasa dira, EHLG erreferentzia bat da, baina izaera publikoa duen egiturarik ez du lortu Ipar Euskal Herriak. Beharrak eta aldarriak hor segitzen dute. 2017an sorturiko Euskal Hirigune Elkargoa alde kokaturik, esperantza baldin bazen ere, badirudi berriz tiraderan sarturik dutela tresna. Izaera publikoa lukeen egitura bat lortzea nekeza duelako aitorpenik ez duen lurralde batek.


2025eko urtarrilaren 23a
Horrelakorik ez egiteko manua bideratu bazien ere Pirinio Atantikoetako prefetak, 2005eko urtarrilaren 15ean sortu zuten EHLG.Gaizka Iroz

Duela hogei urte, urtarrilaren 15 batez batu ziren mila lagun Ainhize-Monjolosen (Baxenabarre), EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganberaren sortzearen kari. Alta, egun batzuk lehenago Pirinio Atlantikoetako prefetak gutuna bidali zien ELB sindikatuari, Ipar Euskal Herriko auzapezei, Pirineo Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko lehendakariari eta legebiltzarkideei: EHLGren "izaera, helburuak eta antolaketa" legez kanpokoak direla erranik, egituraren sortzeko bidean gibel egitea galdetzen zien. Sortze ekitaldian ez agertzeko manua ere bideratzen zien hautetsiei.

Hortik hilabete batzuetara, ekainaren 8an jarri zuen salaketa prefetak, eta lau urte geroago hasiko zituzten EHLGren eta elkarteko presidente izandako Mixel Berhokoirigoin zenaren kontrako epaiketak. Laborantza ganbera izena erabiltzea debekatua zela zioen Frantziako Estatuaren ordezkariak, izen hori erakunde publiko batena zela argudiaturik, baita departamendu mailako laborantza ganberaren lekua hartuko zuelakoan legez kanpokoa zela ere. Prefetaren ondoan parte zibil kokatu zen FDSEA sindikatuaren eskuetan den departamenduko laborantza ganbera bera. Behin betiko edo aldi baterako (bost urte gehienez) legez kanporatzeko eta Berhokoirigoin urte batez preso sartzeko arriskua zegoen. Bost urtez iraun zuen auzibideak, EHLGren aldeko epaiari helegitea jartzen ziolako aldi oro prokuradoreak. Azkenean, etorri zitzaien behin betiko aitortza 2010eko maiatzaren 6an: EHLGren absoluzio epaia berretsi egin zuen Paueko Auzitegiak. "Epaia berresteak dimentsio historikoa du Euskal Herriarentzat, baita soziala eta lurraldeari lotua ere", adierazi zuen Berhokoirigoinek epaia jakin zuenean.

Dorpea izan zitzaien auziaren garaia –auzien garaia, hobeki erranda, EHLG diruz laguntzea erabaki zuten Herriko Etxeak ere auziperatu zituztelako–. Orotara hogeita zazpi zituzten epaitu, elkartearen egoera finantzarioa kili-kolo utzita eta eguneroko lanean trabak jarrita. Baina, balioa atera zioten: “Izugarrizko konplikazioak ekarri zizkigun, baina izugarrizko indarra eman zien egiturari eta proiektuari”, oroitzen du Iker Elosegi elkarteko koordinatzaile orokorrak.

Babes sozial sendo eta zabal baten gainean eraikitakoa delako EHLG. Batetik eta inportanteena, laborarien sostengua. Urte luzeak eman zituen ELB sindikatuak Ipar Euskal Herriarentzat laborantza ganbera bat aldarrikatzen eta aldarri hori lehen lerroan jarrita burutu zituen 2001eko departamendu mailako laborantza egiturarako hauteskundeak: Ipar Euskal Herrian garaile kokatuz gero, egitura publiko hori sortuko zutela argi utzi zuten. Kanpaina beroa eraman zuten eta lehen aldikoz kokatu ziren Ipar Euskal Herrian garaile. Adostasun batera heltzeko urratsa proposatu zieten beste behin departamenduko ganbera kontrolatzen zuten FDSEAkoei, baina ezetza borobila jaso zuten Pauetik.

Hori horrela, departamendu mailan  irabazitako aulkiak hutsik utzi eta tresna beren baitatik sortzeko desafioari lotuko zitzaizkion. Aldarri instituzionala bezainbat, laborarien errealitateari erantzuteko behar gorria bazelako. Lekuko laborariak laguntzea, kalitatea eta ongizatea lehenesten duen nekazaritza eredu bat sustatzea, gazteen instalazioa eta etxalde ttipien geroa bermatzea, lurralde proiektu orokorragoan laborantza iraunkorra eta herrikoia txertatzea... behar andana zituzten identifikaturik. Horretarako sortu zuten noizbait ofiziala izatea xede zuen laborantza ganbera alternatibo hori.

Hautetsien eta oro har herritarren babesa ere bazuten: Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako 158 auzapezetatik 110 agertu ziren egituratze horren sortzearen alde eta auzien garaian 7.000 herritarren eta 1.000 hautetsiren atxikimendua errezibitu zuten.
Orduz geroztik hogei urte pasa dira, eta laborantza herrikoia eta iraunkorraren sustatzaile nagusia da EHLG. "Erreferentzia bat bilakatu gara, laborarientzat, hautetsientzat eta herritarrentzat. Eramana izan den lanaren emaitza da, jendea kontent da EHLGn jasotako zerbitzuekin", dio Elosegik.

Elkartea sortu eta hilabete batzuetara jarri zuen EHLGren aurkako salaketa Pirineo Atlantikoetako prefetak. Azkenean, EHLGren alde egin zuen epaileak. "Epaiak dimentsio historikoa du Euskal Herriarentzat, baita soziala eta lurraldeari lotua ere", adierazi zuen auziperatua zen Mixel Berhokoirigoin zenak. Argazkia: EHLGk utzia.

2005az geroztik, 2.870 laborari ezberdin dira Ainhize-Monjolosetik pasa –2024an 650 bat dituzte lagundu, horietan 89 lehen aldikoz agerturikoak–. "Beti gora doa laguntzen ditugun laborarien kopurua. Ikusirik laborari kopurua ttipituz doala, argi gelditzen da lekua hartzen ari garela", dio Elosegik.

Bistan da, EHLG ez da laborantza iraunkorraren arloan dabilen egitura bakarra; hor dira ere Arrapitz federazioaren baitan batzen diren egiturak –bakar batzuk aipatzearren, laborantza ekologikoaren sustatzaile den BLE elkartea, laborariak kudeaketan eta kontabilitatean laguntzen dituen AFOG, Lurzaindia eta laborari izan nahi dutenen proiektua abiarazteko laguntzeko Trebatu egitura–. Baina salbuespenak salbuespen, guziak datoz ELBren baitako laborarien ideietatik eta ausardiatik, eta ez departamenduko ganberako bulegoetatik.

Urtero lez, hogei urteak ospatu zituzten urtarrilaren 18an Ainhize-Monjolosen. Baina, gaurdanik jarria dute festa handirako data: apirilaren 5ean izanen dute Heletan.

Egitura publikoa, beti eskas

Hogei langile eta 1.710.000 euroko aurrekontua duen egitura eraginkorra izanik ere, EHLG elkarte bat da. Horregatik, oraindik ere egitura publiko bat aldarrikatzen segitzen dute ELBko laborariek. Horien artean da Maritxu Lopepe, urtarril honetan diren departamenduko laborantza ganberako hauteskundeen kari ELBren zerrendan dena: "Ikusirik laborariek dituzten zailtasunak, lansari duina segurtatzea da gaur egungo lehentasuna. Guk diogu hori lortzeko bide ezberdinak badirela, eta horien artean dugu tresnak gutarik hurbil ukaitearena. Horregatik dugu begi onez ikusten Ipar Euskal Herriarentzako egitura bat ukaitearena". Adibide gisa jartzen du iaz Euskal Hirigune Elkargoak etxalde ttipiei begira bozkaturiko dirulaguntzarena.

Ofizialki, 2017ko biltzar nagusian plazaratu zuen Laborantza eta Elikaduraren Bulego Publikoaren eskaera EHLGk. Urte horretan sortu zen Euskal Hirigune Elkargoa eta laborantzaren eskumena harturik, sekulan baino egingarriagoa bihurtzen zitzaien. Egituratze horren alde agerturik, ikerketa juridiko bat bideratu zuen hirigune elkargoak 2020an, zuzenbideak dakartzan aukerak baita mugak ere aztertzeko asmoz. "Ez dugu zalantzan jartzen [departamenduko] laborantza ganbera. Baina departamenduaren erdia, hau da, 158 herri ordezkatzen duen egitura gara, eta laborantza arloko eskumenak ditugu. Politika hori gauzatu ahal izateko tresna juridiko bat beharrezkoa dugu", adierazi zuen hirigune elkargoko presidente Jean- René Etchegarayk, urte horretako EHLGren biltzar nagusian.

Parean, horrelakorik ez dute nahi FDSEAko ordezkariek. Diotenez, "dobloi" bat litzateke, departamenduko laborantza ganberak Donapaleun (Baxenabarre) duen egoitzatik erantzuten dietelako lekuko laborarien beharrei. Argiki kokatu dira kontra. Alta, 2017az geroztik, lerroak mugitu dira. Finean, ez litzateke egitura publiko bat, elkarte bat baizik. Baina berdin dio: kontra dira. Iazko azaroaren 12an aurkeztu zituzten lehen aldikoz elkartearen estatutuak hirigune elkargoko laborantza eta elikadura batzordean. Laborantza arloko eragile guziekin bildu eta 2025 hasieran sortu nahiko luke Etchegarayk.

Xeheki landurik dute egituratze hori. Bere baitan lituzke kolektibitate publikoak (hirigune elkargoa, departamendua, eskualdea eta estatua–), lehen sektoreko egiturak (departamenduko laborantza ganbera eta EHLG hein berean jarrita), laborantzaren garapenaz arduratzen diren egiturak (laborarien sindikatuak, Arrapitz federazioa, sormarkak, kooperatibak, mendietako sindikatuak...) eta jendarte zibila (ingurumenaren aldeko egiturak, langile sindikatuak, kontsumitzaileak, Euskal Herriko Garapen Kontseilua...). Laborantza eta elikadura politikei buruzko eztabaida eta proposamen gune izatea luke xede.

Laborarien partetik, baita kontsumitzaileen zein hautetsien partetik ere, babes handia jasotzen du elkarteak. Apirilaren 5ean ospatuko dituzte hogei urteak Heletan. Argazkia: EHLG
2025: bozketa urtea

Anartean, departamenduko laborantza ganberako hauteskundeetan bozkatzera deituak dira Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako laborariak. Sei urte guziz egiten dira, eta aurtengoak urtarrilaren 15etik 31ra iragaitekoak dira. ELB, FDSEA/JA eta CR Coordination Rural sindikatuen artean hautatu beharko dute. Hiru sindikatu, hiru nekazaritza eredu: laborantza herrikoia eta iraunkorra ELBk, azken hamarkadetan zabalduriko agroindustriarena FDSEAk, eta guziari kritiko izatetik sortu den eta tarteka eskuin muturrerako irakurketa erraza duen CR. Gehiengoa lortzearekin, laborantza ganberaren giderrak esku artean hartu eta departamendu mailako laborantza politika bideratzen ariko da irabazlea. FDSEA da boterean departamendu mailan, eta Frantziako Estatuko departamendu kasik guzietan: 84 departamendu ditu, 3 CRk eta bakarra ELB bere baitan duen Confederation Paysannek. Beste behin ez da sorpresarik espero, ELB Ipar Euskal Herrian eta Confederation Paysanne Biarnon aurkezten direnez ezinezkoa dutelako garaipena. Parte-hartzea %54,2koa izan zen 2019an, eta Ipar Euskal Herriko botoen %54 inguru jaso bazuen ere ELBk, departamendu mailan bigarren kokatu zen, %24,2 eginik.

Bi zentzutan dute berebiziko garrantzia hauteskunde horiek. Batetik, ikusiko da laborariek pairaturiko krisi sakonak zertara bideratuko dituen: betidanik boterean den FDSEA zigortzeko hauteskundeak izanen dira ala berdin azkar aterako da agroindustria? Parean alternatiba diren ELB eta Confederation Paysanne indarturik aterako direa? Zer nolako emaitzak lortuko ditu krisi horretatik bere zukua atera nahian dabilen CR sindikatu gazteak?

Bestetik, Ipar Euskal Herri mailako emaitzek beren inportantzia dute: ELBk segituko ote du lehen indarra izaten? Ipar Euskal Herrirako egitura publikoaren lorpenera heltzeko emaitza horiek garrantzia handia dute. "Auzi politikotzat" jotzen dute FDSEAkoek aldarria, borroka abertzaleari lotuz afera. Laborantzaren errealitatera ekartzen du, ordea, eztabaida ELBk: lehen sektorea erabat ezberdina da Ipar Euskal Herrian eta Biarnon –etxalde ttipiak eta mendiko laborantza nagusi gurean eta etxalde handiak, zerealgintza eta monokultura Biarnon–. Horregatik du bere errealitateari erantzunen liokeen egitura propioa behar Ipar Euskal Herriak. Horregatik sortu zuten ELB 1982an eta horregatik nahiko lukete egitura publiko hori, 2005ean bezala 2025ean ere.

Karbono biltegi izateari utzi dio Artikoko tundrak
AEBetako Ozeanoko eta Atmosferako Administrazio Nazionalaren (NOAA) ikerketaren emaitza zabaldu du Nature Climate Change aldizkariak: bereganatzen zuen karbono dioxido eta metano kopurua baino gehiago isurtzen du... (+)
Desagertzeko "arrisku handian" da ur gezetako animalien %25a
Laborantza industrialak, urtegiek eta kutsadurak ondorioztaturiko "gaitzeko presioengatik" desagertzekotan dira ehundaka espezie. Bilakaera hori saihesteko asmoz, "berehala hartu beharreko aldaketak" galdetu dituzte Nature aldizkariak urtarrilaren... (+)
Justizia klimatikoa
Inor ez ala denok. Klima larrialdia inork ez pairatzeko aldaketak bideratu ezean, behintzat guztiek pairatu dezagula. Zuk –irakurle–, nik –Jenofa–, haiek –pobreak– eta haiek –aberatsak–.... (+)
Sostengua adierazi diote Marieniako lurren aldeko borrokari hogei kolektibok
Kanboko Marienia eremuan etxebizitzak eraikitzeko proiektua badu Bouygues Immobilier agentziak. "Elkarlanaren bidez" zein "indar harremana" mantenduta, proiektua ezeztatzeko borroka eramateko determinazioa plazaratu dute adierazpen bateratu baten bidez. Elkartasuna... (+)
Etorkizun bizigarriei buruzko literatura lehiaketaren sari banaketa eginen du ostiralean Sukar Horiak
Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk. (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora