Astelehenero 8:00etan zure epostan
Grazia egin zidan Israelen eta AEBen artean mundu mailako gas naturalaren hobi nagusia bonbardatzean, bat-batean gerra energetikoan sartu ginela entzuteak. Gerra gehienen oinarrian baliabide naturalen ustiapena eta jabetza egongo ez balira bezala. Petrolioaren eta gasaren menpekotasunaren seinale, mundu mailako merkatuak aztoratu zaizkigu eta, ondorioz, baita etxe ondoko gasolindegiak ere.
Panorama ilunean, baina, argi izpirik ere badago: gutxika bada ere, behera egiten ari da erregaien eta gasaren kontsumoa. Berriztagarrien hedapenak eta elektrifikazioak zuzeneko eragina dute datuotan, zalantzarik gabe. Zerbait ikas badezakegu gerra berri honetatik da astiro eta beranduegi heldu diogula berriztagarrietan oinarritutako energia burujabetzari. Edo, bestela esanda, aukera bikaina dugula gerra energetikoen menpekotasunetik ihes egiteko, energia berriztagarrietan inbertituz gero.
Dena den, badira faktore batzuk lerrootara ekarri nahi nituzkeenak. Batetik, ekoizpen ereduari buruzkoak. Eolikoak bai ala ez baino harago, azpiegiturek bete behar lituzketen marko ekosozialei buruz hitz egin behar genuke, burujabetzen uztarketari buruz. Ildo beretik, makroproiektuez aritu baino, erreparatu behar genieke energia sare banatuen logikan sortu eta banatzeko formulei. Hain zuzen ere, azpimarratzekoa da autokontsumoak hartu duen pisua: lehen aldiz Red Eléctricak zehaztu duenez, kontsumo osoaren %4,7koa izan da Hego Euskal Herrian. Autokontsumo partekatuak eta energia kooperatibek marrazten digute norabidea.
Ezin dugu ahantzi, baina, kontsumo maila mantentzea ez dela aukera bat. Ez norbanako gisa kontsumitzen duguna, ezta gure industriarekin kontsumitzen duguna ere. Alternatiba errealak bultzatu nahi baditugu, praktika konkretuak ere aldatu behar ditugu, norbanako gisa eta, bereziki, kolektiboki.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545