Asteroko buletina
Mundua gobernatu nahi duena baratze bat gobernatzetik has bedi

Denboraren harrizko gurpila Iruñeko katedralean

"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa nabarmena da Erdi Aroko irudietan, egungo begiekin zail gerta daitekeen arren haiek interpretatzea. Iruñeko katedraleko klaustroan, garai hartako pentsamoldean denbora eta lana nola uztartzen ziren ikusteko parada ezin hobea dugu, urte berria hastear dugun honetan.


2024ko abenduaren 18a
Iruñeko katedraleko klaustroaren irudi bat. Argazkia: Josu Narbarte Hernandez

Bere fatxada neoklasikoaren atzean gordeta, bi mila urte baino gehiagoko historiaren lekuko da Iruñeko katedrala. 1950eko hamarkadatik hona, tenpluan zein inguruko eraikinetan egindako indusketa arkeologikoek hainbat garaitako aztarnak azaleratu dituzte: Arga gaineko baskoien kokalekua Burdin Aroan, Erromatar Inperioaren garaiko Pompelo hiriaren urbanismo planifikatua, Antzinate Berantiarreko kristautze prozesua eta bisigodoen, arabiarren nahiz frankoen eragin kulturalak Goi Erdi Aroan... Elizaren aztarnarik zaharrenak IX.-X. mendeetakoak dira; baina, 924an, guztiz suntsitu zuten Abd ar-Rahman III Kordobako kalifaren aginduz. XII. mendean berreraiki zuten estilo erromanikoan.

Klaustroko gangetan gora begiratuz gero, han eta hemen sakabanatuta,
landa-gizarte baten eguneroko bizitzaren irudiak topatuko ditu bisitariak, latinez idatzitako hilabeteen izenez apainduta 

1086. urtean, San Agustinen erregela ezarrita, katedralaren zerbitzua komunitate monastiko baten esku gelditu zen –Leiren edota Iratxen bezalatsu–, eta inguruan bizitokiak jasotzen hasi ziren. Hala, klaustroa XIII. mende bukaeran eta XIV. hasieran jaso zuten, Europan zabaltzen ari ziren molde gotikoan; harrigarria da Baionako katedralekoarekin duen antza. 1390eko uztailaren 1ean katedrala bera bertan behera erori zen, eta hura ere estilo gotikoan berreraiki zuten, lan horien emaitza da egungo eraikinaren barrualde osoa.

Katedraleko eraikin gehienak kalonjeek soilik ikusteko pentsatuta sortu zituzten. Eta, hain zuzen ere, han daude Erdi Aroko Iruñeko arte-adierazpen interesgarrienetako zenbait, garaiko elite intelektualarentzako gozagarri. Baina orduko mundu-ikuskeren eta bizimoduen berri ere ematen digute.

Adibide ederrenetako bat Julio Caro Baroja etnografoak ikertu zuen, duela ia mende bete: klaustroko gangetan gora begiratuz gero, han eta hemen sakabanatuta, landa-gizarte baten eguneroko bizitzaren irudiak topatuko ditu bisitariak, latinez idatzitako hilabeteen izenez apainduta. Batetik bestera jauzi eginda, urtebeteko zikloa osatuko du eta, bidaia horretan, ohartuko da XIV. mendeko nafar gizarteak nola ulertzen zuen denbora errealitate zikliko gisa, urtaroen araberako lanek markatutako gurpil baten gisa.

Hamaika hilabeteko zikloa

Hilabeteen irudi alegorikoak klaustroa inguratzen duten gangetako giltzarrietan ageri dira. Hamaika dira guztira, urtarriletik abendura; ekaina falta da. Gehienak urdin eta urre kolore biziz polikromatuta daude, baina askok higadura handia jasan dute. Bisitariak adi ibili beharko du guztiak aurkitu eta, urrunetik, eszena bakoitzaren xehetasunei behatzeko.

Urtarrila

Bi burudun Jano jainko erromatarra dago irudikatuta, esku bakoitzean giltza bat duela. Aldi berean aurrera eta atzera begiratzeko gai zela zioten, eta horregatik zuten ate nahiz pasabideen babesletzat. Urtarrila –edo latinez ianuarius– harekin identifikatzean, neguko solstizioaren ondoren ziklo zaharraren eta berriaren arteko lotura azpimarratzen da.

Urtarrila (Mensis Ianuarii)

Otsaila

Jakina da neguko hilabeterik hotz eta zakarrena izan daitekeela otsaila. Agian horregatik, sutondoan eserita zapata kendu eta oina berotzen ari den gizon baten gisara dago irudikatuta. Nekatu itxura du eta arropa pobrez jantzita dago; herritar xumea da zalantzarik gabe.

Otsaila (Mensis Febroarii)

Martxoa

Hil honetako lan klasiko bat: gizon bat mahastiak kimatzen. Ardogintza funtsezkoa zen Nafarroako hainbat eskualdetan. Iruñean bertan, Argaren inguruan txakolina ekoizten zen XX. mendearen bigarren erdiraino. Ezkaba mendian badira oraindik mahatsondo zaharren zenbait arrasto.

Martxoa (Mensis Marcii)

Apirila

Udaberriarekin, landaretza esnatzen da. Gazte bat ikus dezakegu –ez dago argi gizona ala emakumea den–, esku bakoitzean hosto-sorta bat duela. Haren inguruan, berriz, haritz hostoak eta ezkurrak. Hiri buruzagiaren inguruko mendi eta oihanak irudika ditzakegu, neguan biluzik eta udaberrian berdetzen.

Apirila (Mensis Aprilis)

Maiatza

Zaldun bat ageri da arropa dotoreekin. Esku batean lore-sorta darama, bete-betean den udaberriaren lekuko; gogora dezagun zenbait euskalkitan lorail ere esaten zaiola maiatzari. Beste eskuan belatza, nobleek hain gogoko zuten ehiza-sasoiaren abiapuntua iragartzen.

Maiatza (Mensis Madii)

Uztaila

Uztaren hila da uztaila, eta horretantxe ari zaigu irudiko gizona: igitaiarekin horitutako garia biltzen. Ogia Erdi Aroko gizartearen oinarrizko jakia zen. Udaldia, beraz, oso sasoi garrantzitsua zen urte osoko janaria segurtatzeko.

Uztaila (Mensis Julii)

Agorrila

Zereala bildu ondoren, lastoa eta bihia bereizi eta azken horrekin irina egin behar zen. Herritar bat ageri zaigu larrainean, bi zaldi edo behorrekin lera edo are bati tiraka, zereala zanpatu eta alea bereizteko. Iruñea inguruan badira larrainen antzinako kokapena islatzen duten toponimoak, hala nola Las Eras –Estafeta kalearen izen zaharra– edo Larraintxiki.

Agorrila (Mensis Augusti)

Iraila

Uda bukaerako lanak dira mahastietatik fruitua jasotzea, lako edo tolareetan muztioa erauztea, eta gero kupeletan sartzea, ardoa ontzeko. Horretantxe ari da irudiko pertsona. Lan horiek festa handiekin bukatzen ziren, udazkeneko zikloari ekin aurretik.

Iraila (Mensis Septembris)

Urria

Zerealgintza-ziklo hasiera markatzen du urriak. Emakume bat ikusten dugu, bi behik tiraka daramaten goldearekin lurrari buelta ematen. Atzetik, beste emakume batek poltsatik alea hartu, eta airean zabalduta ereiten du. Lan horiek errotik aldatzen zuten paisaiaren forma eta kolorea, egunak laburrago egiten zihoazen bitartean.

Urria (Mensis O[ct]obris)

Azaroa

Andre bat ikus dezakegu, aizkora batez zerria hiltzeko zorian. Azaroaren 11 izaten zen zerria hiltzeko ohiko data: San Martin egunak negu aurretik egin beharreko lanei bukaera ematen zien. Gatz edo gantz artean kontserbatutako zerrikiek urte osorako proteina eskaintzen zuten. Hala, egun oso bertakotzat ditugun hainbat produktu sortu ziren.

Azaroa (Mensis Novembris)

Abendua

Arropa aberatsez jantzitako bikotea dago mahaian, beste pertsona batek jakiak zerbitzatzen dizkiela. Eguberriko oturuntza baten aurrean gaude, egutegi kristauko festa garrantzitsuenetakoa, eta urteburua markatzen zuena. Ziklo baten bukaera eta bestearen hasmenta.

Abendua (Mensis Decembris)

 

Herri baten sorrera, eskalaz eskala
Zer da herri bat? Galdera horrek oso erantzun desberdinak izan ditzake alderdi materialari edo inmaterialari begiratuz gero: eraikin zein etxeei, edo komunitateari zein elkarbizitza arautzeko... (+)
1.300 urtez, elkarrekin lurra landu eta bizi
Gaubea haranean, Tobillas herriaren alboan, Serna deitzen dioten nekazaritzarako lursail bat dago. Baina ez da baratze soil bat: historiak eta arkeologiak diote 1.300 urteko bizia... (+)
Erdizko larreak arriskuan
Baztango paraje horretan egin nahi duten harrobiak hautsak harrotu ditu eskualdean. Egitasmoak ingurumenari eragingo liokeen kalteak larrituta, bizilagunek manifestazioa eginen dute urriaren 12an, Elizondon. Haatik,... (+)
Gizakiak eraldatutako ekosistema bat, berotze globalaren atakan
Aunitz euskal herritarrentzat, oporretara joateko tokia dira Gaskoiniako Landak (Okzitania). Duna luzez osatutako hondartzak, pinudi amaigabeak barnealderantz, eta herriak baino kanping gehiago ia. Hegoaldean Aturriko... (+)
Izokina Euskal Herrian: arrain eta ondare
Historia luzeko soka du izokinak Euskal Herrian. Istorio ugari sortu ditu, hasi Historiaurretik eta egun arte. Haren arrantzak garrantzia sozio-ekonomiko handia izan du, eta hala... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora