Asteroko buletina
Ilindi urte, gari urte

1.300 urtez, elkarrekin lurra landu eta bizi

Gaubea haranean, Tobillas herriaren alboan, Serna deitzen dioten nekazaritzarako lursail bat dago. Baina ez da baratze soil bat: historiak eta arkeologiak diote 1.300 urteko bizia duela eremu horrek. Herritarren langintza kolektibo baten emaitza izateaz gain, parada ematen du gizartean zeuden harreman konplexuak aztertzeko.


2024ko martxoaren 05a
Omecillo ibaiaren ondoko zereal-soro zabalari "serna" deitzen diote Tobillasen. Goi Erdi Arotik hasita, nekazaritzarako lur kolektibo horiek etengabe landu izan dira, goldatu eta ongarriak gehituta. Argazkia: Josu Narbarte

Gaubea harana Omecillo ibaiak zeharkatzen du, Arabako mendebaldean. Egun despopulatze larria jasaten ari den arren, Erdi Aroan dinamismo handiko eskualdea izan zen. IX. mende hasieran, Valpuestako elizbarrutia sortu zenean,  hainbat herrixka eraiki ziren bertan, bakoitza bere elizaren inguruan. Horien artean zegoen Tobillas, iragan aberatsa duen herria. 2021az geroztik, EHUko Ondare eta Paisaia Kulturalen ikerketa-taldea hango landa-paisaiaren historia aztertzen ari da, eta ondorioztatu ahal izan dute Tobillasko urbanizazio edo herri-sarea landa-komunitateen lan kolektiboari esker sortu zela.

Elizaren kontrola

Egun apenas entzungo dugu bere izenik albistegietan, baina Tobillas erreferentzia garrantzitsua izan da Euskal Herriko historiografian. San Roman elizaren inguruan Goi Erdi Aroko aztarna dokumentalak zein materialak kontserbatzen dira, eta horri esker xehetasun handiz berreraiki ahal izan da bere historia. Horretarako, badugu testu bitxi bat: Avitus izeneko abade baten IX. mendeko testamentua kontserbatzen da.

Tobillasko eliza eraiki omen zuen abadeak, eta beste hainbat ondasun ere eman zizkion. Eraikinean 939. urteko data daraman inskripzio epigrafiko bat zegoen –gaur egun Arabako Arkeologia Museoan dago irakurgai–, Bela presbiteroak agindutako berreraikuntza lanen urruneko oroigarria. Baina egungo eraikina XII. mendean berreraiki zuten arkitektura-molde erromanikoan.

San Roman elizan mantendu den eta 939. urteko data daraman inskripzio epigrafikoa; egun Arabako Arkeologia Museoan dago ikusgai. Argazkia: Arabako Arkeologia Museoa.

Halako eraikin monumental baten eraikuntza eta mantenua ez zegoen nornahiren esku: landako elite talde baten berri ematen digu. Kontuan hartu beharra dago Goi Erdi Aroan eliza gehienak jabetza pribatukoak zirela. Funtzio erlijiosoa betetzen zuten, baina haien eraikuntza eta mantenua tokiko noble-familien edo monasterioen ardura izaten zen. Horretarako, elizei mota guztietako jabetzak ematen zizkieten, eta horiek sortzen zituzten errentak bertan jasotzen ziren. Hala, elizen kontrola afera ekonomikoa eta politikoa ere bazen.

Lur berezi bat: Serna

Avitusen testamentuaren bidez jakin dezakegu Tobillasko San Roman elizako jabetzak zein ziren, eta horien artean serna izenekoak ziren garrantzitsuenak –hitz hori oso ohikoa da garaiko Araban eta Gaztelan, baina polisemikoa izan ohi da, eta bere esanahia ez da beti zehazten erraza–. Oro har, zerealgintzarako lurrak izendatzen dituela esan daiteke. Horietako asko, gainera, herritarrek modu kolektiboan lantzen zituzten, eta haien etekinen parte bat jaun feudal baten eskuetara joaten zen, sarri eliza pribatu bati ordaindutako errenta gisa. Beste hitz batzuetan: serna horien inguruan gorpuztu zituzten harremanak lurralde haietako Goi Erdi Aroko nekazari eta jauntxoek.

Ondorengo mendeetan, dokumentuetan behin eta berriz aipatzen da izen hori Tobillas herriari lotuta. 1129an, adibidez, Gaztelako Alfontso I.ak Oñako monasterioari Tobillasko eliza dohaintzan eman zionean, serna bat atxikita zeukala adierazi zuen. 1283an, aldiz, Oñako abadeak errentan eman zituen Tobillasen zituen serna-k. Gaur egun, hitza toponimo gisa fosilizatuta gelditu da eta Omecillo ibaiaren ondoko zereal-soro zabalari horrela deitzen diote bizilagunek.

Eremu horrek hamaika hektarea hartzen ditu eta bere perimetro osoa uholdeen aurkako dike zabal batek mugatzen du. Lurrez eginda dago, kanpoko aldean harrizko hormaz indartuta, eta hiru metroko altuera dauka ibaiaren mailaren gainetik. Beste aldetik, dike hori lerro-lerro landatutako zuhaitz-espezie jakin batzuekin egonkortuta dago: haltzak (Alnus glutinosa), intxaurrondoak (Juglans regia) eta hurritzak (Corylus avellana). Zuhaitzen sustraiek lurrari eusten diote, eta uholdeen higaduraren aurrean babesa eskaintzen dute. Elementu horietako batzuk oso zaharrak izan litezke, eta hainbat motzondo ere ikusten dira zenbait tokitan. Hortaz, pentsa dezakegu oso aspalditik datorren landaketa estrategiko bat dela. Bestetik, Sernaren mutur batean kanal txiki bat ere badago, inguruko mendietatik datozen urak bildu eta ibairantz ateratzeko.

Eliteek boterea galdu eta landa eremuan bizi zirenek protagonismoa hartzean, kolektiboki ekin zioten bizileku berriak sortzeari, paisaia eraldatu zuten, eta horrekin batera, euren identitatea

Lursail luzetan banaturik eta ibaiarekiko perpendikularrean antolatuta, gutxienez bi mugarri topa daitezke eremuaren perimetroko dikean txertatuta. Forma horrek Europako lurralde desberdinetan ezagunak diren open field sistemaren antza handia du: goldea aisa pasatu ahal izateko zerrenda estu eta luzeak.

Paisaiaren historia, lurzoruan idatzita

Argi dago, beraz, Tobillasko herritarrek kolektiboki sortutako, mantendutako eta landutako nekazaritzarako lurra dela Serna. Baina noiz gertatu zen hori guztia? Zein izan zen bere garrantzia herriaren sorrera prozesuan? Galdera horiei lurzoruetan egindako zundaketekin erantzun diezaiekegu: sedimentuen propietate fisiko-kimikoak aztertuta, gizakiek zein ingurumenak eragindako prozesuak berreraiki daitezke eta erradiokarbono bidez datatu.

Sernan 70 zentimetroko sakoneran kolore beltzeko sedimentuak agertzen zaizkigu, organikoki aberatsak. Zer esan nahi du horrek? Omecillo inguruko paisaia ez da beti horrelakoa izan. Holozenoaren hasieran, duela 10.000 urte ingurutik aurrera, giroa egun baino hezeagoa zen eta inguru hau etengabe urperatutako zingira bat zatekeen; horren lekuko dira sedimentu ilun horiek. Baina duela 5.500 urte inguru klima lehorragoa bihurtu zen, kareharriak higatzen hasi, eta ibaia arroan behera karbonatoz saturatutako sedimentuak garraiatzen hasi zen. Tufa gisa prezipitatu eta antzinako zingirak betetzean harea zurixkaz osatutako lautadak eratu zituzten. Baliteke horrek herriari bere izena eman izana: tufari toba ere esaten zaio gaztelaniaz.

Tobillas herriaren eta Sernaren aire irudia; nekazaritzarako eremua (horiz) dike zabal batek babesten du Omecillo ibaitik. Irudia: Josu Narbarte

Egoera berria, noski, egokiagoa zen gizakiak bertan ibiltzeko –ikerturiko aztarnategiei esker badakigu Protohistoriatik hala izan zela–. Baina benetako aldaketa Goi Erdi Aroan etorri zen, garai horretan egin baitziren uholde-lautada nekazaritzarako erabili ahal izateko aldaketa handienak. Dikearekin eta drainatze-kanalekin, Serna uholdeen eraginetik at gelditu zen eta maila freatikoa jaitsi zen; laborantzarako lurzoru lehor emankorra geratu zitzaien sari bezala. Erradiokarbono bidezko datazioek diote lan horiek VII. eta IX. mendeen artean egin zirela, hain justu herria sortu zen garaian. Ordutik, lurzoru horiek etengabe landu izan dira, goldatuta eta ongarriak gehituta.

Identitate kolektibo bat

Tobillas komunitate batek bere eguneroko praktikarekin sorturiko herria izan zen. Serna bezalako nekazaritzarako eremuak egokitzea eta kolektiboki lantzea zen helburua, eta horrek eman zion izaera. Eta hori guztia Goi Erdi Aroan gertatu izana ere ez da kasualitatea. Antzinate berantiarreko aldaketa sakonen ondotik, mendebaldeko Europan hiriek eta eliteek beren boterea galdu zuten eta landa eremuan bizi ziren komunitateek hartu zuten protagonismoa. Geroa segurtatzeko xedez, kolektiboki ekin zioten bizileku berriak sortzeari, paisaia eraldatu zuten, eta paisaiarekin batera, euren identitatea.

'Serna' horien inguruan gorpuztu zituzten euren harremanak Goi Erdi Aroko Tobillasko nekazariek

Errealitate horri gainjarri zitzaien, IX. mendetik aurrera nagusitu zen gizarte feudalaren botere-egitura berriak, Avitus abadeak nahiz Bela presbiterioak kasu honetan hain ondo irudikatzen dutena. Neurri handi batean, bi prozesu horiek –komunitateen ekintza kolektiboa eta desberdintasun sozialak areagotzeko joera– daude Tobillas zein beste herri askoren erroan, eta oraindik ere ezinbesteko osagaiak dira egungo gizartearen funtzionamendua ulertzeko.

Denboraren harrizko gurpila Iruñeko katedralean
"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa... (+)
Herri baten sorrera, eskalaz eskala
Zer da herri bat? Galdera horrek oso erantzun desberdinak izan ditzake alderdi materialari edo inmaterialari begiratuz gero: eraikin zein etxeei, edo komunitateari zein elkarbizitza arautzeko... (+)
Erdizko larreak arriskuan
Baztango paraje horretan egin nahi duten harrobiak hautsak harrotu ditu eskualdean. Egitasmoak ingurumenari eragingo liokeen kalteak larrituta, bizilagunek manifestazioa eginen dute urriaren 12an, Elizondon. Haatik,... (+)
Gizakiak eraldatutako ekosistema bat, berotze globalaren atakan
Aunitz euskal herritarrentzat, oporretara joateko tokia dira Gaskoiniako Landak (Okzitania). Duna luzez osatutako hondartzak, pinudi amaigabeak barnealderantz, eta herriak baino kanping gehiago ia. Hegoaldean Aturriko... (+)
Izokina Euskal Herrian: arrain eta ondare
Historia luzeko soka du izokinak Euskal Herrian. Istorio ugari sortu ditu, hasi Historiaurretik eta egun arte. Haren arrantzak garrantzia sozio-ekonomiko handia izan du, eta hala... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora