Asteroko buletina
Ardia zintzarri jole barrenean, atarian elurra biharamunean

Herri baten sorrera, eskalaz eskala

Zer da herri bat? Galdera horrek oso erantzun desberdinak izan ditzake alderdi materialari edo inmaterialari begiratuz gero: eraikin zein etxeei, edo komunitateari zein elkarbizitza arautzeko moduari. Baina herriek ingurumenari eta lanari estuki loturiko iragan bat dute, eta Baztan ibarreko Ziga dugu horren adibide garbi bat, mende luzetan nekazaritzarako sorturiko terrazen edo xunden historiari erreparatzea besterik ez dago.


2024ko irailaren 18a
Zigako terrazek mendiaren formari egokitutako zerrenda luzeak osatzen dituzte, harri lehorreko horma sendoz indartuta. Herritarrek xunda deitzen diete. Argazkia: Aritz Díez Oronoz

Aspalditik, historialariak eta arkeologoak ohartuta daude Europako gizartea eta paisaia artikulatzen duen elementu nagusia herriak direla, identitate kolektiboa duten eta lurralde bati erroturik dauden giza komunitateak diren heinean. Eredu hori Erdi Arotik datorkigu eta, ñabardurak ñabardura —aristokrazia feudalek, Elizak eta Estatuak ezarritako botere-harreman bertikalak, kasu—, XIX. mendeko Industria Iraultzara arte nagusitu zen.

Baina zergatik sortu ziren herriak toki jakin batzuetan eta ez besteetan? Zerk azaltzen du haien banaketa espaziala eta inguruko lurraldearekin duten harremana? Nola baldintzatu ditu ingurumenak eta klimak? Eta nola egokitu dira herritarrak baldintza horietara? Galdera horiek bizi-bizi daude ikerlarien artean, baina,  gainera, berebiziko garrantzia hartu dute egungo krisi klimatikoaren testuinguruan. Zentzu horretan, Aranzadi Zientzia Elkartearen Baztango Paisaia arras bizia egitasmoak emaitza interesgarriak eman ditu.

Baztan, hiru eskalatan

Izen bereko ibaiaren inguruan antolatuta, eta Aldudeko mendiez inguratuta, hamabost herri ditu Baztanek. Bere “geografia soziala” hiru eskalatan antolatu izan da Erdi Aroaz geroztik. Lehen mailan etxeak zeuden. Mendetan oinarrizko auzotasun-subjektu izan ziren eta batzarretan parte hartzeko zein herri-lurretako baliabideak ustiatzeko eskubidea zuten. Haien garrantziaren lekuko dira belaunaldiz belaunaldi transmititutako etxeen izenak eta irauteko pentsatuta eraiki ziren arkitektura ederrak. Ibarreko hainbat etxek XV. mendeko elementuak mantentzen dituzte, gehienak XVII. eta XVIII. mendeetako loraldi ekonomikoan berritu baziren ere.

Bere izenak basoz estalita zegoela adierazi arren, VI. mende inguruan baso horiei su eman eta nekazaritza-paisaia egonkorra sortu zuten zigatarrek

Bigarren mailan herriak aurkitzen dira. “Auzotasun-eskubidea” zuten etxe multzo gisa defini daitezke –batzarre-aren inguruan antolatuta–. Elizak, hilerriak, plazak... dira identitate kolektibo horren isla, baina etxeak sakabanatuta ere egon daitezke. Herri horien lehen aipamenak XIII. mende inguruan hasten dira agertzen dokumentuetan, nahiz eta haien jatorria zaharragoa den ziur aski.

Azkenik, hirugarren mailan ibarra bera dago, herri guztien batura. Hark du benetako komunitate politiko baten izaera. Antzinatik, hainbat gai zibil eta ekonomiko arautzeko gaitasun juridikoa izan du, horien artean herri-lurren kudeaketa. Baztanen, gaur egun, ibarraren %84 herri-lurrak dira, baina antzina %99 izatera iritsi ziren. Oihan eta bazkalekuen jabetza kolektiboa 1441. urtean aitortu zion Nafarroako Kontuen Ganberak Baztani, Koroarekin zerga batzuen inguruan izandako auzi baten ondoren.Baina nola sortu zen lurralde-antolamendu berezi hori? Zer lotura du natur baliabideen ustiapen kolektiboarekin? Nolako bilakaera izan du? Ziga herriaren kasuak emango dizkigu pista batzuk.

Zigako lur estalduren bilakaera: A) Landaretza potentziala. B) Egungo landaretza. C) 1927ko aire-argazkia. D) 2008ko aire-argazkia. Irudiak: IDENA / Josu Narbarte

Ziga, herri bat lupa azpian

Ibarreko herri ttipienen artean dago Ziga –2023an 134 biztanle zituen, 2019an baino 50 gutxiago– eta Belateko lepora doan bidean kokatzen da, ikuspegi ezin hobea duen gain batean. Toponimoa zihi ‘harizti’ hitzak eta -aga ugaritasun-atzizkiak osatzen dute, eta horixe litzateke bertako landaretza potentziala. Hala ere, baso azalera oso txikia da gaur egun, hainbat mendeko giza jardueraren ondorioz.

Zigaren aipamen zaharrenak Erdi Arotik datoz, baina XVI. mendetik aurrera asko ugaritzen dira. Besteak beste, herritarrek Egozkueko jaunaren aurka hasitako auzibide bat kontserbatzen da, herri-lurrak pribatizatzen saiatu zelako.

Nafarroako Errege Artxibo Nagusian hainbat errolda edo su-liburu ere badaude; une bakoitzean herrian zeuden etxeen izena eta kokapena jasotzen dituzte –batzuetan, baita bizilagunen izenak ere–. Etxe horietako asko zutik daude oraindik eta, horri esker, herriaren bilakaera xehetasun handiz berreraiki daiteke.

Etxe kopurua etengabe hazi zen, XVII. mendean bereziki. Gainera, arkitektura nabarmen berritu zen: egun ikus ditzakegun zurezko bilbe-egiturak eta harrizko hormak garai hartakoak dira. XIX. mendean, berriz, herri inguruan sakabanatuta zeuden ardi-bordak baserri bihurtzeko joera indartu zen.

Paisaia ez da zera aldagaitza, mendeetan elkarren ondotik lurra landu duten landa-komunitateen lanaren emaitza baizik

Baina etxeez gain, Zigako paisaian arreta ematen duen beste elementu garrantzitsu bat ere badago: mendi magaletan eraikitako terraza-sistema handia. Terrazek 20 hektarea inguruko hedadura hartzen dute eta ia 70 metroko desnibela gainditzen dute. Herritarrek xunda deitzen diete. Nekazaritzarako sail lauagoak lortzeko eraiki ziren, eta gaur egun belaiak eta baratzeak hartzen badituzte ere, berriki arte arto-landa gisa erabili izan dira.

Aranzadik zundaketa geo-arkeologikoak egin ditu eta bere formazioan eragin duten giza- eta ingurumen-faktoreak identifikatu ahal izan ditugu, hango nekazaritzaren historia berreraikitzeko. Emaitzak harrigarriak izan dira.

Lurra, denbora eta lana

Zigako terrazen historia ulertzeko, ezinbestekoa da geologiari ere begiratzea. Inguru osoa Leitzako failak zeharkatzen du, eta horrek hainbat arrokaz osatutako mélange edo nahasketa geologikoa eratu zuen: buztin triasiko metamorfizatuak, ofitak, marmol jurasikoak, mantuko lherzolitak, peridotitak.... Klima hezeari esker, lurzoru sakonak eta aberatsak eman dituzte, eta lur emankor hori ustiatzeko sortu zuten herria.

Bere izenagatik pentsa dezakegun arren basoz estalita zegoela, ikerketak erakutsi du VI. mende inguruan baso horiei su eman eta haien tokian nekazaritza-paisaia egonkor bat sortu zutela zigatarrek, terrazak eraikita.

Datazio hori bat dator Europa osoan gertatzen ari zen mugimendu batekin. Erromatar inperioa erori ondoren, hainbat tokitan landa-komunitate berriak sortu ziren era autonomo samarrean. Komunitate horiek herri gisa instituzionalizatzen joan ziren VI. eta VIII. mendeen artean, eta prozesu horietan funtsezkoa izan zen lurraldearen eta baliabideen gaineko kontrol kolektiboa lortzea. Euskal Herrian, antzeko kasuak ikusi ditugu Aizarnan eta Akoan (Gipuzkoa) nahiz Tobillasen (Araba).

Zigako terrazetan betelanak egin ziren etengabe lurzoruen kalitatea bermatzeko – karea eta ongarriak gehituta–. Lurrazaletik gertuagoko geruzetan bereziki nabarmena da prozesu hori, eta iradokitzen digu nekazaritza gero eta intentsiboagoa bilakatu zela, hain justu etxe kopurua emendatu eta arkitektura eredua berritu zen garaian.

Zigan ikusitakoak badu zerikusirik Euskal Herriko isurialde atlantiarreko bilakaera  ekonomikoarekin. Itsas-merkaritza transatlantikoak eta, bereziki, artoa bezalako labore amerikarren sarrerak iraultza eragin zuten nekazaritzan, eta horrek hazkunde demografiko eta ekonomiko handia ekarri zuen. Hala, une horretan finkatu zen gaur egun "tradizional" deitzen dugun baserriko bizimodua, askoz ere erro zaharragoak zituen paisaia baten gainean.

Zigako kasuak erakusten du herrien sorreran eta bilakaeran nolako eragina izan duten ingurumenari loturiko faktoreek, lurzoruak eta klimak kasu. Paisaia ez da zera aldagaitza, mendeetan elkarren ondotik lurra landu duten landa-komunitateen lanaren emaitza baizik. Izaera horrek ematen dio, hain zuzen ere, bere ondare-balioa: bizirik dagoen ondarea, denboraren joanean giza- eta ingurumen-aldaketen aurrean egokitzeko gaitasuna eguneroko praktika ttipietan datzala erakusten diguna.

Denboraren harrizko gurpila Iruñeko katedralean
"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa... (+)
1.300 urtez, elkarrekin lurra landu eta bizi
Gaubea haranean, Tobillas herriaren alboan, Serna deitzen dioten nekazaritzarako lursail bat dago. Baina ez da baratze soil bat: historiak eta arkeologiak diote 1.300 urteko bizia... (+)
Erdizko larreak arriskuan
Baztango paraje horretan egin nahi duten harrobiak hautsak harrotu ditu eskualdean. Egitasmoak ingurumenari eragingo liokeen kalteak larrituta, bizilagunek manifestazioa eginen dute urriaren 12an, Elizondon. Haatik,... (+)
Gizakiak eraldatutako ekosistema bat, berotze globalaren atakan
Aunitz euskal herritarrentzat, oporretara joateko tokia dira Gaskoiniako Landak (Okzitania). Duna luzez osatutako hondartzak, pinudi amaigabeak barnealderantz, eta herriak baino kanping gehiago ia. Hegoaldean Aturriko... (+)
Izokina Euskal Herrian: arrain eta ondare
Historia luzeko soka du izokinak Euskal Herrian. Istorio ugari sortu ditu, hasi Historiaurretik eta egun arte. Haren arrantzak garrantzia sozio-ekonomiko handia izan du, eta hala... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora