Asteroko buletina
Ongarri onena baratzezainaren itzala da.

Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko alternatiba bihurturik. Enpresa pribatua GKN For Future kooperatiba bihurtu dute eta autoetarako piezen ekoizpena alde batera utzirik, karrodun txirrindulak eta mineralik gabeko panela fotovoltaikoak ekoizteko xedearekin dabiltza. Trantsizio ekologikoaren iparrorratza esku artean eramandako langile borroka dugu Campi Bisenziokoa.


2024ko martxoaren 22a
Ilusioz eta nekeziaz beterikoa den borroka luzea eramaten dabiltza GKN fabrikako langile ohiak. Borroken arteko konbergentzia eta inguruaren elkartasuna dituzte aitzina egiteko indar iturri. Argazkia: Michele Lapini

Florentzia ondoko Campi Bisenzioko GKN lantegiaren deslokalizazioaren eta bertako 422 langileen kanporatzearen abisua zekarren 2021eko uztailaren 9ko gutuna bidaltzerakoan, ez zukeen horrelako erantzunik irudikatuko Melrose Industrie jabeak. Inbertsio fondo britainiar horrek 9.500 milioi euroren truke eskuratu zuen GKN taldea 2018an, eta hortik gutxira abiatu zituen Europako hainbat lantegiren deslokalizazioak. Mina indar bihurtu eta norabidea markatu zuten gutunaren biharamuneko lehen asanbladan: "Negarretan gaude, milaka istorio humano dauzkagu kontatzeko, baina ez da gaurko gaia. Ez gara etxera itzuli beharrean diren langile behartsuak. Duintasuna gara, harrotasuna eta erresistentzia. Mesede egin eta lotu zaitezte borrokara. Oldartu gaitezen".

Lantegian gelditzea erabaki eta okupazioari lotu zitzaizkion berehala, eta orduz geroztik bertan segitzen dute, gauez zein egunez. Collettivo di Fabbrica –Lantegiko Kolektiboa– taldea dabil borroka aitzina eramaten, ingurukoen babesa eta elkartasuna ezinbesteko indar emaile dutela: makinen errekuperazioa blokeatzeko xedez, garraioan dabiltzan nazioarteko kamioiei herrira sartzeko debekua jartzen dien ordenantza izenpetu zuen 2021eko udan Campi Bisenzioko Herriko Etxeak; deslokalizazioak mugatzeko legedi berri bat idazten aritu zen jurista militante talde bat; milaka lagun batzen dira antolaturiko manifestazioetan; herritarren partetik 170.000 euroko diru ekarpena jaso dute, eta abar.

2021eko irailean, Justiziak arrazoia eman eta kanporaketak ezeztatu zituen. Hortik hiru hilabetera Francesco Borgomeo enpresaburu ezagunak lantokia erosi izanak ez zuen, ordea, langileen egoera konpondu: aktibitate ekonomikorik ez zen berriz abiatu, eta soldatak ere ez zitzaizkien gehiago iristen. Collettivo di Fabbricak antolaturik segitu zuen eta 2023ko uztailean ekintza burutu zuten, desesperazioz eta determinazioz, Florentziako San Niccolo dorrean, ondoko mezua entzunarazteko: "Gurea ez da hemen hasten, bi urteko borrokaren eta soldatarik gabeko zortzi hilabeteen ondorioz heldu gara honaino. Sistemaren parte direnek diote zeozer egiteko indar gabean direla, baina errealitatean, daukaten konplizitatea ezkutatzen dabiltza. Gure borroka beste modu batzuetara antolatzen segituko dugu, ideia berriak proposatu eta gure oinarrizko eskubideak errespetarazita".  

Italiako itzulia burutu zuten borroka zabaltzeko asmoz: "Gure borroka kolektiboa da, beste lantegietara joan gara, LGTBQI+ kolektiboengana hurbildu gara, baita ekologistez ala besteez ere". Eskuin muturraren aurka iazko abenduaren 3an Florentzian egindako manifestazioan zein hilabete batzuk lehenago Bolonian egindako Fridays For Future klimaren aldeko topaketetan, borroka esparruen arteko aliantzak etenik gabe garatzen dabiltza.

Hori dugu seguruenik Collettivo di Fabbricaren berezitasun azpimagarriena. Funtsean, borroken konbergentzia horretatik loratu da lantegiaren geroa: lana berriz hartzekotan, benetako trantsizio ekologikoan txertaturiko ekoizpen bat bermatzeko izatea erabaki zuten. Ordura arte autoentzako piezak ekoizten zebiltzanak hausnarrean hasi eta bi produktu identifikatu zituzten: banaketak egiteko karrodun txirrindulak eta mineralik gabeko plaka fotovoltaikoak. Zehazkiago, litiorik, siliziorik eta kobaltorik gabeko panelak ekoizteko jakintza patentatu berri du SemperAmpere enpresa italiar-alemandarrak. GFF –GKN For Future– kooperatiba sortu eta ekoizpenaren antolaketaren eta langileen formakuntzaren fasean sartuak dira.

Trantsizio ekologikoaren erronka bere eginda

"Fabrika batera zoazelarik ez dizute galdatzen zer ekoiztu, baina hautatzeko aukera emanez gero, produktu ekologiko baterantz hurbildu zaitezke, estraktibismoan, erregai fosiletan edota armetan oinarriturik ez den ekoizpen baterantz. Klimaren aldeko mugimenduarekilako konbergentzia ezinbestekoa ukan dugu kolektiboko langileen sentsibilizaziorako", dio Massimo Barbetti langileak.

Lesmondesdutravail webguneko Ce que nous enseigne la lutte pour une reconversion industrielle durable de l’usine GKN en Italie (Italiako GKN lantegiaren aldaketa industrial iraunkorraren aldeko borrokaren irakaspenak) erreportajea interesgarria da borroka horren berezitasunei begiratzeko orduan. Hain zuzen, ohituegiak gara industriaren sektoreko langileak eta ekologistak parez pare jartzen, elkarren aurka doazen proiektuak balituzte bezala. Izan daiteke, baina beti ez da, eta Collettivo di Fabbricakoen adibidea dugu horren froga. Aditu eta arituz osaturiko komite zientifiko bat eta langileen kolektiboa aritu ziren birbideratze industrial horren diseinatzen.

Artikuluan irakurri daitekeenez, langileria zentroan ematean da apurtzailea prozesua. Hasteko, gogoetaren eta erabakien oinarrian kokatzen dutelako langileria, eta gainera, langile-jakintza eta jakintza zientifikoa hein berean jartzen dituztelako –"langile-jakintza argira ekartzea, ikasgela batetik edota mundutik bereiziriko laboratorio batetik etorri beharrean, eguneroko esperientziatik datorren jakintzan oinarritzeak ematen digu aukera denbora luzez baztertu diren ezagutzen eta sistemen arteko harremanak birpentsatzeko; behingoan paradigma tekniko-zientifiko produktibo baten mesedetan aritzeari eta etekinaren logikan oinarritzeari utziz"–. Langile ikuspegiari txertatzen diote trantsizio ekologikoarena: langileen babesa eta ingurumenarena hein berean kokatzen dituzte, eta ekoizpena behar sozialaren arabera finkatzen dute –"soilik interes kolektiboaren arabera ekoiztuz tratatu dezakegu ingurumena modu iraunkorrean, ez da gugandik kanpo dagoen kategoria abstraktu gisa kokatzen, baizik eta eguneroko bizitza garatzeko testuinguru material gisa"–. Ikuspegi dekoloniala ere nabarmentzekoa dute: beraiena ekoizteko Hegoalde Globaleko herrialdeak bipiltzeko eta izorratzeko joera neokolonialista baztertu nahi izan dute.

Lanik eta soldatarik gabe pasatako tarte luze horretan, batzuk abentura utzi behar izan dute, pobreziak horretara beharturik, eta gaur egun 150 bat dira ekoizpen berriari lotzeko aukerarekin. Aitzina doaz, botere publikoak interpelatuz eta herritarren diru ekarpenak jasoz. Badakite aintzindari izan daitezkeela, oinarritzat hartu dugun artikuluan irakurri daitekeenari segi, ondokoa gauzatzen dabiltzalako: "Enpresa handi baten berreskurapena, autogestio amets bat eta 'kapitalismo berdearekin' erabateko kontraste eta oposizioan dagoen ekoizpenaren birdefinizioa".

Komun idorrak instalatu dituzte Hendaiako San Bixente ikastetxean, trantsizio ekologikoaren izenean
Hendaiako ikastetxean komun klasikoak kendu eta komun idorrak eraiki zituzten martxoan. Ikuspegi ekologikoari tiraka, egitasmo orokorrago baten barne dute aldaketa: hondarrak jangelako konpostari gehitu eta... (+)
Txorien migrazioa: enigma eder baina mehatxatu hori...
Txorien migrazioen mapak argi uzten digu hegazti migratzaileentzat pasabide interesgarri eta aberatsa dela Euskal Herria. 350 bat hegazti espezie zenbatzen ditugu negurako kanpora doazenen zein... (+)
Espainiako Estatuko makro-etxalde handiena litzatekeen proiektuari moratoria jarri diote Mallorcan
750.000 oilo izanen lituzke Sineu herrian eraikitzekoa duten Son Vanrell izeneko makro-etxaldeak. Ekologikoki kalte handiak eraginen lituzke: amoniako gehien isuriko lukeen Espainiako Estatuko hazkuntza-zentro handiena... (+)
Lapurdi zeharkatzekoa duen AHT proiektuaren aurka mobilizatzeko deia luzatu dute
Lapurdi zeharkatuko lukeen AHT egitasmoa aitzina doala salatu du ingurumenaren alde dabiltzan elkarteen artean osaturiko CADE kolektiboak. Urriaren 12 eta 13rako jarri du hitzordua, Gironda... (+)
Marieneko lurren aldeko hiru atxilotuak aske utzi dituzte, baina otsailean epaituko dituzte
 Apirilean Kanboko Herriko Etxean sartu eta han egindako protestekin lotuta hiru lapurtar atxilotu ditu asteazkenean Frantziako Poliziak. Aske geratu badira ere, otsailean epaituko dituzte. Herriko... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora