Asteroko buletina
Zer da belar txar bat? Onurak ezagutzen ez dizkiogun landarea.

Opari ederra Bruselak transgeniko ekoizleei: bukatu dira orain arteko kontrolak

Agroindustriaren alde doan erabaki garrantzitsua hartu zuen Europako Batzordeak otsailaren 7an: NBT New Breeding Techniques teknikaren bidez genetika moldaturik duten haziak ez ditu transgeniko gisa sailkatuko. Hori horrela, transgenikoei orain arte egindako kontrol, segipen eta betebeharrak ez zaizkie bideratuko. Azkenean, hazien pribatizazioaren bidezko biziaren gaineko kontrola helburu duten multinazionalei egindako opari ederra dugu hor. GEO Genetikoki Eraldatutako Organismoek ia 30 urte betetzekoak dituztela, sustatzaileek hitz emandakoari begira jarri gara, bilan ttipi bat egiteko asmoz.


2024ko martxoaren 06a
NBT New Breeding Techniques teknikaren bidez moldaturiko geneak transgenikoak direla azaltzen dabiltza Greenpeace bezalako Gobernuz Kanpoko Erakundeak. Greenpeace

GMO edo GEO (Genetikoki Eraldatutako Organismoa) izendatu beharrean NBT edo TGB (Teknika Genomiko Berria) izena jarri, oinarrian metaturiko fama txarrez bereizteko eta aitzina. Funtzionatzen du jukutriak: Europako Batzordeak otsailaren 7an onartu zuen orain artean transgenikoei jarritako debeku eta betebeharrak TGBei ez bideratzea. 307k bozkatu zuten horren alde, 236k kontra eta 41 abstenitu ziren. "Historikotzat" jo du bozketa txostengile Jessica Polfjärdek: "Hamarkadatako blokeoa eta gero, azkenean, zientziaren, elikagai-segurtasunaren eta europar laborarien sostengatzearen alde bozkatu du Parlamentuak".

Zientziaren esparruan bideraturiko transgenikoen gai konplexua jendarteratzea lortu baldin bazen ere –azkenean, gure plateretan bukatzen dutelako–, badirudi TGBak urrun gelditzen zaizkigula. "GEO berria" izendapena jartzen diete hainbat zientzialarik, hain justu, bien artean dagoen lotura zuzenaz ohartarazteko. Ekoizleek eta aldekoek diote, ordea, teknika ezberdina bideratzen dietenez ez direla transgenikoak: GEOetan kanpoko gene bat gehitzen bazaio organismoari, TGBetan ezer gehitu gabe, organismoaren genetika dute moldatzen. DNA mozteko, desaktibatzeko edota moldatzeko balio duen CRISPR CAS 9 izeneko tresnari esker lortu daiteke esku-sartze hori. Horrela lortu ditzakete gluten gutiko garia, idorteari aurre egin dezakeen artoa edota birus zehatz batzuei erresistente diren tomateak. Aldekoen hitzetan, laborantzak "beharrezkoak" dituen aitzinamenduak dira teknika horren bidez lorturiko haziak: "Nekazaritza iraunkorragoa, lehiakorragoa eta muturreko baldintza meteorologikoen aurrean indartsuagoa dugu hor, gainera, pestizida eta ongailu gutiagorekin", Polfjärden hitzetan.

Mundu mailako hazien komertzializazioaren %60 lau konpainien esku da
–Bayer,  Syngenta, Corteva, BASF– eta horiek ere dute intsektiziden eta herbiziden merkatuaren %70a

Aurkakoek, ordea, arrisku andana ikusten dizkiote Europako Batzordearen bozketari. Hasteko, transgeniko gisa ez sailkatzeak erran nahi duelako transgenikoei bideratu segipen zientifikoak ez direla eginen, eta gainera, ez dugula jakinen zein elikagaietan diren, trazabilitatea ez dutelako beharturik. Ingurumen- eta osasun-segurtasunaren alorrean "atzerapauso handia" da Greenpeacen arabera. TGBak transgeniko gisa ez definitzearen aurka kokatu da Frantziako ANSES Elikagaien, Ingurumenaren eta Lanaren Osasun Segurtasunerako Agentzia ere, hain justu, sailkapen hori "zientifikoki ez delako justifikatua".

Gainera, ez da argi zer nolako bilakaera ukanen duten gerorako zabalpen naturalean. Erleen polinizazio zein haize bidezko hedapena, ezinkontrolatuzkoa da  polenaren bidaia, eta beraz TGBen barreiatzea. Ikusirik, trazabilitatea ez zaiela bideratuko, guhaurk jakin gabe erabiliko dira aire librean –hori, GEOekin ez da horrela–. Ekoizpen ekologikoan dabiltzan laborarien kezka nagusia izan da betidanik hori, eta TGBekin hor segitzen du arriskuak. "Egun tristea da [Europako Batzordearen bozketarena] laborarientzat eta naturarentzat", eurodiputatu ekologista Benoît Biteauren arabera.

GEO-ek kasik 30 urte: zer nolako bilana?

Lehen transgenikoak 1996an merkaturatu zirenetik zer nolako bilana egin dezakegu? Mundu mailan landuriko lurren %10 transgenikoekin da, eta erabat ezberdina da herri batetik bestera banaketa: AEBetan, Kanadan, Indian, Argentinan eta Brasilen dira %90. Lau landarek dute kasik monopolioa: soja (%52), artoa (%30), kotoia (%13) eta koltza (%5) eta gero datoz, kopuru ttipian luzerna, beterraba edota bestelako fruitu zein barazki batzuk. Europari dagokionez, bakarra da ekoizten: Monsantok (gaur egungo Bayer-ek) sortu zuen MON810 artoa –2010ean Amflora lursagarrak ere jaso zuen ekoizpenerako baimena, baina 2013an galdu zuen, komertzialki ez zelako interesgarria eta Europako Batzordeak ez zuelako baimenerako bide administratiboa behar bezala bete–. Bost herritan kausitu dezakegu, baina %95 Espainiako Estatuan eta Portugalen dira. Alemaniak, Austriak, Luxenburgok, Hungariak, Greziak, Bulgariak, Poloniak eta Frantziako Estatuak debekaturik dute ekoizpena. Haatik, inportatu dezakete eta gaur egun 70 GEO mota daude komertzializaturik gizakien edota animalien janarentzat. Trazabilitateari dagokionez, transgenikoz osatua izanez gero etiketan jarri beharra dute ekoizleek, baina, transgenikoak janez hazitako animalien okelaren, arrautzen edota esnekiaren kasuan ez dute ezertan zehaztu beharrik.

Agrokimikaren oligopoloa

Mundu mailako goseteari aurre egiteko bidea izanen zela hitz eman baziguten ere, horrelakorik ez da gertatu. Are okerrago, laborarien burujabetza ahuldu egin dute eta horrek pobreziarekin errimatu dezake Hegoalde Globaleko herri txiroetan. Hain zuzen, patentaturiko haziak urtero arra-erosi behar izaten dituztelako, multinazionalen menpe bihurtuz.

Osasunari eta ingurumenari dagokionez, transgenikoen eragina ez da argi. Kalteak frogatzen dituzten ikerketa zientifikoak baldin badira, aldrebes, beste batzuek arrisku-ezaz ohartarazten dute. Arazoa da interes-aurkakotasuna kausitzen dugula ikerketa frankotan: Frantziako INRA Institutuak 2016ko abenduan Plos One komunikabidean plazaraturiko ikerketari segi, interes-aurkakotasuna zegoen azterturiko 672 lan zientifikoen %40an. Transgeniko ekoizleek hein batean edo osoki diruztaturiko ikerketak dira, edota zuzenean agroindustrial horiek bideraturiko ikerketak dira.

Funtsean, iazko irailaren 29an Corporate Europe Observatory GKEak argitaraturiko txosten berri batek berretsi egin zuen neutraltasun-ezaren presentzia TBG edo "GEO berriei" dagokionez. Aldeko adierazpenak biderkatu dituzten hiru erakunde zientifiko nagusiak –European Plant Science Organisation (EPSO), All European Academies (ALLEA) eta European Substainable Agriculture Through Genome Editing (EU-SAGE)– ikerturik, Bayer/Monsanto, BASF, Corteva edota Syngenta transgeniko ekoizle nagusiekin lotura zuzenak dituztela argiratu dute. Demagun, EPSOren baitan nekazaritza teknikei buruz dabiltzan kideen %64 eta EU-SAGEko %32 dira transgenikoen komertzializazioaren esparruan sartuak, eta EPSOko %38ak eta EU-SAGEko %23ak dute transgenikoen gaineko patenteekin lotura.

TGBak transgeniko bezala ez sailkatzeak erran nahi du transgenikoei bideratu segipen zientifikoak ez direla eginen, eta gainera, ez dugula jakinen non diren, trazabilitatea ez dutelako beharturik

Azkenik, transgenikoek pestiziden gutitzea ekarriko zutela zioten, baina horrelakorik ez da gertatu. Laborantzari dagokionez bi transgeniko mota gailentzen dira: edo, herbiziden parean eusteko molekula gehitzen zaio landareari, edo, zuzenean molekula intsektizida bat sartzen zaio intsektu suntsitzaileak hiltzeko. Baina, Monsanto/Bayer berak aitortu behar izan zuen transgenikoei egokitu zaizkiela intsektu eta "belar tzarrak". Pestiziden zein intsektiziden erabilpenaren gutitzea ez da beraz gertatu, eta alderantziz, emendatu ere da guneka. Ondorioz, ondokoa dio OGM: Quel bilan? (GEO: zein balorapen?) artikuluan Mathilde Soretek: "Ingurumenarentzat eta osasunarentzat GEOek duten kaltegarritasuna ezerk ez badigu frogatzen ere, pestizida batzuen arrisku kantzerigenoa, ordea, argia da eta ez da gehiago frogatzekoa".

Patentea, bizia pribatizatzeko

Hazien patentatzeak ondorioztaturiko bizidunaren pribatizazioa dugu kalteen artean, eta funtsean, oinarrian hori dute helburu multinazionalek. Gaur egun, mundu mailako hazien komertzializazioaren %60 lau konpainien esku da –Bayer/Monsanto, Syngenta, Corteva eta BASF– eta horiek ere dute intsektiziden eta herbiziden merkatuaren %70a.

Europako Batzordeak baldin badio TGBak transgeniko sailkatzeak trabak gehituko lizkiokela munduko elikagai-segurtasuna lortzeko bideari, nabarmendu beharra dago hazi guztiak multinazional bakar batzuen esku gelditzeak dakarrela benetako arriskua. "Landare TGBen patentatzearen" aurka agertu bada ere Brusela, jakin behar da arazoa ez duela gutitzen, TGB tekniken patentatzea, ordea, ez duelako errefusatu. Hori horrela, biziaren gaineko kontrola areagotu besterik ez zaigu eginen, eta instituzioen eta herritarren gainbegiradarik gabe, gainera.

Etorkizun bizigarriei buruzko literatura lehiaketaren sari banaketa eginen du ostiralean Sukar Horiak
Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk. (+)
Berotegi-efektuko gas emisioen %8,8 eragiten du turismoak, eta isurketek gorantza segitzen dute
Azken hamar urteetan turismoak eragindako CO2 isurketen emendioa ekonomia orokorrarena baino bi aldiz handiagoa izan da. Nature Communications aldizkari zientifikoak abenduaren 10ean plazaratu ikerketaren emaitzak dira. (+)
Plastiko kutsadura mugatzeko negoziaketen azken fasea abiatu du NBEk
Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen... (+)
"Egungo elikadura- eta nekazaritza-sistemek ez gaituzte autonomo bihurtzen"
Laborantza iraunkor eta herrikoiaren hitzordua den Lurrama azokan izanen da Karine Jacquemart, Frantziako Foodwatch elkarteko zuzendaria. Elikadura-eskubidea herritar orori bermatzeko helburuari tiraka, hainbat ekintza bideratzen... (+)
Komun idorrak instalatu dituzte Hendaiako San Bixente ikastetxean, trantsizio ekologikoaren izenean
Hendaiako ikastetxean komun klasikoak kendu eta komun idorrak eraiki zituzten martxoan. Ikuspegi ekologikoari tiraka, egitasmo orokorrago baten barne dute aldaketa: hondarrak jangelako konpostari gehitu eta... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora