Asteroko buletina
Sasoi guztietan behatzaile izaten saiatu. Baratzeak zuri erakusteko zerbait berria eta zoragarria du egunero

Mendiaren kulturari eusteko sokak, tenkaturik

Euskal Mendizale Federazioak 100 urte beteko ditu datorren maiatzaren 18an. 1924an sortua, mendeurrenak bide eman digu mendizaletasunak izan duen eboluzioaz eta aurrera begirako erronkez aritzeko. Sekula baino jende gehiago dabil geurean mendian, eta aldatzen ari da hura ulertzeko modua, gizarteak izan duen eboluzioari helduta.


2024ko otsailaren 27a
Mendi taldeek bultzatuta sortu zen 1924an Federazioa. Mendiaren “kulturaren” transmisore nagusietakoak, garai berrietara egokitzea dute erronka. Argazkian, Zumarraga-Urretxuko Ostadar elkarteko mendizaleak, 1984an. / JOSE LUIS ZALDUA

Euskal Mendizale Federazioa, ofizialki Federación Vasco-Navarra de Alpinismo, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako mendi elkarteetako kideek bultzatuta sortu zen 1924ko maiatzaren 18an. Elgetan egin zuen fundazio-ekitaldia; gerora Mendizaleen Plaza deitu zitzaionaren pareko etxean gertaera hura gogoratzen duen plaka txikia dago, iraganaren lekuko den beste baten alboan: Gudarien bidea.

XX. mendean sartzearekin hasi ziren loratzen mendi elkarteak, kirol edota aisiari lotutako beste hainbat jarduerarekin gertatu zen moduan, hein handi batean posizio sozial oneko gizonezkoen eskutik. Euskal mendizaletasunaren historiaz hitz egiten denean, ordea, abiapuntua Etiopian kokatzen du hainbatek, 1848an Anton Abadia euskaltzaleak Buahit mendia (4.437 metro) igo zuenekoa azterlan kartografikoak egiteko. Beste data bat ematearren, 1914a ere sarri antzean aipatzen da, ingurumari horretan lehiaketa antolatu zutelako zenbait mendizalek –hamabost tontor igotzea zuten erronka–, eta orduan ipini zelako lehenbiziko postontzia, Anboton, mendizaleen lorpenen testigu.

Ordura arte beharrarekin zuen lotura mendiak, lanarekin, abeltzaintza eta laborantzarekin, ehizarekin. Elkarteak eta Federazioa sortuta, hasi ziren zabaltzen mendira hurbiltzeko bestelako moduak, moda bihurtzeraino. Bidean, mendizaletasunak galdu ditu berezkoak zituen osagai batzuk, eta berriak irabazi.

“Arrigorriagako Padura mendi taldeko bazkidea nintzela, 14 urterekin, materialaren arduradun izendatu ninduten, bazkideek alokatzen zituzten kranpoi, piolet eta gainerakoen kontrola eramaten nuen. Gaur egun, ordea, norberak du bere materiala, Internetera konektaturik gaude...”. Mintzo dena Zigor Egia da, 2021eko martxoaz geroztik Euskal Mendi Federazioko presidentea. Iñaki Garai –Federazioko zuzendari teknikoa– ere agertu da Amurrion lotu dugun hitzordura. Mendi taldeek egiten duten, edo zuten, transmisio lanaz aritu zaizkigu, erreleborik ez izateak ekar ditzakeen ondorioez, garai bateko liburu eta mapez eta gaur egungo mugikor eta GPS gailuez, 40 laguneko txangoa antolatzeak eskatzen duen ahaleginaz eta bazter oro zipriztintzen ari den indibidualismoaz. Gizartearekin batera aldatzen da mendia.

“Garai berrietara egokitzen ikasi beharko dugu”, esan digu Egiak: “Erronka handia da, ez soilik mendi elkarteentzat, baita Federazioarentzat ere. Ziurrenik taliban xamarrak izan gara zenbait aldaketaren aurrean, kontziente gara horretaz, baina ari gara trantsizioa egiten, modalitate bakoitzaren berezitasunak aintzat hartuta. Mendiko eskian adibidez emaitza onak ari dira lortzen emakumezkoak”. Alpinismoa, ipar martxa, eskalada, mendi lasterketak... anitza da Federazioa.

Mendizaletasunak izan duen eboluzioaz mintzo, ezinbestean hitz egin behar da mendi korrikalariez, askoren iritziz lehia mendira ere eraman duten “atletez”. Gotzon Idirin zeanuritarra haietako bat da, nahiz eta, mendi lasterketek hartu duten norabideak kezkatuta, bestelako eredu baten alde egin duen, lasterketa etikoen aldeko Etiketa Berdea manifestua sortzeko beste hainbat korrikalari eta antolatzailerekin batera. “Nik duela hamabost bat urte deskubritu nuen lasterketen mundua, eta denborarekin ikusi dut mutazioa izan duela, lehiarantz eboluzionatu eta modan jarri dela. Eta erakarri du mendiarekin harremanik ez zuen jendea. Hori ez da txarra, ezta gutxiago ere, baina iruditzen zait pertsona batzuek ez dutela mendiari lotutako hezkuntza edo kultura barneratu. Heldu dira beste kirol batzuetatik, atletismo edo triatloietatik adibidez, eta ikuspegi konpetitiboa ari da gailentzen”.

40.000 lagunek baino gehiagok dute Euskal Federazioaren lizentzia, eta 14.000 inguruk Nafarroakoa. Izugarria da kopurua, aintzat hartuta federaturik ez dagoen jende mordoa joan ohi dela gurean mendira.

Gorbeia Suzien lasterketaren sortzaileetakoa izan zen Idirin. Hainbat urteren ostean lan-taldea utzi zuen, gerora Ubidestroi antolatzen hasteko. “Lasterketa bat lasterketa bat da, lehia ezinbestean egongo da, baina nolakoa? Duela 15-20 urte pentsaezina zen korrikalari batek min hartu eta hura laguntzeko ez geratzea, adibidez. Presio handiarekin bizi dira lasterketak, dopin kasuak ere agertu dira... Mendia guretzat arnasgunea da, eta kezkatu egiten gaitu balore batzuk hara estrapolatzeak”. Hirigunean egiten den Behobia-Donostia jarri du adibide moduan: “Nahiz eta milaka korrikalari eta ikusle biltzen dituen, ingurumenean ez du horrenbesteko kalterik eragiten”.

Herria ezagutu, herria maitatzeko

Antxon Iturriza mendizale eta kazetari beteranoa EMMOA Euskal Mendizaletasunaren Museoa fundazioko kidea da: “Gauzak aldatzen ari dira. Garai batean mendian korrika aritzea ez zegoen ondo ikusia, eta orain aldiz modan dago. Mendiak bazuen, nolabait esateko, ukitu erromantikoa, eta iruditzen zait gaur egun gehiago dela kirol bat”.

Aurten 40.000 lagunek baino gehiagok dute Euskal Federazioaren lizentzia, eta 14.000 inguruk Nafarroako Federazioarena. Hego Euskal Herrian 55.000 pertsonak; izugarria da kopurua, aintzat hartuta federaturik ez dagoen jende mordoa joan ohi dela gurean mendira.

“Sekula ez da hainbeste federatu izan”, esan digu Iturrizak. “Franco hil ostean lizentziek behera egin zuten, gazteak politikan-eta sartu zirelako. Garai mugituetan, Bigarren Errepublikan ere horrela gertatu zen, ‘inportanteagoak’ diren kontuek indar handiagoa hartzen dute aisialdiko jarduerek baino”. Bere hitzetan, dena den, euskal mendizaletasunak zainetan darama “konponente politikoa”; kirol jarduera hutsetik harago, askatasun-eremua izan da askorentzat. “Kalean ezinezkoak ziren aldarrikapen politikoak han egiten ziren maiz. Esan, erakutsi, kantatu... Lehen, tontorrean ikurriña bat ikusi eta sekulako zirrara sentitzen genuen, debekatuta baitzegoen hura erakustea. Mendizaletasuna eta abertzaletasuna elkar hartuta doaz, zeharkaldietan aberria ezagutzen delako”.

Etiketa Berdea mendi lasterketa etiko eta jasangarrien aldeko ekimena 40 bat probak osatzen dute gaur gaurkoz, Ubidestroi Trail gazteak tartean (argazkian). Gotzon Idirin zeanuriarra da bultzatzaileetako bat: “Lasterketen antolatzaileentzat ederra da leku enblematikoetan jendea pilatzea, irudi ikusgarriak uzten dituelako, baina ez da jasangarria; ez da jasangarria ingurune babestuetan sartu nahi izatea, paraje politak izanagatik”.

Ildo berean mintzo da Federazioko presidente Zigor Egia; herria maitatzeko hura ezagutu egin behar dela dio, ezagutu behar direla bai parajeak, baita bertan bizi diren pertsonen jarduna ere, artzain edota nekazariena esaterako. “Eta esango nuke Federazioak hori bultzatu duela sortu zenetik, mendian ibiltzea herria ezagutu eta maitatzeko”.

“Lasterketak sarri pasatzen dira toki pribatuetatik, basoetatik, larreetatik...”, irakur daiteke Etiketa Berdearen manifestuan. “Bertan bizi eta lan egiten duten pertsonak daude, artzainak esaterako. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu hau presente izatea”. Eta beheraxeago: “Bailarako edo herriko ondare kulturala indartze eta ezagutze aldera ekintza bereziak antolatzea proposatzen da, adibidez, artzainen lana goraipatu, ondare-gune diren tokiak erakutsi, toponimia berreskuratu...”. Gomendioek berdin-berdin balio dute zakurrak solte eramaten ditugun kalekumeentzat, edo autoa edozein bazterretan uzten dugunontzat.

“Ez dugu diruagatik korrika egiten”

“Azkarrago bizi gara, indibidualismoak indarra hartu du eta norbanakoa komunitatearen aurretik jartzen dugu maiz”, dio aipatu manifestuak. “Egun, gizartearen eboluzioari loturik, lasterketen norabidea ere aldatu dela igarri dugu. Asko mediatizatu dira, modan jarri direla esan dezakegu, eta horrek eragin du guk ezagutu genituen baloreetako asko bidean galtzea”.

Eboluzio horrek kezkatuta, hainbat korrikalari eta antolatzailek gogoeta abiatu zuten, eta horrek eraman ditu Etiketa Berdea sortzera. Gaur gaurkoz ekimena osatzen dute 40 bat lasterketek, ia denak Euskal Herrikoak, eta sustatzaileek espero dute epe motzean proba gehiago batzea. Proiektuarekin bat egiten duten lasterketek, naturarekin eta beste kirolariekin “begirunezko harremana” bermatzea xede, zenbait gomendio hartu behar dute aintzat, eta konpromiso zehatz batzuk bete.

Gotzon Idirin (Etiketa Berdea): “Ez dago mendi kulturarik; mugikorra bateriarik gabe geratuz gero jende batek non dagoen ere ez daki”.

Dekalogoan badira, batetik, edozein kirol ekitaldik har ditzakeen neurriak: babesleen izaera ahalik eta etikoena izatea; ahal den neurrian anoa postuetako jan-edanak bertakoak eta ekologikoak izatea; hizkuntza gutxituak lehenestea; garaikurrak genero ikuspegitik ez-estereotipatuak izatea; musika ez sexista pintxatzea; eta abar luzea. Bestetik, propio mendi lasterketen antolatzaileek kontuan hartzekoak daude. Adibidez: ibilbideak zeharkatzen badu parke natural edo ekologikoki zaurgarria den ingurunea, parte-hartzaile kopurua gehienez 500 lagunekoa izango da; ikusleei dei egingo zaie leku horietan ez pilatzeko; beharrean dagoen korrikalariari laguntza ukatzen diona kaleratua izango da, baita gel bat lurrera botatzen duena ere; “eliteko” korrikalariek ez dute pribilegiorik edukiko –ez dute sailkapen, ibilbide edota sari desberdinik izango–; sariek orotara ez dute 3.000 euroko langa gaindituko; eta dortsal bat lortzea ekonomikoki guztientzat eskuragarria izan dadin salneurria kilometro bakoitzeko 0,5 eta 1,5 euro bitartekoa izango da. “Ez dugu diruagatik korrika egiten”, dio Etiketa Berdearen dekalogoak.

Mendi lasterketak diren arren hein handi batean mendizaletasunaren eboluzioa markatzen ari direnak, Federazioko teknikari Iñaki Garaik gogorarazi digu hura osatzen duten kirolarien %10 besterik ez direla korrikalariak. “Komunikabideetan eta sare sozialetan agertzen dira selekzioan-eta dabiltzanak, baina federazioa askoz ere zabalagoa da. Esango nuke, nolabait parekatzearren, lehiaren mundua dela enpresetako I+G+B, mendizaletasunak bizi duen garapenaren erakustoki”. Mutazioa, baina, ez da bat-batean heldu. “Pasa den mendean alpinista batzuk Everest aldera joan zirenetik aldatzen ari da eredua”. EMMOA fundazioko kideek argazki bat erakutsi digute. Dozena erdi gizonezko ageri dira, galtza motzetan oker-oker aldapan gora: “Mendi lasterketen aitzindariak Pagasarrin, 1912an”. 100 urte baino gehiago pasa dira ordutik.

“Euskaldunok ADNan daramagu mendizaletasuna, etxe guztietan daude motxila eta botak”, dio Egiak. “Orografia gure parte da. Nire aitak, adibidez, eskolara joateko egin behar zituen hainbat kilometro maldan behera”. Gaur egun kirol edo aisialdi jarduera da batez ere, jende ugari ari da erakartzen, eta normala ere bada batzuek ezagutza nahikorik ez izatea. Zentzu horretan, beste hainbat egitasmoren artean, segurtasunari buruzko kanpainak abiatu ditu federazioak, baita ikastetxeetan ere, mendira joateko nola prestatu behar dugun azaltzeko (eguraldi iragarpena begiratu, nora zoazen esan, indarrak neurtu...), ikusi dutelako urte gutxian hirukoiztu egin dela erreskate kopurua, egunean hamar abisu jasotzeraino.

Tximist espedizioaren 50. urteurrenaren bueltako erakusketak itxiko du ‘Mendiurren’ egitaraua. EMMOAren artxibotik hartutakoa da irudi hau, baita azalekoa ere –Udaondo, Urones, Landa eta Regil bizkaitarrak Mont Blanc-eko gailurrean, 1962an–.

Gotzon Idirin suhiltzailea da, erreskate-lanetan zaildua. “Geroz eta mendizale gehiago artatzen dugu. Ez dago mendi kulturarik; mugikorra bateriarik gabe geratuz gero jende batek non dagoen ere ez daki. Eta hala moduz ekipaturik doa. Elurra egiten duenean Gorbeia aldera joaten naiz sarri, eta panorama ikusita makina bat aldiz egin dut ospa handik, lanean hasi beharko dudan beldurrez. Geologoa naiz ikasketaz, eta iruditzen zait mendiak duen gauzarik ederrenetakoa dela gu txiki sentiarazteko duen ahalmena. Jende batek, ordea, edozer egiteko gai ikusten du bere burua, ez da kontziente eguraldi aldaketa batek dena hankaz gora bota dezakeela. Mendiari errespetua izan behar zaio”. Baita iraganari ere.

Altxorrak dirdirarik ez

“Ezjakin xamarrak gara gure historiari dagokionez”, esan digu EMMOA fundazioko kide Antxon Iturrizak, seinalatzen dituen bitartean Martuteneko bulegoetan pilatutako objektu bete kaxak. Duela hogei bat urte heldu zioten museoaren proiektuari, ondarea bildu eta ezagutzera emateko helburuarekin, eta zenbait saiakeraren ostean, litekeena da epe motzean inauguratzea, Tolosako Arkaute etxean.

“Uste baino prozesu luzeagoa izan da”, aitortu digu Iturrizak. “Uste genuen proiektua aurkeztu eta denak txundituko zituela, baina konturatzen zara amets batzuk betetzeko dirua behar dela eta... Nahiz eta Tolosako Udalak jarrera oso ona erakutsi duen, instituzio gehiagoren babesa beharko dugu”. Bada beste arazo bat, gainera: “Nork hartuko du gure lekukoa? Adinean aurrera goaz, musu-truk ari gara ekinean, eta nahi badugu museoa egonkortzea, neurri batean profesionalizatu egin beharko da, ez gaude-eta boluntarioen bila hasteko garairik onenean”. Boluntario-lana, militantzia, transmisioa; hainbat esparrutako elkarte eta kolektibok du kezka bera. Gotzon Idirinek bateko eta besteko beharrek uzten diotenean heltzen dio Etiketa Berdearen proiektuari, eta federazioko presidente Zigor Egia bera ere ez da soldatapean ari: “Zor bat nuen mendizaletasunarekin, momentu txarretan lagundu egin didalako. Batzuek zortzimilakoak eskalatzen dituzte, eta besteok alpinismo politikoa egin behar dugu. Bakoitzak egin behar du ahal duen ekarpena; konpromiso hori etxean ikusi dut, dela ikastolen sorreran, dela mendi taldean lanean...”.

Antxon Iturriza EMMOA Mendizaletasunaren Museoa fundazioko kide da. “Ignorante xamarrak gara gure historiari dagokionez”, esan digu. Duela hogei urte heldu zioten proiektuari, ondarea bildu eta ezagutzera emateko helburuarekin, eta litekeena da epe motzean inauguratzea. DANI BLANCO / ARGIA CC BY-SA

Martuteneko 27 poligonoko eraikin bateko bi gelatan gordetzen du EMMOAk urteetan pilatutako materialaren parte handi bat. Bulego batean dituzte dokumentuak (liburuak, egunkari eta aldizkariak, argazkiak, gidak, mapak...), eta bestean mendiko materiala (pioletak, eskiak, txamarrak, botak, kranpoiak...). Aurki daitezke, besteren artean, Maritxu Urretaren –Club Vasco de Camping elkartearen fundatzaileetakoa– kranpoi eta egurrezko eskiak, Trini Cornellana alpinistak 1976an Shakhaur-era (Afganistan) egindako zorigaiztoko espedizioan jantzi zuen berokia –mendi hura igo duen lehenbiziko emakumea da–, Gregorio Arizek 1979an Daulaghiri igotzeko zeramatzan botak eta pioleta –hura izan zen euskal espedizio baten aurreneko zortzimilakoa–, Martin Zabaletak 1980an Everesten jantzi zuen txamarra horia... Sekulako altxorra, hamaika kaxatan gatibu dagoena.

Mendien defentsan

Dokumentuen atalean bildutako egunkari eta afixek bide eman digute natura-guneen defentsan deitutako ekintzez solasteko. “Gogoan dut 1975 inguruan Zain dezagun Belagua kanpaina abiatu zela, eraiki nahi zituztelako eski estazioa eta urbanizazio bat”, kontatu digu Iturrizak. “Eskerrak ez zuten gauzatu, ingurumenean izango lukeen inpaktuagatik, are gehiago negozioari eutsi ahal izateko nahikoa elur egiten ez duela ikusita. Eolikoen auzia dago orain pil-pilean. Eta sartu dira zuhaitz-espezie kanpotarrak, egin dituzte porlanezko bideak, AHT... Gizakia espezie erasotzailea da, etengabe ari gara izadia kolpatzen, bertan esku hartu eta eraldatzen. Interes desberdinak izan ohi dira jokoan eta...”.

Mendizale Federazioko kideek azaldu digute batzarrean galdetu zitzaiela eolikoen eta gisakoen aurrean nola posizionatuko ziren: “Gure estatutuetan idatzita dago mendiak defendatu behar ditugula”, azaldu digu Egiak. “Berriztagarrien alde gaude, non eta nola ordea? Kasuan kasu aztertu behar da egoera, baina printzipioz ez dugu nahi dorre elektriko, haize-errota edo errepide gehiagorik”.

“Horrelako mega-proiektuen inpaktua demasa da”, kexu da Etiketa Berdea ekimeneko Gotzon Idirin. “Begira AHTa zein sarraski egiten ari den Durangaldean. Dirua edo natura jartzen direnean balantzan, galtzekoa naturak du beti. Eukaliptoen aferak ere eman du zeresanik; azken finean, berehalako etekin ekonomikoen bila baldin bagoaz... Ondarea ez da soilik etxe hau edo dena delako beste hura, baizik eta gure seme-alabentzat mundu hobe bat eraikitzea”.

“Herriak” bueltan jasoko duen inpaktu ekonomikoa haizatu ohi dute han-hemengo agintariek, kirol ekitaldiak antolatzeko egarri aseezina justifikatzeko, eta mendia ez da “salbuespena”, izan beharko lukeen arren, Idirinen hitzetan: “Lasterketen antolatzaileentzat ederra da leku enblematikoetan jendea pilatzea, irudi ikusgarriak uzten dituelako, baina ez da jasangarria; ez da jasangarria Itxina biotopoa bezalako ingurune babestuetan sartu nahi izatea, paraje polita izanagatik”.

Nolakoak izango dira gure mendiak hemendik 100 urtera? Mendizaletasunak norantz egingo du? Norantz lehiak? Zein ote da federazio eta mendi elkarteen patua? Auskalo. Artean, arnasguneok ez itotzeko eredu baten alde dihardu hainbat eragilek. Urte on askoan.

---------------------------------------------

Bi federazioak batzea helburu

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako mendizaleek sortu zuten 1924an federazioa. Elkar helduta egin zuten makina bat urte, 1980ko hamarkadan indarrean jarri ziren lege autonomikoek EAE eta Nafarroako federazioak banandu zituzten arte. 40 urte geroago, Mendiurren-eko egitaraua elkarrekin osatu dute, eta hark hauspotuta, Euskal Herriko Mendi Biltzarra gorpuzteko lanean hasi ziren duela hiru bat urte, Ikastolen Elkartearen edota Bertsozale Elkartearen egituraketa eredu hartuta.

2021ean sartu ziren Zigor Egia eta Iñaki Garai EMF Euskal Mendizale Federazioaren zuzendaritza-batzordean, lau urterako. “Guretzat funtsezkoa zen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako federazioen babesa lortzea, gainerakoan ez genuke kargua onartuko”. / JON TORNER ZABALA

Bi federazioak lotzen dituzten kontuak bideratuko ditu biltzarrak: Pyrenaica aldizkaria, Besaideko oroimen eguna, Euskal Herriko Erdigunera Martxa, mendeurreneko kontuak... Hain justu, urteurrenean, maiatzaren 18an, aurkeztuko dute erakunde berria Elgetan. Bi federazioez gain EMMOAk ere badu ordezkaritza biltzarrean, eta litekeena da Ipar Euskal Herriko eragileren bat ere sartzea.

---------------------------------------------

'Mendiurrena'

Aberatsa da Federazioaren mendeurren-egitaraua. Besteak beste: martxoaren 16an zazpi lurraldeetako mendizaleek Euskal Herriko sei tontor igoko dituzte; martxoaren 20an Elgetatik pasako da Korrika, eta mendizaleek kilometroa egingo dute; apirilaren 27 eta 28an 100 urte 100 mendi ekimena egingo da, non Euskal Herriko ehun mendi taldek baino gehiagok 100 tontor igoko dituzten; maiatzaren 18an ekitaldi berezia egingo da Elgetan; eta ekainaren 17an 1974ko Everesterako Tximist espedizioaren 50. urteurrena ospatzeko erakusketa inauguratuko da Gasteizen.

 

Otso edo hartz, abeltzaintzarekin duten elkarbizitza eztabaida-iturri da
2024-12-17 | Jon Torner Zabala
Urriaren 19an, Xiberoko Batzorde Sindikalak bozketa egin eta adostu zuen lurraldea "babesteko zaila den eremu gisa" (ZBD) izendatzeko eskaera abiatzea, otsoaren "arriskuari" aurre egitea helburu.... (+)
Ipar eta hego, mendeetako tradizioa txapel beraren pean
2024-12-15 | Jon Torner Zabala
Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak erronka ezarria dio bere buruari: Euskal Herri osoko sagar eta sagardogileak biltzea. “Sagardoaren kultura lurralde osoan dago, eta lurralde osoan mantendu... (+)
Mendietxe irekita, euskal mendizaletasunaren museoa zertan da?
2024-11-06 | Jon Torner Zabala
Mendietxe museoak zabaldu ditu ateak, irakurri dugu Berria-n. Eta boteprontoan pentsatu, "hau izango al da EMMOA Euskal Mendizaletasunaren Museoa fundazioak ireki nahi zuen museoa?". Ramon... (+)
Hormigoiak lurzorua inpermeabilizatzen duenean
2024-11-04 | Jon Torner Zabala
Ugariak dira Dana denboraleak Valentzian eragin duen hondamendiaz egin diren irakurketak. Beste faktore batzuen artean, gizakiak naturari ebatsitako eremuez luze mintzo dira hedabideak, ibai eta... (+)
Ehunka ekologistak Total petrolio-enpresaren fabrika blokeatu dute Belgikan
2024-10-29 | Jon Torner Zabala
Code Rouge mugimenduko ekintzaileek hainbatetan salatu dutenez, irabazi geroz eta handiagoak lortzearren Total Energies enpresak ingurumena kutsatu eta lekuko komunitateak kaltetzen ditu. Horregatik blokeatu dute... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora