Fukushima: istripua iraganean, kalteak bizi-bizirik eta soluzioak oraindik aurkitzeke

Halabeharrez hasi dira agorrilaren 24an Fukushimako zentraleko urak itsasora jaurtikitzen; ur kontaminatuak metatzeko zisternen %97 beteak dituztelako eta etenik gabe gehitzen zaielako ura –egunero 140 tona–. Ur "deskutsatuak" izanik ere, herritarrek kezkaturik segitzen dute, zentralaren jabe Tepco enpresarekiko mesfidati direlako. Baina uraz gain, ikaragarrizko buruhaustea dute lur kutsatuekin eta lohi erradioaktiboekin baita erreaktoreen barnean urturiko 880 tona erregai nuklearrekin ere.


2023ko irailaren 12a
Zentralean metaturiko ur erradiaktiboa deskutsatu eta tsasora botatzen hasi da Tepco enpresa, baina esku artean ditu beste hainbat hondakin. Tartean, erreaktoreetan metaturiko erregai nuklear urtuak. Oraindik ez du aterabiderik horri begira. Wikimedia
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

2011ko martxoaren 11ko istripu nuklearraren ondorio kaotikoak gainetik ezin kenduz dabilela eta muturreko fenomeno meteorologikoak areagotuz dabiltzala, zentralak berrabiarazten hasia da Japoniako Gobernua: 33 erreaktoreetatik hamaika ditu martxan, orotara sei zentraletan. Azkenekoak, uztailaren 28an martxan jarriak, bere 48 urteekin ez du konfiantza ematen. Zaharregia izanik itxi behar bazuten ere, maiatzean bozkatu zuen Japoniako Parlamentuak erreaktoreen biziraupena 40 urtetik 60 urtera luzatzeko posibilitatearen alde. "Segurra" dela itsuki sinetsiko dugu beraz. Eta berdin dio Fukushimakoaren gisara, itsas bazter-bazterrean baldin bada. Hortik hilabete batera hasi dira Fukushimako ur kontaminatuak itsasoratzen.

Milako bat zisternetan metaturik dituzte 1,39 milioi metro kubo ur kontaminatu. 2011n istripua kontrolatzeko xedez tonaka ur jaurtiki zituzten, eta oraindik horretan dabiltza, erreaktoreak tenperatura apalean atxikitzeko gisan. Gaur egun, zisternetako espazioaren %3 gelditzen zaie, eta egunero 140 tona ur kontaminatu gehitzen zaizkie.

Hori horrela, denboraren orratzak eta moltsak hortaraturik, urak itsasora jaurtikitzen hasi dira agorrilaren 24an. Uztailaren 4an onartu zuen urratsa IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak, "nazioarteko segurtasun neurriekin bateragarria" izanik eta "pertsonengan ala ingurumenarengan garrantzirik gabeko eragin erradiologikoak" ukanik.

Herritarrak ez dira zentralaren jabe Tepco-ren hitzetan fidatzen eta desadostasuna entzunarazten dabiltza. Tartean dira arrantzaleak. Ehun batek dute Japoniako Estatuaren kontrako salaketa aurkeztu. Inguruko herriak ere kezkaturik dira, eta itsas-mozkinen inportazioak gelditu dituzte Txinak zein Hong Kongek; horrek ondorio ekonomiko latzak eragin dizkie arrantzaleei –sektoreko esportazioen %42 ordezkatzen dute bien artean–. Taiwan eta Hego Korea ere aurka agertu dira.

2022an atera zen epaia: 100.000 milioi euroko isuna Tepcoko lau arduradunentzat. “Segurtasun normak eta beren ardurak ez betetzeagatik”

Ofizialki deskutsatu dituzte zentraleko urak, bi elementu izan ezik: tritioa eta karbono 14a. Tritioa arriskutsua izan daiteke kopuru handian aurkituz gero, baina IAEAk segurtatzen duenez, Fukushimako uren kasuan, ur gehiagotan diluitu dute, erradioaktibitate tasa onargarria izateko gisan –1.500 becquerel litroka (nazioartean onarturiko muga baino 40 aldiz apalagoa, hots, segurragoa)–. Reporterre komunikabideak zehazten duenari segi, Alps Advanced Liquid Processing System ("Likidoak Prozesatzeko Sistema Aurreratua") teknika erabili dute eta 64 osagai erradioaktiboetatik 62 kendu ahal izan dituzte. Hala ere, oroitarazi dezagun, istripuaz geroztik zentralaren segipen hurbila egiten duen l’ACROnique de Fukushima blog independenteak egiten duen modura, hastapen batean Tepcok ur kontaminatua ur gehiagotan diluitzeko asmoa zuela, inolako deskutsatzerik gabe.

Oraingoz, metaturiko uraren %35 dute deskutsaturik. 2050 urtera arte iraun beharko luke prozesuak, egunean gehienik 500.000 litro itsasoratzeko baimenarekin. Lehen aldi honetan kontrol lanetan aritu dira IAEAko kide batzuk, baina beti hor egonen direa? 30 urtez egonen dira bertan? Espero dezagun, gezurrez eta faltsututako dokumentuz ere osatua delako Tepco enpresaren iragana. Nor ohartuko litzateke ur deskutsatuari kutsatua gehituko balitzaio? Izatekotan kontrol zorrotza egiten dabilen IAEAko langilea, bestela, inor ez.

Gezurrak eta dokumentu faltsuak

2002an jakin zen, adibidez, 1977az geroztik enpresaren 17 guneetatik 13etan egindako 29 ikuskapenetan ustelkeria egon zela, erreaktoreetan aurkituriko pitzadura ala akatsak isilean atxikitzeko asmoz. Fukushimako istripuaren harira, 2022an atera zen epaia: 100.000 milioi euroko isuna Tepcoko lau arduradunentzat. "Segurtasun normak eta beren ardurak ez zituzten bete". Horiek horrela, ur deskutsatuen itsasoratzeak kezka eta mesfidantza eragitea ulergarria da.

2011z geroztik ur  kutsatua zisternetan metatzen aritu dira, guztira 1,39 milioi metro kubo. Baina zisternak beteak dituztela, ura deskutsatu eta itsasora botatzen hasi da  zentralaren jabe Tepco enpresa. Argazkia: Wikimedia

At Fukushima Daiichi, decommissioning the nuclear plant is far more challenging than water release ("Fukushima Daiichin, zentral nuklearra desafektatzea ura isurtzea baino askoz zailagoa da") AP agentziaren erreportajeak azaltzen digu ur horren lekutzeaz gain, beste buruhausterik ere badutela. Batetik, erreaktoreetan urturiko 880 tona erregai nuklearren kudeaketa –gehiago ere izan daitezkeenaren abisua zabaldua du Tepcoren bozeramaile Kenichi Takaharak–. Hain da osagai hilkorra robotak direla bertaratzen. Prozesuak beranta handia hartua du, hain zuzen, metodo konplexua ez dutelako oraindik aurkitua. Urte bukaeran hastekoak dituzte probak. Baina, Tepcoko zuzendari Junichi Matsumotok aitortu du langileen erradiazioen esposizioaren arriskuak murrizteko neurriak "gero eta zailagoak" izango direla. 2051. urterako jarri du garbiketaren epea, baina epe luzeagoa beharko dela diote hainbat adituk, mende bateko lana izan daitekeela gehituz.

Lokatza, zentralean eta zentralaren inguruan

Eta zer egin euri-urek barreiaturiko osagai erradioaktiboekin? Guti aipatzen dira, baina datuak bilatzen hasiz gero, zenbaki beldurgarriak ditugu eskura. Besteak beste, istripuaz geroztik zentralaren inguruko urtegietan analisiak egiten dabilen Ingurumen ministerioarenak. Hilabetero, Tokio, Iwate eta beste zazpi prefekturetako 73 presatan hartzen du ura. Horien artean hamar dira Fukushima Prefekturan, non 2011 eta 2015 urteen artean neurtutako lurzoruak batez besteko zesio-kontzentrazioaren maila onargarria gainditu zuten: Ganbe urtegian 64.439 bekquerel zesio-kiloko, Yokokawa-n 27.533 becquerel eta Mano presan 26.859 becquerel. Baina, gainazaleko urak ez zuenez zesio-kopuru handirik –10 becquerel baino gutiago–, lokatz hori gehiegi mugitu gabe, bertan uztea erabaki zuen Gobernuak. Osagai erradioaktiboa urpean, ur hori edaten dabiltza inguruetako herritar, abere eta landareak. Urtegiez gain, uraren bide osoan ditugu aztarna erradioaktiboak: ibai, erreka zein lurpeko ubideetan.

22 milioi metro kubo lur kontaminatu dira gune babestu batean metaturik, eta hor ere leku eskasiaren arazoari aurre egin behar diote

Ezin kudeatuak dituzte ere istripuak eragindako zaborrentzat espresuki bideraturiko erraustegietako hautsak: istripua pasa eta sei hilabetetara 52.000 tona hauts erradioaktibo zituen gobernuak kontabilizatu. Datu gaurkoturik ez du aurkitu kazetariak, baina istriputik hamabi urte pasa zaizkigula, kantitate astronomiko bat irudikatzea ez zaigu neke.

Azken datu kezkagarri bat: 22 milioi metro kubo lur kontaminatu dira gune babestu batzuetan metaturik, eta hor ere, leku eskasia bihurtu zaie arazo, Cesium-137ak hamarkada luzeak behar dituelako desegiteko, eta oraindik ere etengabean zabaltzen segitzen duelako kontaminazioak. Besteak beste, Fukushima probintziako %70 oihana delako eta bertan ezin izan dutelako lur kentzerik egin. Horkoa hor da eta hedatzen segitzen du euri-urekin ala lur-higadurekin.

Onartezina onargarri edo kudeaezina kudeagarri bihurtzeko, erreferentzia aldatu zuten laster: baimenduriko erradioaktibitate maila 100 Bq/kg izatetik 8.000 Bq/kg izatera pasa zen, istripua gertatu eta berehala. Aterabiderik ez denez, "deskutsaturiko" urak itsasora eta "arinki kontaminaturiko" lurrak "birziklapenera": bideen, dikeen ala bestelako azpiegituren eraikuntzarako materialei nahasiz txikitzen dute metaturiko erradioaktibitate zama... kudeatu ezina.

Kanboko Marieneko lurrak irauli dituzte ELB, Lurzaindia eta Ostia sareak
Maiatzaren 17an bertaratu eta barazkiak landatzeko hitzordua jarri diete herritarrei. Karia horretara egun osoko egitaraua osatu dute, Marieneako lurrak laborantzarako atxikiak izatearen alde. (+)
Herritarren kexuaren gainetik pasaz, aitzina doa Gatika-Cubnezais itsas azpiko kable elektrikoaren eraikuntza
Obrak "abiadura handian" doazela deitoratzen dute makroproiektuaren kontrako kolektiboek. Landetako THT Ez taldeak hitzaldia antolatu du apirilaren 27rako, ozeanoei buruzko nazioarteko hainbat aditurekin, tartean, Paul... (+)
AHTren atzerapena gaitzesteko gutuna bidali diote Europako Batzordeko Garraio Komisarioari Pradalesek eta Roussetek
EAE, Akitania Berria eta Nafarroak osatutako euroeskualdearen batzarra egin dute Iruñean martxoaren 25ean. AHT izan dute topaketaren ondoko agerraldiko aipagai nagusien artean eta Akitania Berriko... (+)
Zuhaitz landaketa: mozketa masiboak egin ahal izateko jukutria "berdea"
Mila milioika mintzo dira agintariak. CO2 isurketak konpentsatzeko neurri eraginkor gisa aurkeztuta, zuhaitz landaketei buruzko zifra alimaleak entzuten dira azken urteetan. Trantsiziorako bide interesgarria izan... (+)
EH ez da salgai, legedia ere ez
Lurraren alde borrokan dabilen orok begi onez hartu du Frantziako Legebiltzarrak laborantza lurren babesteko lege-proposamenaren alde bozkatu izana. Peio Dufau diputatu abertzaleak aurkezturiko testua da,... (+)
gora