Asteroko buletina
Abuztuko euriak, patatak usteldu.

Haziz hazi, urratsez urrats, Euskal Herrian ere lurreratuz doan mugimendua

Udako Euskal Unibertsitarearen baitan, egun osoko jardunaldia antolatu zuten ekaina bukaeran Gasteizko Sumendi espazio autogestionatuan Mirene Begiristainek eta Marta Barbak: Ekofeminismoak konpos(t)atzen Euskal Herrian. Ekofeminismoari dagokionez, Euskal Herri mailan duela bizpahiru urte abiaturiko hausnarketaren baitan kokatu zuten hitzordua: “Aletxo bat gehiago da”. Kolektibotasunetik eta kolektiboki heldu nahi diote Euskal Herriko mugimendu ekofeminista osatzeko erronkari.

Isabel Hernández Castro eta Marta Luxan Serrano, goizeko solasaldian, genealogia ekofeminista osatzeko ariketan parte hartzen. Argazkia: UEU

Krisi ekosoziala hobeto irakurtzeko betaurrekoak

Estitxu Eizagirre

Euskal Herri mailako mugimendu ekofeministaz kolektiboki hausnartzea zuten xede Ekofeminismoak konpos(t)atzen Euskal Herrian jardunaldian bildutakoek. Ekologismoa eta feminismoa uztartzen ditu mugimendu honek, oinarri hartuta bai natura eta bai emakumea zapaltzen dituen sistema bera dela.

Marta Barbak aitortza egin zion Etxaldeko Emakumeak taldeari, "haiek baitira publikoki euskaraz ekofeminismoari buruz proposamena egin duten bakarretakoak eta ekofeminismoan erabat presente egon behar duelako nekazaritzaren eta landa eremuaren ikuspegiak". Mirene Begiristainek azaldu zuen azken bi urteetan ekofeminismoari buruzko interesa azkartu egin dela Euskal Herrian: duela bi urte Usurbilen jardunaldiak antolatu zituzten UEUren eta Jakin-en artean, krisi ekologikoari buruz, eta horren barruan ekofeminismoaz mahai-ingurua egin zuten, baita Jakinen artikulu bat argitaratu ere. Ondoren Euskal Herriko Neska Gazteekin Baztanen saio batzuk egin ziren, Emagineko barne lanketa bat ere egin zen, Elhuyarrek barne hausnarketa egin zuen… Begiristain: "Donostiako Antropologia Feministako irakurketa taldean konpromisoa hartu genuen beste eskaera batzuei erantzuteko: Usurbilen zaintza sistemaren inguruan egiten ari diren lanketan ekofeminismoaren ildoari ere heldu nahi diote, Hernaniko Plaza Feministan ere bai, STEILAS sindikatua ekofeminismoari hezkuntzaren ikuspegitik heldu nahian ari da eta material bat argitaratu du…".

Gizarte eragile hauen eskaerei erantzuten hasita, "ahotsak irekitzeko, zabaltzeko, kolektibizatzeko" beharra sentitu dute eta Ekofeminismoak konpos(t)atzen jardunaldia horretarako tresna izan da: "Denon artean pentsatzeko ekofeminismoa Euskal Herritik nola eraiki nahi dugun, nola lurreratu dezakegun gabiltzan mugimendu eta espazio ezberdinetan". Martxoan Euskal Herri mailan egindako beste topaketa bat ere ekarri zuten gogora, Aramaioko talde feministak antolatua eta ekofeminismoari landa eremuko ikuspegia gehitu ziona: agroekofeminismoa izan zen bertan aztergai.

Ekofeminismoa Euskal Herrian bidea urratzen ari denez, aje hauek dituela azaldu zuten antolatzaileek: oraindik jende gutxik identifikatzen duela bere burua ekofeministatzat, euskarazko erreferente gutxi daudela eta inork ez duela bere burua ekofeminismoaz hitz egiteko aditu moduan edo legitimatuta ikusten. Esti Redondo aipatu zuten egunean zehar, praktikatik diskurtso teorikoa sortzen ari delako eta berriz ere Etxaldeko Emakumeak taldea, "kolektiboki diskurtsoa sortu daitekeelako, beti norbanakoen izenak erabili gabe". Zorionez, epe motzean berriz ere entzun eta irakurri ahal izango dugu ekofeminismoaz euskaraz: uztailaren 19tik 23ra Izarran egingo den Iraultza Txikien Akanpadan Feministok lurraren defentsan tailerrean batuko dira mugimendu ekologistako eta feministako kideak; eta liburu bat kolektiboan argitaratzeko asmoa iragarri zuten Begiristainek eta Barbak. Ekofeminismoari dagokionez, orain arte egindakoari begira jarri zituzten Isabel Hernández Castro, Maya K'iche' herriko kidea eta Euskal Herrian bizi den agronomoa; eta Marta Luxan, demografian aditua eta mugimendu feministako kidea. Praktikak eta pentsamenduak izan zituzten hizpide.

Izaki guztion etxea eta etxe barruko botere harremanak

Hernándezek ekofeminismoa ulertzeko gako hauek eman zituen: "Ekologia hitzaren errora jo behar dugu, bizitzeko leku edo etxe horretara. Baina zer etxez ari gara? Etxea ezin dugu espazio fisiko huts moduan ulertu, baita ere barruan sartu behar ditugu espazio horretan sortzen diren harremanak: bai izaki bizidunekin ditugunak (animaliekin, adibidez), baina baita 'bizigabe' izendatzen ditugun izakiekin ere (ibaiak...), hauek ere bizia sortzen digutelako, ekosisteman bere funtzioa dutelako eta ezin garelako bizi haiek gabe. Eta feminismoaren egitekoa litzateke etxean dauden botere harremanak aztertzea".

Euskal Herriko mugimendu ekofeministaz kolektiboki hausnartzeko une izan dira jardunaldiak. Argazkia: UEU
Hemengo Zein borroka eta praktika izan dira ekofeminista?

Jardunaldi hauen asmoetako bat ekofeminismoak Euskal Herrian duen erroa edo genealogia osatzea zen, guztien artean. Luxanek hauek aipatu zituen: "Burura datorkidan lehen gauza dira Itoizen aurkako borrokan egin ziren sabotajeak: makinen aurkako sabotajeak emakumeek egin zituzten jakinda poliziei ez zitzaiela burutik pasatuko emakumeek egin zitzaketenik. Bestalde, burura datorkit Etxaldeko Emakumeak egiten ari den lana. Eta AHTren aurkako mugimendua ere bai: akanpada horiek guretzat nola bizi nahi genuen irudikatzeko espazio bat ziren. Gauza batzuk ez ziren guk nahi genituen bezalakoak, botere harreman asko zeuden, antolakuntzari begiratzeko moduak... Joxeparen Sardea izeneko taldea sortu genuen, publikoki inoiz ezer egin ez zuena baina barrura begira ikuspegi feministatik proposamenak egin zituena, eta hainbat gai mahai gainean jarri zituena. Genealogia egiterakoan, aztertu beharko litzateke komite antinuklearretan ibilitako pertsonek zer egin zuten, burura baitatozkit gurasoekin joaten ginela Lemoizen kontrako ekimenetara eta hor izaten genituen elkarrizketak: iruditzen zait ekofeminismoarekin lotu zitekeen izpiren bat bazegoela hor".

Hernándezek beste hauek oroitarazi dizkigu: "Auzolanak egitea praktika ona da. Bere garaian emakumeen rola gehiago zen jaten ematea auzolanera etxera etortzen zirenei. Baina praktika gisa egiten jarraitzeko modukoa iruditzen zait, sukaldeko lanak eta rolak partekatuta. Ekofeminismoaz hitz egitean niretzat garrantzitsua da espiritualitatearen gaia. Ipar eta Hego globalaren artean sendatu gabeko zauri asko daude eta horiek sendatu gabe ezin dugu ekofeminismoaz hitz egiten jarraitu. Osatzea ez da bakarrik egin behar zapalkuntza barneratu duen biztanleriarekin, batez ere Abya Yalako [jatorrizko herriek Amerika izendatzeko modua] herriekin. Beste aldeak badu ardura historiko bat eta denen arteko harremanak eraiki behar ditugu, osatze hau egiteko, eta horrek denbora behar du, ez da egun bakarrean egiten. Espiritualtasunaz hitz egiten denean, hemen folklorizatu egiten da: 'Nola jatorrizko herriek egiten duten, kopiatu egiten dugu eta ikastaro bat ordaintzen dugu haiena ikasteko'. Ez litzateke horrela egin behar, hemen badira hainbat praktika denboran galduz joan direnak. Zergatik ez baloratu Santa Ageda edo San Juan sua? Zergatik ez eman bere garaian izan zuten garrantzia?". Espiritualtasunaren gai horretan, hainbat korapilo geratu ziren agerian: euskaldunen iraganak Hego Globalarekiko sortzen duen kontzientzia karga, eta publikoko batek oroitarazi zuenez, kristautasunak eragiten duen atzerakoa. Baina publikoko kide horrek eskertu zion Hernándezi espiritualtasunaren gaia atera izana: "Iraganarekiko aitortzan hutsune handia dugu".

Gaurko arazoak irakurtzeko betaurreko

Hernándezek azaldu zuen migrazioaren gaian kateatuta daudela ingurumen gatazkak eta feministak: lurraldea uztera behartua daude jende asko, bai baliabide naturaletara sarbide mugatua dutelako edo enpresa transnazionalek bota egiten dituztelako beraien lurraldetik. "Indarrean den sistema horrek determinatzen du lurralde batean nortzuk biziraun dezaketen eta nortzuk ez. Praktika hori dutenen artean euskal enpresak ere badaude". Pertsona horiek migrazioa hartzen dute bide gisa eta Espainiako Estatuak hiru urtez modu irregularrean bizitzera behartzen ditu, Atzerritartasun Legearen bidez. Biziraun behar horretan, emakume migratuak etxe barruko zaintzaile gisa finkatzen dira eta jasaten duten esplotazioa itzela da: "24 ordu astean 6 egunetan. XXI. mendeko esklabotza da". Luxanek bat egin zuen: "Herrigintzaren helburuetako bat izan behar da Atzerritartasun Legearen kontra eta esklabotza berrien kontra borrokatzea, gure etxe barruetan gertatzen diren gauzei begiratuta eta gure familiakoekin eztabaidatuz".

Luxan gainpopulazioaz ere mintzatu zen: "Ingurumen arazo gisa aztertzerakoan, joera dago gainpopulazioaren zenbakiez hitz egiteko eta ez beste gai batzuei begiratzeko, adibidez, herrialde bakoitzean jaiotzen diren pertsonek zenbat kontsumitzen duten. Oso diskurtso dikotomikoa dago, badirudi leku batzuetan jendea sobera dagoela eta bestean falta dela. Hori bada arazoa konponbide erraza du, mugak zabaltzea. Uste dut ekofeminismoak lagundu ahal digula gai hauei ikuspegi kritikoz begiratzen. Argi dago planeta honek ezin duela sostengatu batzuek daukagun bizimodua. Diskurtso eta praktika ekofeministak beharrezko dira daukagun egoerari aurre egiteko baina uztartuta, ez ekologismoa edo feminismoa bata bestea gabe".

Guztien artean konposatu beharreko mugimendua

Jenofa Berhokoirigoin

Geroari begira jarri ziren bigarren solasaldian, Euskal Herri mailako mugimendu ekofeministaren osaketaren bidean urrats bat aitzina egiteko asmoz. Mugimendu gisa irudikatzen den heinean, komunitateko hainbat esparrutako jendea batu zuten ariketara. Bistan da, mugimendu ekologistatik eta feministatik begiratu zitzaion erronkari, baina ez bakarrik: hirigintzatik, landa eremutik, euskalgintzatik, zuzenbidetik, energiaren sektoretik eta kazetaritzatik ere egon zen jendea –ikuspegi antiespezista ere egotekoa zen, baina azkenean, Junkal Arruti Tenak ezin izan zuen bertaratu–. Hurrenez hurren, Sukar Horia taldeko Ainara Kaltzakorta Urresti, Bilgune feministako Osatze Feministako Maite Zabala Idigoras, Miren Vives Urbieta arkitektoa, Arantza Arrien Goitiandia, Lorea Agirre Dorronsoro, Amanda Dias Verrone, Estitxu Villamor Lomas eta kronika honen idazle Jenofa Berhokoirigoin Hirigarai. Eremu guzietan txertatu beharreko gogoeta eta praktika multzoa delako ekofeminismoa, eta horrela baizik irauliko lukeelako sistema, edo –"gauza eskandalagarri hori", Amaia Perez Orozco ekonomialari feministaren hitzak berriz hartuz–. Lehenik eta behin, gehiegitan bakoitza beretik eraman ohi diren ekologismoa eta feminismoa elkar elikatu eta osatu beharko lirateke, bakoitzaren praktikei eta gogoetei bertzearen irakurketak txertatuta. Ideia horrekin zabaldu zuen gogoeta Kaltzakortak. Hausnarketa, galdera eta helmuga andana partekatu ziren guzien artean:

“Ekofeminismoaren ekarpen nagusietakoa da ikusaraztea
gure eredu energetikoaren atzean dauden bizitzak”
Estitxu Villamor
Kolektibotik

"Alternatiba pertsonalak ez dira sostengarriak, taldeko alternatibak ditugu osatu behar", Arantza Arrienen hitzetan. Oinarri hori berme gisa harturik, lekuan leku diren hainbat borroka elkar lotu eta aliantzak sortzeko beharra azpimarratu zuen Lorea Agirrek, ikuspegi intersekzionala osagai zentral gisa kokatuta. Hor euskarak lekua duela oroitarazi zuen, hizkuntza ez delako komunikatzeko tresna soila: "Botere harremanen agerpena probokatzen duen tresna da, eta gainera, gizartea eraikitzeko baliabide ere bada, geure buruak egiteko tresna inportante bat".

Dekolonialitatetik

"Ekofeminismoaren ekarpen nagusietakoa da ikusaraztea gure eredu energetikoaren atzean dauden bizitzak", Estitxu Villamorren oharrari segi. Hau da, mendebaldetarrok bideraturikoak zer-nolako suntsiketa eragin dezakeen munduaren beste puntan –batez ere Hego Globalean–. Ikuspegi dekolonialetik begiratu behar diogu gure kontsumo ereduari: "Jarraitzen dugu berdin kontsumitzen eta kalteak esternalizatzen. Pribilegio bat da gurean jarraitzea bizitza eredu horrekin. Pribilegio bat da makroproiektuen aurka borrokatzea eta geldiarazten lortzea, beste lurralde batzuetan ezin dituzte geldiarazi". Deserosoa zaizkigun galderak luzatzeko espazio segurua jasorik, ondokoak zabaldu zituen: Nola eginen dugu kontsumoaren murriztearena? Zeinen ardura da? Herri mugimenduarena? Politikariena?

Zentzu beretik hitz egin zuen Jenofa Berhokoirigoinek, eta argi utzi zuen gaur egungo instituzio politiko eta finantzarioek bideratu trantsizio ekologikoa "erabat koloniala" dela, eta desazkundea daukagula aterabidea: "Gure ardura da desazkundearen proposamena lantzea eta zabaltzea, eta hori modu baikorrean eta beti ere plazerretik".

Lurretik

Lurraren aldeko borrokek eta lurrarekilako loturek aipamen zabala izan zuten jardunaldietan, landa eremua mugimenduaren zentroan kokatuz. Nekazariak, abeltzainak eta basozainak izanen dituen landa eremua ezinbestekotzat jotzen da, eta nola ez, feminismotik ere aitzina eginen duen baserri eremua.

Lurraren kontrolaren eta ustiapenaren arazoari zuzenbidetik eta begirada ekofeministatik begiratzen dio Amanda Diasek: "Lurraren kontrola eta kontzentrazioa dira eredu heteropatriarkalaren, kapitalistaren, kolonialaren eta ekozidaren oinarrian", eta gizon zis-en esku geratzen da ondasuna. Hori horrela, heteroarauaren aurkako eta agrofeminismoaren aldeko borroken garaipenik ez du irudikatzen emakumeen eskuetatik at gelditzen direino lurrak.

Lur honek barne biltzen duen aniztasuna kontuan hartzen duen mugimendua da ekofeminismoa: "Sostengarria izango da edo ez da izango; izango da pertsona, animalia, landare eta izaki orori bizitza duina bermatzen diona hil arte", Arrienen hitzetan. Botere-harreman guziak –antropozentrismoa barne– kontuan hartzen dituen ikuspegia delako ekofeminismoa.

Bizi(tza) oro errespetatuz

Besteen bizia eta norberarena, nola ez. Ez pentsa gure bizitza eredu frenetikoan erraza denik bizitza guziei eta biziari errespetua eta begirunea bideratzea. "Apaltasuna" eta "onarpena" galdatzen du, Maite Zabalaren hitzetan: "Bizitzak agintzen du, dena ezin dugu kontrolatu... Bai naturak bai gorputzak euren ibilbideak dituztela onartu beharrean gaude". Jarrera aldaketa andana dakar horrek: gure gorputzari konektatzea –ez soilik buruari, arrazoiari–; naturaren zein gorputzaren zikloei arreta jartzea; intimoa politizatzea; ohiturak eta erritualak berreskuratzea ala berriak asmatzea; plazerez hitz egitea...
Miren Vivesek ere jorratu zuen bizitzak zentroan jartzearen garrantzia. "Hurbiltasunaren kontzeptua berreskuratu behar dugu, eta hirigintzatik erran nahi luke auzoak eta herriak direla oinarrizko unitateak, eta ez hiriak". Batez ere, "baliabide pertsonal garrantzitsua" den denbora lapurtzen digulako hiriak. Denboraz hitz egin zuen Kaltzakortak ere, eta zehaztu zuen ekofeminismoak ekarri dezakeela mugimendu ekologistak beharko lukeen erritmo aldaketa: "Larrialdi klimatikoa dela-eta, askotan hitz egiten da arazoaren eta aldaketen berehalakotasunaz, baina etorkizun sostengarriak bestelako erritmoak eskatzen ditu".

Hirigintzaren denbora-espazioa luzea dela ohartarazi zuen Vivesek: gaur egun gogoetaturiko eta marrazturiko hiria hemendik 10-15-20 urtera gauzatuko da. Tamalez, hiriak ez dira ez ekologismotik ezta feminismotik ere irudikatzen. Ekofeminismotik irudimena martxan jarri eta nolako hiriak nahi ditugun imajinatzeko ariketari lotzeko gomita luzatzen du arkitektoak, bizitza gertatzea posible eginen lukeen biharko hiria osatzeko: "Nola nahi dugu bizi gure auzoan? Bizitza guziak dira ezberdinak, premia eta behar guziei erantzuteko nolako espazioak sortu behar dira? Bizitza anitzak posible dira etxe eta kale guztiak berdinak direnean? Zergatik kale batean ongi gaude eta bestean ez? Jarri gara horri buruz pentsatzen?".

Homogeneizazioaren kontrako bidean doan proposamena delako ekofeminismoarena. Monokultura beti delako gaitza, izan bioaniztasunarentzat ala kulturentzat.

E-CHO proiektua: Pirinioetako oihanak, abioiak hegalarazteko erregai
E-CHO izenaren gibelean gordetzen den makroproiektuari so jarri gara, Zuberoatik hurbil, Biarnoko Lacq herrian egitekoa den egitasmo omen ekologikoa hurbilagotik ezagutzeko asmoz. Hiru gune industrial... (+)
Frantziako Estatuaren gobernantzaren mugak begi-bistan Mayotte uharteetan
Frantziako Estatuaren menpe segitzen duen Indiako Ozeanoko Mayotte irlan biderkatuz doaz kolera kasuak. Uraren kudeaketa kaskarra izan ohi da eritasun horren zabalpenaren arrazoietan eta, hain... (+)
Ingurumenaren aldeko neurrien arintzea dakarren NPBaren erreforma onartu dute eurodiputatuek
Europako Batzordeak landutako Nekazaritza Politika Bateratuaren "sinplifikazioaren" alde bozkatu dute eurodiputatuek. 425ek egin dute alde, 130ek aurka eta beste 33 abstenitu dira. (+)
Lehen aldia da klima larrialdiaren harira estatu bat zigortzen duela Europako Giza Eskubideen Auzitegiak
Suitza zigortu du Estrasburgok, estatu horrek bideraturiko klima politikak adindunen eta oro har herritarren osasun eskubidea zangopilatzen duelakoan. Ebazpena txalotu dute talde eta norbanako ekologistek... (+)
Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa
2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan,... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora