Makroproiektu eoliko bat hemen, fotovoltaiko bat hor, makrogranja bat honaxeago, makronegutegia haraxeago, erraustegi bat izkinan, makrotrenbidea erdian... Ingurumena eta berarekin batera bizitza kaltetzen eta hipotekatzen duten multinazionalen proiektuak biderkatzen doazen heinean, aktibatuz doaz, baita ere, hauei aurre egiteko tokian tokiko herritar taldeak. Hauen guztien artean harreman sareak josiz doaz eta berrogeita hamar taldek baino gehiagok manifestazio deialdi bateratua egin dute maiatzaren 20rako, Gasteizen 18:00etan San Anton plazan da hitzordua. Deitzaileekin bildu gara.
Lurraren defentsa ekarri dute lehen lerrora talde hauek, mundu osoan jatorrizko herriek egin ohi duten moduan. Izan ere, Euskal Herriko mendialdera eta landa eremura iritsia da kolonizazioa. Sistema kapitalistak Lurraren mugekin topo egin du eta klima larrialdira, biodibertsitatearen galerara, materialen agortzera... ekarri gaitu. Probetxu ekonomikoa ateratzen dutenek nahiago dute, antza denez, sistema aldatu beharrean industrializatu gabe geratzen diren eremu apurrak bereganatzea eta logika berarekin ustiatzea, hori bai, lazo berdez bilduta eta arazoaren irtenbide den opari gisa aurkeztuta.
Manifestazioa antolatzen buru-belarri dabiltzan hiru kideri eman diegu hitza: Rebeka Gonzalez de Alaiza eta Itsaso Balza de Vallejo Arabako Mendiak Aske eta Araba Bizirik taldeetako partaide dira eta Gaizka Otamendi, Sañu Bizirik taldekoa da. Hauek ohartarazi digute lazo berdez bildutako "opari" hori etorkizuna hipotekatuko digun zuloa dela, lurrarekin batera gure elikaduraren eta bizitzaren burujabetza dagoela jokoan eta sistema kapitalistak ekarritako krisi anizkoitz honen aterabidea justu beste norabidean dagoela: eredu aldaketan. Zergatik ez da pil-pilean diren gai horiez eztabaidatu hauteskunde kanpainan?
Manifestazio hau da makroproiektuen aurkako talde guztiek elkarrekin egingo duten lehen ekintza. Itsasok azaldu du nola joan den sarea zabaltzen: "Arabako Mendiak Asken batu ginen eolikoen kontrako borrokak eta AHTren aurkakoa. Tuestan negutegi hidroponiko bat egiteko proiektua agertu zen, eta zentral fotoboltaikoen kontrako mugimendua ere gehituta sortu zen Araba Bizirik". Geroztik sarea pixkanaka josiz joan da Euskal Herri osoko taldeen artean. Sare hori "indarrak batzeko, informazioa partekatzeko eta megaproiektuak geldiarazteko" oso beharrezko zaiela azaldu dute.
Gaiak eta ikuspegiak batuz doaz partekatzen duten borrokan. Gaizkak honela laburtu du zein ideiak batzen dituen: "Lurraren defentsa, elikadura burujabetza, eta eredu ekonomiko hau zalantzan jartzen dugula, bera delako egoera honetara ekarri gaituena". Rebekak gehitu du: "Lurraldeari eustea ere bai. Gure lurraldeaz jabetzen ari dira eta hori azaleratzeko sortu da mugimendu hau. Bioaniztasuna beste zutabe bat da guretzat: jaso duguna etorriko diren belaunaldiei utzi behar diegu, ezin dugu gehiago txikitu. Beste ardatz bat jendearen erabakimena da: erabakiak zentralizatzen ari dira. Arabako kasuan, zentral eoliko baten proiektua aurkeztu den kasuetan, kontzejuek ezetza esan dute. Kontzejuak dira lurraren jabeak eta lur horiek kudeatzeko ardura dutenak. Lur horien jabegoa ez da pribatua eta horri esker hobeto mantendu dira orain arte".
"Multinazionalen gurdiari tiratzeko helburuarekin ari dira proiektu hauek egiten eta gainera, herritarroi ez zaigu uzten gai honi buruz debatitzen"
Gaizka Otamendi
Gaizkak ohartarazi du ezberdina dela herritar, administrazio eta enpresak jokatzen ari diren papera, lurraren gatazka honetan: "Multinazionalen gurdiari tiratzeko helburuarekin ari dira proiektu hauek egiten eta gainera, herritarroi ez zaigu uzten gai honi buruz debatitzen. Herritarrok gure lurrean jabe izatea nahi dugu". Rebekak gehitu du: "Enpresen menpean gaude eta gainera administrazioa haien bidea eta tramitazioak errazten ari da. Berez, enpresak dira proiektuak non jarri erabakitzen ari direnak".
"Makroproiektu hauek denak ari dira bioaniztasunarentzako oso hauskorrak diren lekuetan proiektatzen. Mendietan jartzea da justu egin beharko ez litzatekeena", salatu du Gaizkak. Proiektu hauek jartzekotan gune industrialetan eta jada artifizializatuta dauden guneetan jarri behar liratekeela argudiatu dute. Gaizkak jarraitu du: "Gipuzkoan, 254 pertsona bizi gara kilometro koadroko eta jaten dugun elikaduraren %4ra ere ez da iristen bertan ekoizten duguna. Lehen sektorea erabat txikituta daukagu eta zer egin behar dugu, gelditzen den lurra kendu eta multinazionalen esku jarri? Biharko egunean lur horretatik sor daitezkeen elikagaiei aukera itxi?". Rebekak ohartarazi du energia krisiarekin beharrezko izango dela elikagaiak gertu eskuratzeko aukera izatea: "Lur emankorrean eguzki plaka jarrita, hortik ez dugu ezer jango. Petrolioa gainbeheran dago, pentsatu behar dugu gure elikadura nondik datorren eta etorkizunean hemen egin beharko dela: fosilekin moztu behar dugu, sasoiko elikagaiak jan...".
Natur eremuetara eraman nahi dituzte proiektuak, baina teknologiak ez duela natura ordezkatzen oroitarazi du Itsasok: "Hainbeste arbola kenduko dituzte zentral eoliko bat jartzeko. Baso batek egiten duena, uraren zikloan, karbonoan eta abar, ez du inongo makinak egiten. Ezinezkoa da". Rebekak jarraitu du: "Proiektu horiekin lurraldeak zatikatzen dituzte. Ekosistema batek, sano egoteko, inguruko ekosistemak behar ditu espezieak ugaltzeko eta genetikoki aberatsak izateko, honela lortzen baitute ingurura egokitzea eta etorriko zaizkigun aldaketei aurre egitea. Hesiak jartzen ditugunean, pobretzen joaten dira landaretza eta animaliak, ez delako espezie berekoen arteko harremanik garatzen eta pixkanaka ekosistema horiek ahuldu egiten dira. Espezie guztien beharra dugu naturak funtzionatu dezan. Espezie txiki bat bukatzeak aldaketa oso latza ekarri dezake".
Naturaren eta izaki bizidunen parte garenez, mendialdean bizi den jendeei ere kalte egiten zaiela oroitarazi du Rebekak: "Proiektu hauekin sakrifikatu beharreko zonak markatzen ari dira. Hori pertsona batzuk baztertzea ere bada, bizi garen lekuaren arabera. Bi kolonialismo mota daude orain: batetik, jarraitzen dugu gure ongizatea asetzen Hegoalde globaleko herrien bizkar eta horietan baztertutako eremuak sortzen dira, herri osoak beraien lurretatik bidaltzen dituzte; eta orain gauza bera egiten ari dira Euskal Herri barruan, sakrifatu beharreko zonaldeak markatuta. Kolonialismoa etxe barrura iritsi zaigu". Gaizkak jarraitu du: "Bidali egin nahi gaituzte landa eremutik, denok gune urbanoetan sartzea nahi dute. Landako jakintza eta kultura erabat etetea nahi dute. Guretzat lurra bizitzeko modu bat da, eta denbora oso gutxian txikitu egin da lur bizi hori".
"Landa eremuak guztiontzako dira beharrezkoak, hirian bizi den jendearentzako ere bai"
Itsaso Balza de Vallejo
Itsasoren ustez bada beste arrazoi bat makroproiektuak landagunean egiteko: "Landa eremuan jende gutxiago bizi denez, agian politikariek pentsatzen dute proiektu hauek ez dutela hainbesteko erantzunik jasoko. Baina landa eremuak guztiontzako dira beharrezkoak, hirian bizi den jendearentzako ere bai".
Itsasok dio makroproiektu hauek ez diotela irtenbidea ekarriko anizkoitza den krisiari: "Saltzen diguten ipuinak ez du ezer konponduko, nahiz eta dena eolikoz eta fotovoltaikoz josi, batzuek poltsikoak beteko dituzte eta arazoak hor jarraituko du, edo gero eta arazo gehiago izango ditugu". Gaizkak berretsi du: "Eredu ekonomiko honekin arazoak ez dauka amaierarik. Mendi denetan eolikoak jarrita ere, inoiz ez da nahikoa izango, hazkundearen logika baitago muinean". Itsasok zera gaineratu du: "Proiektu hauek bertako baliabideak hartu eta eraman egingo dituzte baina hemen ez da ezer geratuko". Rebekak azaldu duenez, "argindarra Frantziara eta Alemaniara eramateko ari dira prestatzen. Kolonia energetikoa izango gara haientzat". Gaizkak hau gaineratu du: "Laster pasatuko gara autopista elektrikoak egitera energia berriztagarriak esportatzeko. Espainiako Estatua Europako 'bateria' izango dela esaten da, eta Euskal Herria zati batean ere bai".
“Energia enpresak beraien trantsizioa egiten ari dira, ez trantsizio ekosoziala”
Rebeka Gonzalez de Alaiza
Rebekaren ustez, hau ez da trantsizioa: "Energia enpresak beraien trantsizioa egiten ari dira, ez trantsizio ekosoziala: fosiletik ateratzen dituzten etekinak orain berriztagarriekin atera nahi dituzte, baina gure diruarekin, ze Next Generation funtsek guri ekarriko digute zorra eta etorriko diren belaunaldientzako zama handia izango da, haien aukerak jaten ari gara". Gaizkak "lapurreta" deitu dio jokaldi honi: "Gure diruarekin egiten dute negozioa, eta gure lurrak kentzen dituzte beraien irabazirako. Negozio biribila da". Rebekak dio epe motzeko adabaki bat baino ez dela ingurumena suntsituko duen planteamendu hau: "20-30 urtetan, mendi eta nekazal lur guztiak kolonizatutakoan, ez da fosilik egongo berriro zentral berriztagarriak berritzeko eta hantxe geratuko dira azpiegitura guztiak, bidean biodibertsitatea galduta, komunalak galduta, herriak galduta... eta zer jango dugu?". Gaizkak erantzun dio: "Haragi sintetikoak, tomate hidroponikoak... hori da haien proposamena". Lurra galtzea bizitzarako burujabetza galtzea dela diote: "Lurralderik ez badugu, haiek jabetzen badira gure lurraldeaz, zer borroka geratzen zaigu? Haien menpe geratuko da gure elikadura eta gure bizimodua" eta lema hau oroitarazi dute: "Lurralderik gabe borrokarik ez eta borrokarik gabe lurralderik ez".
Trantsizio ekologiko eta soziala justu kontrako norabidean egin behar dela berretsi dute hiru kideek: "Planetaren mugak aintzat hartuta". Gaizkaren hitzetan, "eredu ekonomiko honek ekarri gaitu klima larrialdi honetara eta bioaniztasunaren galerara. Ezin da horrela jarraitu". Rebekak izena jarri dio: "Kapitalismoak dena nahi du: gure esku dauden lurrak nahi ditu, orain fronte hori zabaldu du sistemari jarraipena emateko, izan ere, kapitalismoa naturaren eta jendearen esplotazioan oinarritzen da. Trantsizioa izango bada, eredu aldaketa etorri behar da, bai ala bai". Gaizka konbentzituta dago aldaketa derrigorrean etorriko dela: "Nahi eta nahi ez, hemendik urte batzuetara aldaketa oso sakona jasango du gure bizimoduak. Energia fosilak eta mineralak agortzen ari dira eta hori ordezkatuko duen beste energia iturririk ez dago. Desazkundea etorriko da; ez guk nahi dugulako, baina etorriko da, eta akaso hasia da etortzen eta ez gara konturatu".
Rebekak trantsizioari begira dugun dema azaldu du: "Bi bide daude: bata eliteena, hauek dena eskuratzen ari dira eta ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitzen dute haien bizitzarekin; gero eta handiagoa da haien eta gure arteko arrakala, besteak beste, dagokigunaz jabetzen ari direlako. Eta beste bidea da lehentasunak aztertzea eta daukagunarekin zer asetu dezakegun lantzea, baina denontzako. Planteamenduak orokorra izan behar du, guztiontzako. Eta ekonomia berriz berlokalizatu beharra ikusten dugu, eta energia ere maila lokalean ekoiztu behar da. Eta hori guztia egiteko gure arteko harremanak landu behar ditugu, gauzak modu komunitarioan egin, gauzak kudeatzeko beste era batzuk martxan jarri oligopolioen esku utzi gabe...".
Hauteskunde bezperetan deitu dute Lurraldearen defentsan Euskal Herria Bizirik manifestazioa, Itsasok argitu duenez, "erakutsi nahi dugulako jende asko ez gaudela ados egiten ari direnarekin. Eta gai hau mahai gainean jartzeko". Izan ere, trantsizioa egiteko ereduen talka ez da eztabaidagai izan hauteskunde aurrean: "Ez dugu alderdirik ikusten eredua aldatzeko proposamen zehatzik duenik. Aterperik gabe gaude, umezurtz sentitzen gara Euskal Herrian", adierazi du Rebekak. Gaizkak zera gehitu du: "Politikariek herritarron interesak babestu beharrean, askotan enpresa multinazionalen zerbitzura daudela ematen du. Uste dut beldur direla esateko eredu honek eman duela eman beharrekoa eta beste bide bat hartu behar dugula. Inor ez da ausartzen gai horri adarretatik eusten. Politikariek abilidade handia dute momentuko adabakiak jartzeko eta handik 20 urtera, hurrengo gizaldiak ordaindu behar izaten ditu lehen egindako adabaki horiek. Uste dut horretara doazela". Rebekak hala adierazi du: "Politikarien planteamendu hauek segidistak dira eta enpresen menpe daude".
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545