Astelehenero 8:00etan zure epostan
Internet lurralde fisiko bat izango balitz, planetako seigarren lurralderik kutsakorrena izango litzateke .
Elektronikako gailuen ekoizpenean erabiltzen diren mineral natural kantitate handiaren, ekoizpen prozesuan sortzen den CO2 isurketaren eta epe laburrean erabilerarik gabeko elektronika material-hondakinen berri bagenuen. Baina ezezagunagoa zaigu datu biltegien azpiegiturek eta datu digitalek sortzen duten ingurumen hondamendia.
Datu digitalen byte bakoitzak aztarna ekologiko bat uzten du. Email bat bidaltzeak CO2 isurketa gramo bat suposatzen du, eta erabilerarik gabeko biltegiraturiko argazkiek isurketa bat dute ere bai. Materia eta fisikotasunik gabeko datu digitalek, metabertsoak, adimen artizifizialak, gauzen internetak, laneko eta bizitza sozialeko streaming eta bideo-deiek ingurumenean eragina dute, eta ez omen da txikia. Hodeiaren irudi etereoak iradokitzen duen garbitasunak engainura eramaten gaitu. Eta etorkizunean datu digitalen hazkuntza zeharo handituko dela jakiteak alarma piztu beharko liguke, giza eta mental alorrekin batera, ingurumen inpaktuagatik.
Toledon datuak biltzeko campus erraldoia eraiki nahi dute aurten, Europako bosgarren handiena, facebook, instagram eta Whatsapp aplikazioen datuak gordetzeko batik bat. Eta berriki albistea izan da, eraikuntza multzo berriak ur-kontsumo ikaragarria behar duela telekomunikazio eta elektronika sareen hoztea lortzeko, non eta lehorte latzak pairatzen ari den zonalde batean. Gobernariak azkar erantzun dute berreskuratze hidrologiko plan bat izango duela eraikinen egarriak biztanlegoaren ur beharretan eraginik izan ez dezan. Baina proiektuari buruz egin diren zehaztapen teknikoak oso lausoak dira oraindik eta ez garenez atzo jaioak, susmoa esnatzen du. Baliteke munduaren bizimodua digitalizatzea black box erraldoien truke izatea, eta baliabide materialen xahutzearen joerari eustea, inmaterialtasunak ez baikaitu libratuko.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545