Astelehenero 8:00etan zure epostan
Antzerkiaren eta ikuskizunen munduan ari zen lanean Karolina Peños pandemiak bete-betean harrapatu gintuenean. “Kimikako goi mailako zikloa egina nuen, pandemian lanik gabe gelditu nintzenean baserrian bizi ginen Bergaran, eta hor hasi nintzen inguruan genituen landareak erabiliz etxerako olioak eta bestelakoak egiten”, gogoratu du.
2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.
Sendabelarren eta ukenduen inguruko hainbat ikastaro egin zituen bere garaian ekoizleak, baina batik bat bere kabuz ikasi du. “Umearentzat ukenduak egiten hasi nintzen, irakurtzen, landareen propietateen inguruko informazioa biltzen…”. Azoketara joaten hasi eta pixkanaka bere produktuak bidea egiten ari zirela ikusita, baserrian laborategia egiteko edukiontzi bat erosi zuen. Baina baserria ez zen berea, eta tokiz mugitu zitekeen laborategi mugikorra egitea egokiagoa izan zitekeela bururatu zitzaion. “Autobus bat erosteko aukera suertatu zen orduan, eta horixe egin nuen: autobusa erosi, guztia desmuntatu eta laborategi bihurtu”, dio.
Autobus-laborategian aritu zen lanean denbora batez, baina bizitzak bizitokiz aldatzera eraman zuen, eta han-hemen ibili ondoren, duela bi urte Getxon topatu zuen azkenean bere txokoa. “Etxea dut hemen, landareak ekoizteko lursaila alokairuan, eta laborategia egiteko lokal bat ere bai”. Peñosek azaldu duenez, produktuak egiteko darabiltzan landareen %45 berak baratzean ekoitziak dira, eta %25 mendian jasotakoak. “Kosmetika ekoiztea baino gehiago, niri benetan landareekin lan egitea gustatzen zait, hazia jartzea, landarea haztea…”.
Katalogo zabala du gaur egun Karola Kosmetika Naturala proiektuak: hainbat xanpu mota, aurpegiko eta gorputzeko xaboiak, kremak, serumak, eltxoen kontrako ukendua, zorrientzako tonikoa… baita fama oso ona hartu duen desodorantea ere. “Uste dut geroz eta jende gehiagok begiratzen duela kosmetika produktuak nola eta non eginak dauden, eta kontzientziarik ez dutenek ere azoketan postua topatzean gustura entzuten naute. Esanen nuke gehienek ulertzen dutela hau dela bidea”, dio.
Azoketan zuzeneko salmenta egiten du ekoizleak batik bat, baina webgunearen bidez ere saltzen du produktua gaur egun. “Dendetan jartzea ez dut ikusten momentuz, izan ere, honetatik bizi bai, baina ongi bizi nahi dut, nire denbora ere izan. Gehiago ekoiztea besteek saldu ahal izateko, prezioak jaitsiz, nik laborategian denbora gehiago pasatuz… horrek ez du zentzurik niretzat. Nahi dudalako naiz artisaua, bestela kosmetikoen enpresa bat nintzateke, eta hori ez dut nahi”, amaitu du.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545