Asteroko buletina
Utzi naturari zure baratzean bizitzen

AHTren obrak eta Renfe: murrizketak eta buruhausteak Gipuzkoako tren zerbitzuan, zazpi urtez

2017an Gaintxurizketan tunela zulatzen hasi zirenetik etengabeak izan dira AHTko obrek Renferen tren zerbitzuan eragindako murrizketak eta kalteak. Orain, Espainiako Garraio Ministerioak iragarri du udaran hainbat astez etenda egongo dela zerbitzu hori Hernani eta Irun artean. Gipuzkoako Batzar Nagusiek ordezko autobus zerbitzu bat martxan jartzeko eskatu dute.


2024ko ekainaren 13a
Gaitxurizketako tunelera agintarien bisita, 2023an.

Ez da kasu isolatu bat, Abiadura Handiko Trena eraikitzen den toki orotan gertatzen den zerbait baizik: tren konbentzionalaren zerbitzuak kaskartu egiten dira, eta zenbait kasutan desagertu ere bai. Gipuzkoan azken zazpi urtetan jasan dituzte AHTren “hirugarren errailaren” obrak Donostia eta Irun arteko herritarrek, nahiz eta haietako askok seguruenik ez duten sekula erabiliko tren laster hori.

2017an hasi ziren eraikitzen Gaintxurizketako tunela, eta ondorioz, Errenteria eta Irun artean linea bakarreko trenbidea ezarri zuten. Horrek murrizketa handiak eragin ditu zirkulatzen duten aldiriko trenen kopuruan eta ordutegian. AHTren obra horiek lau urtez geldirik egoteak, egoera denboran luzatzea besterik ez dute ekarri, gainera.

2017an hasi ziren eraikitzen Gaintxurizketako tunela eta horren ondorioz Errenteria eta Irun artean linea bakarreko trenbidea ezarri zuten; horrek murrizketa handiak eragin ditu zirkulatzen duten aldiriko trenen kopuruan eta ordutegian

Hiru astez trenik gabe, abuztu betean

Behin martxo honetan Gaintxurizketako tunela amaituta, Loiolakoari ekin dio Adifek –Espainiako sozietate publiko hori ari da zati horretan AHTren obrak egiten–, eta berriz ere murrizketak ezarri dituzte, kasu honetan Hernani eta Donostia artean.

Orain, Kaputxinoen tunelean egingo duten obren harira Espainiako Garraio Ministerioak iragarri du udaran hainbat astez –abuztuan, Aste Nagusi betean– erabat etenda egongo dela Donostia eta Irun arteko zatia, eta Hernaniraino ere irits daitezkeela etenaldiak.

Murrizketa horiek herritarrengan nekea eta haserrea eragin dute. Kalteturiko udalerrietako EH Bilduko hainbat alkatek maiatzean egindako prentsaurreko batean Renferen zerbitzuen kalitatea hobetzea exijitu zuten. Azaldu zutenez, 2016an Irun-Brinkola ibilbidea egiteko ordu eta erdi behar bazen, orain bi ordu behar dira, eta aldiriko trenen maiztasuna erdira murriztu da.

Irunen hainbatetan eten behar izan dute tren zerbitzua obren ondorioz. Argazkia: Adif

Inbertsio "defizita" aitortu du Santanok

Atzerapenak ez dira soilik murrizketek eragindakoak: “Matxurak gero ohikoagoak dira egunero, eta, ondorioz, tren zerbitzua eten egiten da aldez aurretik jakinarazi gabe, edo minutu askoko atzerapenarekin iristen da”, azaldu dute EH Bilduko ordezkariek. Baina egoera horretara ez gara iritsi egun batetik bestera, baizik eta “azken bi hamarkadatan inbertsio oso gutxi” egin direlako ohiko tren zerbitzuan.

“Matxurak gero ohikoagoak dira egunero, eta, ondorioz, tren-zerbitzua eten egiten da aldez aurretik jakinarazi gabe, edo minutu askoko atzerapenarekin iristen da”

Asteazken honetan Espainiako Garraio idazkari eta Irungo alkate sozialista-ohi José Antonio Santano hainbat alkaterekin bildu da eta “inbertsio defizit” hori badagoela onartu die, El Diario Vasco-n irakurri daitekeenez.

EH Bilduren ekimenez udaletan mozioak aurkeztu dituzte eta Espainiako Garraio ministro Oscar Puenteri gutunak bidali dizkiote: “Nire kezka adierazi nahi dizut milaka erabiltzailek jasaten duten egoerarengatik”, dio Hernaniko alkate Xabier Lertxundik gutun horietako batean.

Batzar Nagusiak autobus zerbitzu eske

Gaia Espainiako Senatura eta Eusko Legebiltzarrera iritsi da, baita Gipuzkoako Batzar Nagusietara ere. Erakunde honetan, ekainaren 5ean EH Bilduren ekimenez ebazpena onartu zuten, Garraio eta Mugikortasun Ministerioari eskatzeko “berehala martxan jar dezala ordezko autobus zerbitzu eraginkor bat”. Hala egingo ez balu, Gipuzkoako Foru Aldundiak hartu beharko luke bere gain autobus horiek martxan jartzea.

“Badago mugikortasun pobrezia bat; ze mundu guztiak ez dauka automobil bat”

“Askok ezinbestekoa dute Renfeko aldiriko zerbitzua, hainbat zonaldeetan autoaren erabileraren aurrean ez baitute beste garraiobide publikorik”, azaldu zuen EH Bilduko Oscar Bordesek eztabaida saioan. Ildo berean hitz egin zuen Elkarrekin Gipuzkoako Miren Echevestek: “Egia esan, badago, eta hau mahai gainean jarri nahi dut, mugikortasun pobrezia bat; ze mundu guztiak ez dauka automobil bat”.

PSE-EEko Susana Garcíaren esanetan, ordea, murrizketa horiek ez dute zerikusirik AHTko obrekin, baizik eta “egungo sarea Europakoarekin interkonektatzeko lanekin”. Bozeramaile sozialistak “kexaka” aritzea leporatu zien EH Bilduko eta Elkarrekin Gipuzkoako batzarkideei.

Guggenheim Urdaibairi loturiko bide baten obrak geldituta daude, helegite baten ondorioz
2024-10-17 | Urko Apaolaza Avila
Eusko Jaurlaritzak epe mugarik gabe gelditu du Muruetan egitekoa zen oinezkoentzako egurrezko pasabide baten exekuzioa, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak helegitea jarri ondoren. Museoaren sarbideetako bat... (+)
Proiektu eraldatzaileen bilgune izango da Oiartzun hiru egunez, burujabetzak eta trantsizio ekosoziala ardatz
2024-10-10 | Urko Apaolaza Avila
Urriaren 17tik 19ra Burujabetzak izeneko jardunaldiak antolatu dituzte Oiartzun Burujabek eta Udalbiltzak. Tokiko esperientzia eraldatzaileak ezagutzeaz gain, Gironako alkate Lluc Salellasek eta CUPeko parlamentari-ohi Mireia... (+)
Europako legea bete eta degradatutako natur guneak leheneratzea eskatu diote Jaurlaritzari
2024-10-10 | Urko Apaolaza Avila
Europar Batasunak abuztuan onartutako araudi baten arabera, 2030erako degradaturiko eremuen %20 lehengo egoerara itzularazi behar da. Hori dela-eta, hainbat eragilek Jaurlaritza, natura leheneratu orain dokumentua... (+)
Eta klimaren konponbidea baso eta paduretan ere balego?
2024-10-06 | Urko Apaolaza Avila
Urriaren amaieran Calin (Kolonbia) egingo den Biodibertsitateari buruzko COP16 biltzarra mugarri izan daiteke, lehen aldiz ekosistemen galera jarri nahi delako CO2 isurien eta berotze globalaren... (+)
Amiantoaren biktimentzako funtsa "behingoz" martxan jartzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari
2024-09-25 | Urko Apaolaza Avila
Bi urte igaro dira Espainiako Estatuan funtsa sortzeko legea onartu zutela, baina Pedro Sánchezen gobernuak oraindik ez du araudirik garatu eta ez du aurrekonturik funtsa... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora