Azak eta porruak eraman ditu neguak.

Europako legea bete eta degradatutako natur guneak leheneratzea eskatu diote Jaurlaritzari

Europar Batasunak abuztuan onartutako araudi baten arabera, 2030erako degradaturiko eremuen %20 lehengo egoerara itzularazi behar da. Hori dela-eta, hainbat eragilek Jaurlaritza, natura leheneratu orain dokumentua sortu dute, eta asteazken honetan aurkeztu dute publikoki Donostian.


2024ko urriaren 10a
Donostian aurkeztu dute 'Jaurlaritza, natura lehenratu orain' dokumentua publikoki eta dozenaka eragileren atxikimendua jaso du jadanik.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Degradatuta dauden Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako guneak identifikatu eta lehengo egoerara berrezartzeko “aparteko neurriak” hartu ditzala eskatu dio Eusko Jaurlaritzari mugimendu ekologistako eta naturaren aldeko ekintzaileen ordezkaritza zabal batek, asteazken honetan Donostian. Euren esanetan, Europan onartu den araudi berria ezartzeari “lehentasuna” eman beharko lioke Imanol Pradalesen gobernuak.

Hitzordua Cristina Enea parkean jarrita bazuten ere, Gladys del Estalek hain maitea zuen Donostiako biriketako bat den horretan, azkenean eguraldia dela-eta Tabakaleran elkarretaratu dira Baso Biziak plataforma, Denon Berdeguneak koordinadora, Egurra eta Kandela baserritar ekintza, eta Eguzki eta Ekologistak Martxan talde ekologistetako ordezkariak. Jaurlaritza, natura leheneratu orain dokumentua aurkeztu dute agerraldian, testua sortu duten bost talde horiez gain, beste 22 eragileren atxikimendua ere baduena.

Konpromisoak lortzeko bide luzea

Abuztuaren 18an Europar Batasuneko Ingurumen Ministroen Kontseiluak Natura Leheneratzeko Legea indarrean sartu zen. Horren arabera, 2030erako degradaturiko lehorreko zein itsasoko eremuen %20 lehengo egoerara itzuli beharko dute EBko kide diren herrialdeek, eta ekosistema guztiak leheneratuta egon beharko dira 2050erako.

2030erako degradaturiko lehorreko zein itsasoko eremuen %20 lehengo egoerara itzuli beharko dute EBko kide diren herrialdeek, eta ekosistema guztiak leheneratuta egon beharko dira 2050erako

Ekosistemak leheneratzearen inguruan konpromisoak hartzeko nazioarteko negoziazioak luzeak izan dira, Ekologistak Martxanek gogorarazi duenez. 2022an Montrealen egindako Biodibertsitatearen Aldeko COP15 konferentzian lehen aldiz onartu zuten 2030erako biodibertsitatearen galera geldiarazi eta 2050erako “naturarekin harmonian bizitzeko helburua”.

Akordio horrek, baina, mehatxu eta erronka handiei egin behar die aurre, hala nola natur guneak babestea, multinazionalak kontrolatzea, herri indigenak aitortzea, baita natura leheneratzea ere.

Orain, Europar Batasunak helburu hori lortzeko bidean –eta biodibertsitateari buruzko bere estrategiaren barruan– onartu du Natura Leheneratzeko Araudia.

Natura Leheneratzeko Legearen inguruko prentsaurrekoa Europar Parlamentuan Alex Haulot - Europar Parlamerntua

Zirrikitu bat

Hala, araudi horrek irekitako “zirrikitua” baliatu nahi izan dute Jaurlaritza interpelatzeko, eta neurriak hartu ditzala eskatzeko, araudiaren "gutxieneko alderdiak behintzat"  bete ditzan. Talde bakoitzak legearen bere irakurketa egin du eta arlo zein ikuspegi anitzetatik egin dizkiote eskariak Lakuari.

Eusko Jaurlaritzak pausoak berehala eman beharko lituzkeela diote,  Espainiako Gobernua prestatzen ari den leheneratze planari “itxaron gabe”, horretarako badituelako nahikoa tresna

Ekologistak Martxanen esanetan, Eusko Jaurlaritzak pausoak berehala eman beharko lituzke, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioa bere aldetik prestatzen ari den leheneratze planari “itxaron gabe”, horretarako badituelako nahikoa tresna.

Agroekologiaren esparruan lanean ari den Egurra eta Kandela baserritar kolektiboarentzat, berriz, araudiak eskatzen du ekosistema “osasuntsuak, bioanitzak eta erresilienteak” izatea, eta horretarako ezinbesteko ikusten du produkzio sistema intentsibo batetik ekologikorantz egitea.

Eukalipto landaketak Hernaniko Kartola inguruan. Hori ere "arborizidioa" dela salatu du Baso Biziak-ek. Urko Apaolaza - ARGIA CC-BY-SA

Tapia Legea-ren mehatxua

Baina legea “albiste ona” den arren, ñabardurak ere egin dizkiote. Eguzki taldearen ustez, esaterako, orain arte natura leheneratzeko proiektuak ez badira aurrera atera “ez da izan lege edo araudi baten falta zegoelako”, eta adibide bezala jarri ditu Lemoizko zentral nuklearrarekin edo Txingudiko Planarekin gertaturikoa, “30 urte pasa dira eta oraindik bete gabe jarraitzen du”.

Lemoizko hormigoizko zentralak hamarkadak daramatza Basordako kalan. "Jaurlaritzak, ordea, ez du ezer egin, 2019tik haren esku dagoen arren", dio Eguzkik. Jose A. Solís - Wikimedia Commons

Denon Berdeguneak taldeak, bestalde, ohartarazi du “interes publiko handiagoko proiektuak” inposatu daitezkeela –Tapia legea izenez ezagutzen den EAEko arauarekin–, ingurumenaren kontserbazioaren gainetik.

Nolanahi ere, proposamenak ere egin dizkiote Eusko Jaurlaritzari: hirietan eta inguruetan zuhaitzek gutxienez azaleraren %10 estaltzea, herritarren parte hartzea bermatuta; Hiriko Zuhaitz eta Berdeguneen Lege bat sortzea; eta era guztietako “arborizidioak” geldiaraztea, “bereziki, ekosistemak eta bioaniztasuna nabarmen degradatzen dituzten eukaliptoen landaketak”, dio Baso Biziak plataformak.

Asteazkeneko agerraldian, bost talde horietako ordezkariak bat etorri dira hemendik aurrera dokumentu hori herrietan zabaldu beharrarekin. Horretarako udaletara ere joko dute

Udaletan ere, eta larunbatean Gernikara

Asteazkeneko agerraldian, bost taldeetako ordezkariak bat etorri dira hemendik aurrera dokumentu hori herrietan zabaldu beharrarekin. Horretarako udaletara ere joko dute, babes bila ez ezik, euren eskumenekoak diren arloetan neurriak hartu ditzatela eskatzeko.

Bestalde, larunbat honetan Gernika-Lumon Guggenheim Urdaibai Stop lemapean egingo den manifestazioarekin bat egin eta hara joateko deia egin diete herritar guztiei, natur guneak leheneratzeko euren aldarrikapenarekin “bete-betean” baitator mobilizazioa.

Atxikimendua eman duten taldeak

Dokumentuaren egileak: Baso Biziak, Denon Berdeguneak, Egurra eta Kandela, Eguzki eta Ekologistak Martxan. Atxikimendua: Greenpeace, Naturkon, Lurgaia, Seo Birdlife Euskadi, Sustraiak Habitat Design, Ehko, Besaia, Butroi Bizirik, Guggenheim Urdaibai Stop, Herri Bideak Kate Barik, Ondarroa 12 Milia, Fridays For Future Bilbao, Etxalde, Erandio Herriko Elkartea, Biolur, Errez, Sukar Horia, AHT Gelditu Nafarroa, Donostialdeko eta Oarsoko AHTrik EZ taldea, Sagarrak Ekologista Taldea, Arabako Mendiak Aske, eta Araba Bizirik

 

Energiaren Nazioarteko Erakundeak zentral nuklearrak irekita mantentzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari
2025-04-09 | Urko Apaolaza Avila
Alemanian zentral nuklearren itxierak izan duen “eragin negatiboa” kontuan izateko eskatu dio erakunde horretako buru Fatih Birolek Pedro Sánchezen exekutiboari. Iberdrola, Naturgy eta Endesa multinazional... (+)
Ekologismoaren kontrako oldarraldia AEBetan: Greenpeace 660 milioi euro ordaintzera zigortua
2025-03-20 | Urko Apaolaza Avila
Dakota Access oliobidearen kontrako protestengatik zigortu du Ipar Dakotako epaimahai batek erakunde ekologista, Energy Transfer Partners enpresak salaketa jarri ostean. Standing Rockeko sioux tribuak protesten... (+)
Nola eragingo die AEBen eta Europaren arteko norgehiagokak Euskal Herriko produktuei?
2025-03-13 | Urko Apaolaza Avila
Europako Batzordeak 26.000 milioi euroren inportazioak zergapetuko ditu apirilaren 1etik aurrera, Donald Trumpek altzairuari eta aluminioari ezarritako muga-zergei erantzunez. Enbido-komertzialek jarraitzen badute, Euskal Herrian lehen... (+)
Ura erein daiteke, eta inkek bazekiten nola
2025-03-09 | Urko Apaolaza Avila
Andeetako Altiplanoan, qocha deituriko aintzirak sortzen hasi dira inken antzinako teknikak erabilita, aldaketa klimatikoari eta sikateei aurre egiteko. Ura “erein eta uztatzea” esaten diote: ura... (+)
"Oparotasuna zer den birdefinituta, ulertuko dugu zer dugun irabazteko"
2025-03-02 | Urko Apaolaza Avila
Biologian doktorea, CESIC Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko ikerlaria eta Madrilgo Rey Juan Carlos unibertsitateko irakaslea, Fernando Valladares (Mar del Plata, 1965) klima aldaketa eta ingurumen... (+)
gora