Astelehenero 8:00etan zure epostan
Oxfam Intermon gobernuz kanpoko erakundeak egindako ikerketaren arabera, azken 36 urtean munduko %1 aberatsenek eragin dituzte karbono isuri guztien %20.
Hegazkin pribatuak dira, Oxfamen arabera, desorekaren adierazle nagusiak.
Turkian azaroan egingo den Klima larrialdiari buruzko COP31 goi bileraren aurretik argitaratu du Oxfam Intermon gobernuz kanpoko erakundeak ikerketa. Karbono isuriei dagozkien desorekak eta klima-esleipenaren ereduak alderatu ostean, hainbat ondoriotara iritsi dira. Eta datuetan badira arrakalak.
Hegazkin pribatuek soilik bi segundotan herritar pobre batek urtebetean igortzen duen karbono kopurua gainditzen dute
Izan ere, 1990. urtetik hona, munduko %1 aberatsenek eragin dituzte karbono isuri guztien %20, Oxfamen arabera. Ikerketako ondorioetatik abiatuta, eta etorkizunari begira jarrita, erakundeak uste du %1 horien urtebeteko isuriek eragin duten gehiegizko beroaren ondorioz ia bi milioi pertsona gehiago hilko direla. Horietako gehienak (%78) errenta ertain-baxu eta baxuko herrialdeetakoak, eta paradoxikoa bada ere, erakundearen arabera, herrialde horiek dira emisio kopuru apalena dutenak, %8.
Aberatsenek soilik erabili ditzaketen hegazkin pribatuak aipatzen ditu Oxfamek karbono isuriei lotutako desorekaren adierazle nagusi. Ibilgailu konkretu horiei jarraipena egin diete eta argitu dutenez, hegazkin pribatuek soilik bi segundotan herritar pobre batek urtebetean igortzen duen karbono kopurua gainditzen dute.
Sofia del Valle Oxfameko Klima Justizia arduradunaren hitzetan, “aberatsenak planeta kutsatzen ari diren bitartean, gainontzekook ondorioak jasan behar ditugu”. Izan ere, klima larrialdi egoerak areagotzen ari diren honetan, gogoratzen du baliabide gehien dutenak “hobeto” babestu daitezkeela inpaktuetatik: “Txiroenek, aldiz, etxeak, uztak eta bestelako baliabideak gehiago galtzen dituzte, eta galdu dutena berreskuratzeko ere zailtasun handiagoa daukate”.
Oxfamek 217 enpresa identifikatu ditu, klima larrialdia areagotzen dutenak eta aldi berean larrialdiekin negozioa egiten dutenak
Horri lotuta, hondamendi klimatikoak gero eta irabazi handiagoak ematen dituzten negozio bilakatzen ari direla ere aipatu du. Oxfamek 217 enpresa identifikatu ditu, klima larrialdia areagotzen dutenak eta aldi berean larrialdi horretarako prestatze, errekuperatze eta berreraikitze proiektuak dituztenak (Suntsitu eta Berreraiki indizearen barruan aurki daitezke). Horien artean daude, esaterako, Black Rock eta Vanguard inbertsio funts pribatuak, munduko handienak eta aipatutako 217 enpresa horietako %92tan inbertitzen dutenak.
Azaroan Turkian egingo den Klima larrialdiari buruzko COP31 bilerari begira, erakundeak dei egin die gobernuei arrakala horiek arintzeko neurriak hartu ditzaten. Besteak beste, tresna fiskalak aplikatuta edota egoerari egokitutako politika aurrerakoiak martxan jarrita.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545