Apaltasunik gabe ez dago baratzezaintzarik

Beroari ezin ihes egin

Uda honetako bero sapak hedabideetako eta telebistetako lerroburu gehienak hartu ditu. Gizakia beroari aurre egiteko alternatiba bila aritu den bitartean, badira animalia basati ugari haren ondorio larrienak pairatzen ari direna. ARGIA Aranzadi Zientzia Elkarteko Ion Garin herpetologoarekin eta Juan Arizaga ornitologoarekin egon da, anfibioak, narrastiak eta hegaztiak klima aldaketa nola nozitzen ari diren eta zer etor dakiekeen aztertzeko.


2026ko urriaren 15a
Argazkia: Juan Arizaga.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Gizakiak eragindako klima aldaketak ez du eteteko edo lasaitzeko asmorik: 2026ko uda 1970az geroztik –datuak jasotzen direnetik– beroena izan da Euskal Herrian. Euskal Meteorologia Agentziaren esanetan, 1991 eta 2020 artekoekin alderatuta, aurtengo udako tenperatura batezbestekoa 3,2 gradu beroagoa izan da.

Bada, beroaren ondorioak gizakiak –baliabide ekonomiko nahikoa dituenak eta herrialde aberatsean bizi denak, behintzat– saihestu edo murriztu ditzake, eremu freskoago batera joanda edo etxean aire girotua jarrita; ez da hori, ordea, basabizitzaren kasua. Ikerketa baten arabera, 2024an 5.000 animalia espezie baino gehiagok –seitik batek espezie guztien artean– aurrekaririk gabeko tenperaturei aurre egin behar izan zieten, aurreko urtean baino %68 gehiagok. Azken bi urteetako batez besteko tenperaturak aintzat edukita, ondorioztatu daiteke kopuru hori nabarmen igo dela.

Klima aldaketak basabizitzan eduki ditzakeen eraginei dagokienez, zuzenena eta larriena animalien eta landareen heriotza da. Hori, besteak beste, beroari loturiko faktoreengatik gertatu daiteke –deshidratazioa, adibidez–, edo zeharkakoak diren beste hainbat arrazoirengatik: elikagai eskasiak eragindako ahidura, esate baterako.

Adibide pare bat ipintzearren: batetik, 2019an Australian tenperatura altuek sortutako suteek 3.000 milioi animaliaren heriotza edo lekualdaketa eragin zuten. Bestetik, Espainiako Estatuan, deshidratazioak edo elikagai eskasiak eraginda, ehunka sorbeltz kume erortzen dira euren habietatik hegan egiten ikasi aurretik.

Lehen alga gorria oso ugaria zen, eta egun, aldiz, urria; kontrakoa gertatu da karabela portugesarekin, duela gutxira arte gurean gutxik ezagutzetik kostaldea “inbaditzera” igaro da

Itsaspea, ezezagunena bezain kaltetuena
Lurrekoarekin alderatuta, itsaspeko ondareari buruzko datuak eskuratzea zailagoa bada ere, zenbait kasutan bero boladen ondorioak are larriagoak izan daitezke, gutxi edo ia batere mugitu ezin duten animalien kasuan. Hain zuzen, ezin baitira errefuxiatu eremu freskoagoetan.

Ozeanoek paper garrantzitsua betetzen dute Lurraren kliman, atmosferan metatutako berotegi efektuko gasen gehiengoa xurgatzen baitute: zehazki, NASA AEBetako espazio agentziaren arabera, giza jarduerek eragindako berotegi efektuko gasen %90 baino gehiago xurgatu dituzte.

 Horrez gain, Munduko Meteorologia Erakundeak iaz ohartarazi zuen gizakia gero eta azkarrago ari dela kutsatzen atmosfera berotegi efektuko gasekin: hain zuzen, 2023tik 2024ra bitarte karbono dioxidoaren kutsadura 3,5 partikula handitu zen, eta gehien handitu den urtea bihurtu –2015etik 2016ra bitarte 3,3 handitu zen–.

Munduko Meteorologia Erakundeak ere gogorazi zuen 2024. urtean El Niño fenomenoa izan zela: horrek muturreko fenomeno meteorologikoak –besteak beste, idorteak, suteak, urakanak eta uholdeak– eragiten ditu, eta, ondorioz, murriztu ekosistemek karbonoa xurgatzeko duten ahalmena. Bada, agentzia berak aurtengo uda hasi aurretik iragarri zuen fenomeno hori ekainetik abuztura bitartean gertatzeko probabilitatea %80koa zela; eta azarora bitartean gertatzekoa, berriz, %90ekoa.

Euskal Herrira ekarrita, aipatzekoak dira irailaren hasieran Estatuko Portuak erakunde publikoak argitaratutako datuak: ekainaren eta abuztuaren artean Kantauri itsasoko uraren batez besteko tenperatura 23,4 gradukoa izan da, azken hamarkadan ohikoa izan dena baino 1,7 gradu gehiago.

Nabariak dira uraren tenperaturen igoerak gurean izan dituen eraginak. Izan ere, duela hogei urtetik hainbat espezieren presentzia edo portaerak nabarmen aldatu dira: adibidez, lehen alga gorria oso ugaria zen, eta egun, aldiz, urria; kontrakoa gertatu da karabela portugesarekin, duela gutxira arte gurean gutxik ezagutzetik kostaldea eta hondartzak “inbaditzera” igaro baitira.

Antzandobi arrunta. Argazkia: Juan Arizaga.
Eider arrunta. Argazkia: Juan Arizaga.

Ezin berora egokitu
Lau dira haien gorputzeko tenperatura erregulatu ezin duten animalia motak: arrainak, ornogabeak –intsektuak, esate baterako–, narrastiak eta anfibioak. Hain zuzen, azken bi animalia mota horiek aztertzen ditu Ion Garin (Donostia, 1980) Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologoak.

Haren esanetan, klima aldaketari dagokionez, narrastiengan eta anfibioengan eragin gehien edukitzen duten hiru aldagaiak honako hauek dira: bero bolada gehiago egotea, urtaroen arteko banaketa aldatzea –adibidez, udarak luzatzea eta udazkenak laburtzea– eta eurite gogorrak; hau da, euria egun gutxiagotan egitea baina kantitate handiagoan.

Narrastiekin alderatuta, anfibioen egoera larriagoa dela adierazi du Garinek. Izan ere, azala biluzia dutenez, uretan egon daitezkeen gauza kaltegarriak azaletik jaso ditzakete. Gainera, “bizitza bikoitza” edo bi ekosistemekiko dependentzia dute: uretan ugaltzen dira eta lurrean bizi. “Bi ekosistemak ondo mantendu behar dira, horietako batek kalteak izanez gero, kalte handiagoak pairatuko baitituzte”, esan du Aranzadiko herpetologoak.

Anfibioen egoera kezkagarriaren erakusle da, besteak beste, Espainiako Estatuko Natura Zientzien Museo Nazionalak 2023an eginiko ikerketa bat: haren arabera, anfibioen espezieen %41 desagertzeko mehatxupean dago, ornodunen artean animalia mota mehatxatuena izanik.

Ur-igel iberiarra. Argazkia: Ion Garin.

 Garinek adierazi du Euskal Herrian dauden “harribitxietako” bi Pirinioetan bizi diren baso igel piriniotarra eta uhandre piriniotar anfibioa direla. Azken horren inguruan asko ikertu du, altuera oso ezberdinetan bizi baita. Esate baterako, Huescako (Espainia) zenbait lekutan 2.500 eta 3.000 metro bitarteko altueratan bizi daitezke; Leitzaran (Nafarroa) errekaren inguruan, berriz, 400-500 metrora.

Garinek, beste zenbait kiderekin eginiko ikerketa batean, frogatu zuen altuera baxuagoetan bizi diren uhandre piriniotarrek “estres egoera” handiagoa eta osasun arazo gehiago dituztela: “Ez dute gaitasunik beste leku batzuetara mugitzeko, eta uraren tenperaturaren igoeraren edo erreken lehorteen ondorioz kalte ugari pairatzen dituzte”.

Narrastien kasuan, Garinek aitortu du “gabezia” handia dutela Euskal Herrian: “Historikoki ez dira ikertu, baztertu egin dira”. Halere, Aranzadiko kideak esan du geroz eta ebidentzia gehiago dagoela haien egoera okerrera doala ondorioztatzeko: “Beti pentsatu izan dugu narrastiek beroa behar dutela, baina bero handia eginez gero animalia horiek ezin dituzte beraien biziraupenerako beharrezkoak diren funtzioak bete”.

Hortaz, adituek aurreikusten zuten zerbait gertatu da narrastiekin: animalia horiek egunean zehar ordu gutxiago dituztela ugaltzeko eta elikatzeko. “Horrek eragina du epe luzean zenbait espezierengan”, gehitu du Garinek.

Juan Arizaga, ornitologoa: "Euskal Herriko paisaiaren mediterranizazioa gertatzen ari da: hegazti eurosiberiarrak geroz eta gutxiago ikusten dira, eta geroz eta gehiago mediterranearrak" 

Gaixotasunen gorakada
Narrastiak eta anfibioak gutxi mugitzen direnez, beste zenbait animalia motari gertatu zaiena –klima beroetan bizi diren animaliak Euskal Herrian agertzea eta bertakoekin lehiatzea– haiei maila baxuagoan gertatu zaie, Garinen esanetan.
Hurrengo urteetan aurreikusten dute jatorriz isurialde mediterraneoko klimako animalia geroz eta gehiago agertuko direla Euskal Herrian, eta bertakoekin –jatorriz isurialde atlantikoko klimakoak direnekin– talka egingo dutela. Bi isurialdeak bereizten dituzten mendilerroak Aralar, Aizkorri eta Gorbeialdea dira.

Isurialde mediterraneoko animalia espezie horiekin batera, gaixotasunak ere iritsi dira Euskal Herrira. “Gure kezka nagusietako bat da”, aitortu du Aranzadiko kideak. Izan ere, haren esanetan, azken urteetan areagotu den berotze globalak “indartsuago” egiten ditu onddo eta birusak; eta, ondorioz, hilgarriago bihurtu.

Kliman eragina murrizteko moduak
Narrastiek eta anfibioek klima aldaketari egokiago aurre egin diezaioten, Garinek azpimarratu du gizakiarentzat antolatzen ari diren ekintza berak egin behar direla: “Azken urteetan oso modan jarri dira aterpe klimatikoak, beroaldiak bertan igaro ahal izateko”. Horren harira, duela hiruzpalau urte eginiko Mikroklima proiektua aipatu du.

 Aranzadi Zientzia Elkartearen webguneak dio proiektu hori “erronka ekosoziala” dela, hezegune txikiek klima aldaketaren aurrean duten garrantzi ekologikoari balioa emateko beharretik sortua. Hain zuzen, Garinek nabarmendu du hezegune txiki edo mikrohezegune horiek ekosistema oso txikiak baina “interesgarriak eta aberatsak” direla. “Mikroerreserben figura bat izendatzea proposatu genuen, normalean ekosistemak tamaina handia dutenean babesten direlako”, esan du. Herpetologoaren esanetan, hezegune txiki horiek “oso interesgarriak” dira ez anfibioentzat soilik, “erakarpen gaitasun” handia baitute.

Horrez gain, Garinek dio mikroerreserba horiek karbono isurketak xurgatzeko gaitasun handia dutela, eta karbono hori, esate baterako, basoan baino hobe egonkortzen dela haien lur azpian.

“Ur putzu sare egonkorra sortzea neurri eraginkorra izango litzateke klima aldaketaren aurrean”, adierazi du Aranzadiko kideak. Behar horretatik sortu zen, hain justu, Eskoletako Urmaelen Sarea 2013an: Ereñotzuko (Hernani, Gipuzkoa) Txirrita herri ikastetxekoekin batera sortu zuen Aranzadi Zientzia Elkarteak lehen urmael didaktikoa. Egun, Gipuzkoako, Arabako, Bizkaiko eta Nafarroako 60 ikastetxe baino gehiagok parte hartzen dute.

Ekimen horren webguneak dio urmaela sortzea “ingurumenaren eta biodibertsitatearen aldeko pauso garrantzitsua ematea” dela, eta biodibertsitatearen iturri izateaz gain “funtzio interesgarria” bete dezakeela dibulgazioan eta hezkuntzan: “Nahiz eta tamaina txikikoak izan, ekosistema baten egitura eta funtzio guztiak barne biltzen ditu: segida ekologikoak aztertu daitezke, espezieen arteko harremanak, biodibertsitatea eta honetarako kontserbazio estrategiak”.

Flamenko handia. Argazkia: Juan Arizaga.
Sugandila bizierrulea. Argazkia: Ion Garin.

Den-dena aldatuz
Narrastiekin eta anfibioekin batera, klima aldaketak gehien kaltetutako beste animalia mota bat hegaztiak dira, eta haien kasuan Juan Arizagak (Donostia, 1980) dio klima aldaketak alor guztietan eragiten diela. Aranzadi Zientzia Elkarteko Ornitologia Saileko zuzendaria da 2007tik, eta adierazi du klima aldaketak eragina duela hegaztien biologia ikertzerakoan aztertu daitezkeen alor guztietan: besteak beste, ugalketa, biziraupena, populazioen bilakaera –jaiotza- zein hilkortasun-tasak eta migrazioak aintzat edukita–, dieta, habitaten eskuragarritasuna eta migrazioa.

Ugalketaren kasuan, Arizagaren esanetan, klima aldaketak mismatch edo desoreka bat sortzen du hegaztien eta haien harrapakinen ziklo fenologikoaren –ugaltzeko erabiltzen duten momentua– artean. Adibide bat ipintzearren, ornitologoak aipatu du ikerketa batzuk honako hau aztertu dutela: negua Afrikan igaro duten hainbat hegazti espezie Erdialdeko Europara ugaltzera itzultzean haien harrapakinek jada ugaltze prozesua igaro dutela –hau da, ugaltze garaian baino kopuru murritzagoa dagoela–; ondorioz, elikatzeko janari gutxiago dute eta okerrago hazten dira.

 Migrazioari dagokionez, berriz, Arizagak azaldu du Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan negua igarotzen zuten hainbat hegaztik jada ez dutela hala egiten, iparralderago –Erdialdeko Europan, kasu gehienetan– baizik: “Duela gutxira arte gurean ohikoa zen neguan izotza eta elurra egitea, eta hegazti horiek hori behar dute”. Beraz, haren arabera, migrazio distantzia “nabarmen” laburtzen ari da.

Hortaz, Euskal Herrian paisaiaren “mediterranizazioa” gertatzen ari dela uste du: “Hegazti eurosiberiarrak geroz eta gutxiago ikusten dira gurean, eta geroz eta gehiago mediterranearrak: txinbo burubeltza, esaterako”. Kontrara, transahararrak diren zenbait espezie dagoeneko ez dira Sahelera –6.000 kilometro luze baino gehiago dituen zerrenda, Senegaldik hasi eta Eritrearainoko herrialde guztiak biltzen ditu– jaisten negua igarotzera, Espainia hegoaldean igarotzen baitute.

Hegaztien jarraipenaren garrantzia
Klima aldaketak hegaztiengan dituen eraginak murriztu baino, Aranzadik eragin horiek ebaluatu egiten dituela argitu du Arizagak. 1949an, Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusi zen Jesus Elosegik bultzatuta, eraztun-jartze bulegoa sortu zuten. Berriki, 2000. eta 2024. urteen artean bulegoak eduki duen bilakaera aztertu dute txosten batean: esate baterako, 226 hegazti espezieri jarri dizkiete eraztunak tarte horretan.

Eraztun horien bidez, besteak beste, migrazio ibilbideak eta umatze eremuen eta negua igarotzeko tokien arteko konektibitatea aztertu dezakete. Guztira, Aranzadik Espainiako Estatuan hegaztiei jartzen zaizkien eraztunen %60 kudeatzen ditu, 200.000 baino gehiago. “Aranzadiko Eraztuntze Bulegoa dekanoa da [Espainiako] estatu mailan hegaztiei eraztunak jartzen”, hala adierazten dute euren webgunean.

“Hegaztien jarraipena aztertzen duten proiektuak ezinbestekoak dira aldaketak neurtzeko eta ebaluatzeko”, azpimarratu du ornitologoak. Izan ere, hegaztiak asko mugitzen diren animaliak dira: haren esanetan, Euskal Herrian ditugun hegazti espezieen %86 hegazti migratzaileak dira. “Hegazti horientzat ez dago Euskal Herririk, Europa eta Afrika baizik”, gehitu du.

Ekimen globalak
Ikuspegi globala duen animalia mota izanik, ornitologoak adierazi du klima aldaketak hegaztiengan dituen eraginak murrizteko “ekimen globalak” abiarazi behar direla: “Aranzadik kontzientziazio eta dibulgazio kanpainak egin ditzake, baina erantzukizuna beste batzuena da”.

Adibide gisa, Europako laborantza ereduaren egungo kudeaketa aipatu du Arizagak: “Pestizidak eta herbizidak hain modu intentsiboan erabiltzen dituen laborantza ereduak zelaia intsekturik gabe uzten du, eta horrek eragin zuzena du hegaztiengan”. Haren esanetan, hegaztien egoeraren okertzean klimatikoak ez diren arrazoiak handiak dira. 

Antzara hankagorria. Argazkia: Juan Arizaga.


 

Ehiza Bizkaiko eskola kiroleko programatik kentzeko eskatu dute
Ekologistak Martxan taldeak ehiza "haurrak errespetuan eta babesean heztearekin bateraezina" dela salatu du, eta azpimarratu du administrazio publikoek "errespetuan, enpatian, zaintzan eta bizikidetzan oinarritutako ereduak"... (+)
Lanean ari dira Orion erre den itsasontziak ibaia eta itsasoa kutsatu ez ditzan
Eusko Jaurlaritzak Itsasertza Planaren alerta fasea ezarri zuen ostegunean, eta itsasontzia buiekin hesitu dute. Oria ibaiak eta Kantauri itsasoak bat egiten duten lekuan erdi hondoratuta dago. Gure Gaskuña ontziak 70.000... (+)
Mundu mailan inoiz erregistratu den abuzturik beroena izan da aurtengoa
Lurraren gainazaleko batezbesteko tenperatura 16,96 gradukoa izan da, 2023ko uztailean baino 0,01 gradu gehiago. Euskal Herrian inoiz izandako udarik beroena izan da aurtengoa. 1850 eta 1990... (+)
Nepalek konpentsazio ekonomikoa eskatu die munduko estaturik kutsatzaileenei, uholdeetan izan duten arduragatik
Nepalek mundu osoko berotegi efektuko gasen %0,1 isurtzen du, eta Atzerri ministro Shisir Khanal-ek adierazi du sortu ez duten krisi baten ondorioak pairatzen ari direla. Azken... (+)
Zubietako erraustegia gelditzea eskatuko dute igandean, Kontxako hondartzan
Donostiako estropadak baliatuko ditu Errausketaren Aurkako Mugimenduak erraustegiaren ondorio kaltegarriak salatzeko, goizeko 11:00etan egingo duten elkarretaratzean. Astearte honetan eginiko prentsaurrekoan salatu dute Zubietako erraustegia dela... (+)
gora