Done Emeteri Zeledon (martxoak 3) porrua ereiteko aro on

Duela 31.500 urteko haitzuloetako lehoi gazte baten eskeleto osoa aurkitu dute Mendaron

2023an topatu zuen hezurdura Burumendi espeleologia taldeak, eta asteartean aurkeztu dute jendaurrean, Irungo (Gipuzkoa) Gordailuan. Aurkikuntzak lagunduko du historiaurreko halako animalia espezie handien garapena zein izan zen jakiten eta inguruarekin zuten harremana ikertzen.


2026ko azaroaren 04a
Mendaroko haitzuloetako lehoiaren hezurdura Irungo Gordailuan ezagutarazi dute. Halako aztarna oso gutxia dago Europan.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Aurkikuntza paleontologiko garrantzitsu baten berri eman du Gipuzkoako Foru Aldundiak Irungo Gordailuan, astearte honetan. Duela 31.500 urte inguru bizi izan zen haitzuloetako lehoi (Panthera spelaea) eme gazte baten hezurdura osorik berreskuratu ahal izan dute Mendaroko (Gipuzkoa) barrunbe batetik. Ezaugarri horiek dituzten animalien aztarna oso gutxi azaldu dira orain arte Europan, eta 1966an Oñatiko (Gipuzkoa) Arrikrutzeko lehoi famatua aurkitu zutenean bezainbesteko garrantzia duela ohartarazi dute.

Gordailuan, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan egindako aurkezpenean izan dira aldundiko arduradunak, Mendaroko alkate Enetz Ezenarro, aztarnak aztertu dituzten EHUko ikerlari Asier Gomez Olivencia eta Alvar Manjon, eta Mutrikuko Burumendi espeleologia taldeko kideak.

Letaginak gakoa izan dira lehoiaren adina jakiteko –2 edo 3 urte izango zituen–, eta humeroa neurtuta, kalkulatu dute 180 kilo inguruko pisua zuela

Espeleologoek 2023an aurkitu zituzten hezurrak Mendaroko Ormola Bide Ondoko leizean, eta berehala abisua pasa zieten Aranzadi Zientzia Elkarteari, EHUko ikerlariei eta aldundiari. 2024an atera zituzten handik, Gomez Olivencia paleontologoaren zuzendaritzapean. Leizearen ezaugarri malkarraren ondorioz, prozesu luze bezain zaila izan zela azaldu dute, eta exhumazio lanak teknika bereziak erabiliz egin behar izan zituztela, besteak beste, hiru dimentsioko planoak osatuta edo garraiorako soka sistema berezko bat ezarrita. Burumendiko kideek azaldu dutenez, gutxienez hogei aldiz jaitsi behar izan dira leizera lanak burutzeko.

Bi urteotan ikerketan aritu dira. Manjonek Pirinioetako Pleistozeneko felido handiei buruzko doktore tesia egin du, eta berak aztertu ditu fosilak. Azaldu duenez, letaginak gakoa izan dira lehoiaren adina jakiteko –2 edo 3 urte izango zituen–, eta humeroa neurtuta, kalkulatu dute 180 kilo inguruko pisua zuela. Lehoi eme heldu batek –arrak baino handiagoak ziren– 500 kilo pisatu zitzakeen, gaur egungo Afrikako sabanako lehoiek duten pisuaren bikoitza. Haitzuloetako lehoi deitzen zaie, baina egiaz ez ziren leizeetan bizi, harrapakinen atzetik erorita aurkitu izan dituzte haien aztarnak barrunbeetan.

Frantziako Chauvet haitzuloan 'Lehoien labarra' deiturikoan haitzuloetako hainbat lehoiren irudiak.

Gure ingurua ulertzeko funtsezkoa

Aztarnek garrantzia dute aurkituriko adin horretako lehoi baten ale bakarra delako Europan, eta bere osotasun mailak lagunduko duelako jakiten espeziearen hazkundea nolakoa zen. Baina horrez gain, inguruneak eta ekosistemek duten garrantziaz jabetzeko ere balioko duela azpimarratu dute. "Aurkikuntzari esker, hobeto ezagutuko dugu nolakoa zen gure lurraldea duela milaka urte, eta ulertu ahal izango dugu zein aberatsa den maiz oinpean ezkutatuta dugun ondarea", esan du aurkezpenean Goizane Álvarez kultura diputatuak.

Haitzuloetako lehoia gehienbat ezagutzen genuen gizakiak labarretako artearen bidez egindako pintura eta grabatuen bidez; piztia horrekin kontaktuan izan gineneko garaiak dira

Haitzuloetako lehoia milioi bat urtez bizi izan zen Eurasiako eremu zabaletan, eta duela 12.000 eta 14.000 urte artean desagertu zen. Kate trofikoaren gorenean zegoen espezie harrapari nabarmenetako bat izanik, garrantzia handia du aurkikuntzak. Haren desagerpena hainbat faktorek eragin zutela uste dute, besteak beste ekosistemen galerak eta gizakiaren presioak.

Hain zuzen, haitzuloetako lehoia gehienbat ezagutzen genuen gizakiak labarretako artearen bidez egindako pintura eta grabatuen bidez; piztia horrekin kontaktuan izan gineneko garaiak dira. Orain, Mendaroko hezurdurak pixka bat gerturatuko gaitu historiaurre hartara, sikiera irudika dezagun gure arbasoek naturarekin zuten harremana norainoko estua zen.

Iturriozko Anttoni (1980)
2026-10-25 | Urko Apaolaza Avila
Kamino zatar batetik kotxea poliki gidatuta. Halaxe iritsi ziren Zeruko Argia-ko Elixabete Garmendia eta Lurdes Auzmendi Ataungo baserriraino, norbaitek eskopetaz “hegazti arraro bat” bota omen... (+)
Lezoko intermodalak XV. mendeko bi baserri bota eta landa lurrak artifizializatuko dituela salatu du Eguzkik
2026-10-06 | Urko Apaolaza Avila
Pasaiako portua eta AHT lotuko lituzkeen Lezoko (Gipuzkoa) plataforma logistiko edo terminal intermodalari buruzko informazio azterketa argitaratu du Eusko Jaurlaritzak. Eguzki talde ekologistaren esanetan, Gaintxurizketako... (+)
Datu zentroak: egia lurraldean bizi da
2026-09-22 | Urko Apaolaza Avila
Argentinan, herrialdearen egoeraz hitz egiten hasi orduko, izen bat agertu ohi da denen ahotan: Peter Thiel. Palantir AEBetako teknologia multinazionalaren milioiduna Casa Rosadara iritsi zen... (+)
Lurra jokoan, estraktibismoaren bihotzean
2026-09-20 | Urko Apaolaza Avila
Javier Mileiren motozerrak Argentinan hiru urte eskasean eragin duen triskantza sozialak fracking garabiaren mugimendu erritmikoa dakar gogora: sakoneraino sartzen du hodia, ongizate estatuaren zainak apurtu... (+)
gora