Eguzki eta euri, martxoko eguraldi.

Mantxak apaingarri direnean

Ziurrenik lerro hauek irakurri aurretik argazkiari erreparatu diozue. Hala bada, mantxa horiek eta haien kokapenak osatzen duten irudiak edertasun faltarik ez duela bururatuko zitzaizuen, konturatu gabe bada ere.

Iñaki Mezquita Aranburu
Iñaki Mezquita Aranburu

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2025eko abenduaren 22a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.
RUTPELA MANTXADUNA (Rutpela maculata)

TALDEA: Intsektua / Coleoptera /Cerambycidae.
NEURRIA: 13-20 mm.
NON BIZI DA? Basoetan eta baso ertzeko belardietan.
ZER JATEN DU? Larba fasean egur hila, heldua denean loreen nektarra.
BABES MAILA: Ez dago babestuta.

Rutpela mantxaduna kakalardo eder eta liraina da, antena bikainekoa, hankak eta gorputza aerografo batekin margotu direla dirudien horietakoa. Antenak ere bitxiak dira, bere taldeko kakalardoen antzekoak, luzeak, baina horiek ere kolorazio apain batez hornituak. Intsektu bildumetan –zerraldo bilduma triste horietan– kakalardo horiei antenak atzeraka, bilduta, jartzen dizkiete. Beldurrez egongo balira bezala, haize bolada bortitz batek erasanak baleude bezala. Hain modan dagoen “enpatia” hitzari ihes egitea gero eta gehiago kostatzen zait bada…

Beno, datuak: kakalardo hauek Cerambycidae familian kokatzen dira. Familia horretako zenbait espezie babestuta daude, arriskuan baitaude. Rutpela baino ospetsuagoak dira Cerambyx cerdo eta, batez ere, Rosalia alpina, baina ospe hori zorigaiztokoa da, espeziearen kontserbazio arazoetatik sortzen da-eta. Rutpela ez da bere “ahizpa” ospetsuak bezain zorrotz edo exijentea, eta hori bere aldeko da. Haiek bezain ikusgarria ere ez da, eta hori ere bere aldeko du.

Metamorfosi osoko intsektua da. Hau da, lau fase betetzen ditu, geldo fase bat barne –pupa denean, alegia–. Larbak egur hilaz elikatzen dira. Enborren barnean egoten dira, eta pupa ere bertan egiten dute. Egur zulatzaileak dira, baina etxeetan oso arraroa da kalterik egitea. Helduak argiak erakartzen ditu, argi-tranpetako “klasiko” batzuk dira. Europan eta Asia mendebaldean hedatutako espeziea da. Kate trofikoan intsektu garrantzitsuak dira, asko baitira Rutpelaz elikatzen diren taldeak: hegaztietatik hasi eta beste intsektu batzuengan buka.

Bestalde, larba fasean duten deskonposatzaile funtzioa oso azpimarragarria da, kakalardo saproxilikoak baitira. Hau da, egurra deskonposatzen dutenak. Hori dena gutxi balitz, heldutasunean polinizatzaile modura betetzen duten lana ere aipatu beharra dago, loreen nektarraz elikatzeaz gain, eta hegalari trebeak izanik, kontuan hartzeko polinizazio eragileak baititugu.

Rutpela mantxadunaren helduak behatzeko garai egokia udaberri amaiera eta uda hasiera dira, larbak enborren barruan egoten dira-eta. Leku aproposenak, berriz, baso zaharren ertzak izaten dira, bertako belardietara joaten baitira loreetan elikatzera.

Espezie honek ez du dimorfismo sexualik, hau da, emeak eta arrak itxura berekoak dira. Kakalardo espezie honetako aleek tamaina oso desberdina izan dezakete, ale handienak %50 handiagok izan daitezke txikienak baino. 

Historiaurreko lekukoa
Badira urruneko beste garai batzuetako irudiak gogorarazten dizkiguten animaliak. Horien artean, ezpairik gabe, gaurko protagonista nagusienetako bat da. Ez diegu aurpegirik jartzen, bere gorputzaren egitura... (+)
Asko bai, baina ez mila
Silurikoan sortu omen ziren, kontuak atera! Duela 400 milioi urte edo gehiago. Beraz, planetako lurretan azaldu ziren lehenetako animaliez ari gara, ez da txantxetarako kontua.... (+)
Xilokopa: meatzari hegalaria
Tarteka bada ere, inoiz ikusiko zenuten hego beltzeko “erle erraldoi” eta potolo bat zuen inguruan hegan. Hala bada, ziur izan intsektuen artean ikusgarrienetako bat ikusi... (+)
Handiena arazo artean
Europan jatorria duen liztor espezierik handiena omen zen, duela gutxi arte… Orain badu eta horretan nork lehiatu. Eta horretan bakarrik izango balitz, gaitzerdi. Goazen lehenbizi... (+)
Semaforoa gorri, etsaien engainagarri
Gaur aurkezten dugun intsektuaren izen zientifikoak, besteak beste, bi gauza azaltzen dizkigu: alde batetik, gorria dela (ez erabat) eta ez duela hegorik. Okerrak ez dira... (+)
gora