Asteroko buletina
Uztaileko iguzkiak ondoko arnoari indar.

Zeru koloreko borrokalaria

Baliteke erreka baten ondoan egindako ibilaldiren batean, zurtoin edo landare baten muturrean, “botoi urdin distiratsu” bat ikusi izana. Baliteke ere, zer ote zen jakinminez, bertara inguratu izana... Eta, gertutik ikustean, harriturik gelditu: ba al da bada zeru koloreko kakalardorik gure lurrean? Sarritan, urruneko faunaren distira, kolore eta aniztasunez beteriko dokumentalak ikusten ditugu, baina halako bitxirik gure artean badagoenik…! Jakina, txikia da, baina bitxiek horrelakoak izan behar omen dute.

Iñaki Mezquita Aranburu
Iñaki Mezquita Aranburu

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2023ko azaroaren 13a
Hoplia coerulea. Argazkia: Iñaki Mezquita Aranburu.
Oplia coerulea

Taldea: Ornogabea / Intsektua

Neurria: 8 mm inguru.

Non bizi da? Ur-lasterren ertzetako landaredian, edo gertu.

Zer jaten du? Ez dakigu, bere biologia oso gutxi ezagutzen baita.

Babes maila: Europan babestua.

Hoplia coerulea bizimodu interesgarriko kakalardo bat da, koleopteroen ordenakoa. Intsektu talde horretako 300.000 espezietik gora ezagutzen ditugu. Maiatza eta abuztua bitartean ikusi daitezke espezie horietako helduak, aktibotasunean egun osoan. Intsektu helduak diren tarte horretan izan ezik, lurrazpian bizi dira, hau da, larbak direnean. Maiatza inguruan arrak, erabat heldu eta gero, lurrazpitik atera eta landare edo lore baten muturrean jartzen dira emeen zain. “Borrokalaria”  deitu diogu artikulu honen izenburuan, arrek ostikadaz bidaltzen baitituzte bere zain-lekua lapurtu nahi dioten arerioak (izenean daraman “hoplon” hori "arma" da antzinako grekeran). Horretarako, bere atzeko hanka indartsuak beti prest izaten dituzte ostikadak banatzeko. Horrela, ar indartsuenek behaleku onenak eskuratzen dituzte, eta lehiaketa horri esker espeziearen etorkizuna indarturik suertatzen da.

Zer jaten duen edo, hobeto esanda, zer ez duen jaten, ez dago batere garbi. Eta horregatik elikagai askoz elikatzen direnen multzoan sailkatu dute (polifagoen artean, hain zuzen ere).

Arrak urdin argiak dira, kolorazio urdin metaliko ikusgarrikoak. Emeak berriz, Natura jakintsuak gehienetan erabaki duen modura, kolorazio apalekoak dira, marroixkak, eta hori bere alde daukate beraien eta espeziearen biziraupena lortzeko. Emeen kopurua, halere, arren kopurua baino dezente txikiagoa izaten da (batzuen ustez, mila ar eme bakoitzeko!). Ar ugaritasun hori engainagarria suertatu daiteke, oso azalera txikian asko ikusi baitaitezke, kontzentrazio jokabidearen eraginez. Bere hedapen mapak espeziearen urritasuna adierazten du: Frantziako Estatuko beheko erdia eta Iberiar Penintsulako ipar-ekialdea, Asturiastik hasita (Leonen ere ba omen da aipurik). Badirudi Suitzan ere aleren bat aurkitu dela. Hala eta guztiz ere, zaindu beharreko espeziea da, argi eta garbi.

Ederrak dira benetan arrak eta, tamalez sarritan gertatzen den bezalaxe, edertasun hori zorigaiztoa izan ohi da beraientzat, orratz batek zeharkatuta bildumazaleen koadroetara eraman izan baititu, asko eta asko.

Ur-lasterren inguruan aurkitzen da beti, normalean ibai eta erreka ertzetako landaredian. Leku horiek, sarritan, aldaketa eta degradazioa pairatzen dituzte, eta horrek kakalardo eder honentzako ondorio txarrak ditu.

Itzaltzen ari zaigun argia
Urte batzuk ditugunok (nire kasuan, mordoska) sarritan entzun izan diegu gure guraso eta senitarteko helduenei garai bateko ikuskizun harrigarri baten berri. Ipuin baten gertatuko balitz... (+)
Koloreak iragarki
Naturan koloreek mezuak zabaltzen dituzte. Batzuetan, mezu zuzena ematen dute, beste batzuetan, ordea, mezu horiek ikuslea engainatzea dute helburu. (+)
Kosk egiten ez duen tigrea
Erreketako tigre-burruntzia Europako burruntzi handienetakoa da. Gure lurretan, gainera, oso zabalduta dago eta erraza da erreka inguruetan ikustea, etengabe hegan, gora eta behera. Arra eta... (+)
Lur planetako aliena
Udan gertatua. Haizea badabil, baina bero dator, ez dirudi hegan egiteko ere gogorik eman behar duenik. Euliek, ordea, ez dute inolako suspertzailerik behar han-hemenka etengabe... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora