Asteroko buletina
Apaltasunik gabe ez dago baratzezaintzarik

Kosk egiten ez duen tigrea

Erreketako tigre-burruntzia Europako burruntzi handienetakoa da. Gure lurretan, gainera, oso zabalduta dago eta erraza da erreka inguruetan ikustea, etengabe hegan, gora eta behera. Arra eta emea oso antzekoak dira, ia berdinak sexu-organoak alde batera utzita.

Iñaki Mezquita Aranburu
Iñaki Mezquita Aranburu

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2024ko urtarrilaren 08a
Argazkia: Iñaki Mezquita Aranburu.
Erreketako tigre-burruntzia (Cordulegaster boltonii)

Taldea: Ornogabea/Intsektua/Odonata/ Anisoptera

Neurria: 7-8 cm (ale batzuk handiagoak).

Non bizi da? Erreka inguruetan.

Zer jaten du? Ornogabeak: intsektuak, armiarmak…

Babes maila: Ez dago babestuta.

Ez duela kosk egiten adierazi dut hasieran eta hori ez dator bat zabaldu ohi diren istorioekin. Mendebaldeko kulturetan odonatuei (sorgin-orratzak eta burruntziak) deabruaren lagunak izatea leporatu zitzaien duela mende batzuk. Bere begi handiek eta gizakioi “begira” jartzeak sinesmen oker horretan asko lagundu zuten. Gizakion okerrak eta ahuleziak behatuaz bazuten deabruari zer kontatu gauean, horrek hortik aurrera jakin zezan non eraso egin pertsonok infernura bidean jartzeko. Zorionez, beste kultura batzuek (Ekialdekoak, batez ere: Japonia, Txina, India…) beste muturreko izakitzat hartu zituzten eta adorea, zintzotasuna, kuraia edo ausardiaren eredu izan dituzte, baita gaur egun ere. Odonatu espezie asko “baliogabeko” lekuetan bizi dira, badakizue “putzuak, urmaelak…, leku zikin eta eltxoz betetakoetan”, alegia. Leku horien benetako balioa ez dago, gaur egun, aldarrikatu beharrik, ezagupen minimo batzuk izanez gero, noski.

Tigre hegalarira itzulita, gure lurretan Cordulegaster generoak bi espezie ditu, oso-oso antzekoak, baina hedapenean eta behatzeko erraztasun mailan zerikusirik ez dutenak. Erreketako espezie honen hegaldia aparta da, oso gustukoa du baso bideetan, erreketatik gertukoetan, gora eta behera hegan aritzea. Jakina, bitartean harrapa ditzakeen intsektuz elikatuz doa: hegan egin bitartean, harrapakinak txikiak badira; edo pausatuta, tamaina dezenteko harrapakinak badira. Espezie honi sarritan leporatu zaio erle-jale espezializatua izatea, eta horrek ere ez dio mesede handirik egin, nahiz eta ezaugarri okerra izan. Eta salaketa okerra da oso, Erreketako tigre-burruntzia, gainontzeko odonatuak bezalaxe, intsektu “oportunista” baita. Tarteka erleak jaten ditu, bai, baina ez da espreski erle bila joaten. Guk letxuga bat jateagatik belarjaleak garela esatea bezala da hori! Ahal duena, harrapatzen duena, jaten du, beste odonatuak barne…

Bere kolorazioa beltza eta horia da eta bere begiak berdeak. Abdomena luzea da, zilindrikoa. Emeek arrautzak jartzeko obipositore ikusgarri bat dute, ezpata itxurakoa, eta miragarria da errekastoen ertzetako lokatz eta uretan arrautzak txertatzen ikustea, hegaldi bertikala burutzen duten bitartean, gora eta behera, zast-zast!  Arrautzatik ateratako larba erreka-hondoko lokatzetan ezkutatuta biziko da, azken azal-aldaketa burutu eta airea konkistatzen duen arte. Odonatu arrek ugaltze-aparatua bi zatitan dute, eta estalketa burutzerakoan “bihotz” irudi harrigarria osatzen dute emearen eta arraren artean. Baina tigre hau zaila da, oso zaila, horrelakoetan ikusi ahal izatea… Ez ordea hegan, uztailan eta abuztuan.

Gonbidatu gabeko turista
2016an ikusi omen zuten lehen aldiz Herrialde Katalanetan. Bi urte geroago, 2018an alegia, Xanti Pagola eta Imanol Zabalegui entomologoek Gipuzkoan azaldu zela jakitera eman zuten.... (+)
Une baten eternitatea
Atal honetan behin baino gehiagotan aipatu izan dugu izaki txikien munduan (gurean bezalaxe) itxurak okerrera eramaten gaituela, sarritan. Eta gaur dakarkigun laguna horren adibide garbia... (+)
Korrika egiten duen hegalaria
Beste hainbat intsekturen kasuen modura, hau ere “tigre” hitzaren  itzalpean izendatzen dute herrialde batzuetan. Jakina, halako izena jarriz gero espero zitekeen ehizarako trebetasuna ezin falta!... (+)
Pagadiko erlikia
Kakalardo adar-luze honen irudiak ez du zalantza izpirik uzten: ez du parekorik. Gure lurretan, eta Europa osoan ere, genero honetako espezie bakarra da. Bere tamaina... (+)
Oinutsik dabilen ibiltaria
Gertukoa dugu oso bere irudi bitxia: ur gainean flotatuaz, gu txikitan oheko koltxoiaren gainean korrika eta saltoka ibiltzen ginen antzera. Zentzuzkoa da pentsatzea animalien gorputzak... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora