San Jurgi, apirilak 23, artoak egiteko goizegi, San Markos, apirilak 25, artoak eginda balegoz...

Ezti ihintzez egindako ihintz eztia

Zein da zuretzat zuhaitzik gozoena? Janari gozoenak ematen dituena? Erleentzako eztigai, lore gehien eskaintzen duena? Ez ba! Ezkur jendearen artekoak dira zuhaitzik gozoenak.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2024ko maiatzaren 14a
Argazkia: honeyfromspain.com
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Haritza (Quercus robur) eta artea (Quercus ilex) dira gurean gozo gehien sortzen duten zuhaitzak eta hara zer lanak ematen dizkieten erleei. Eztia loreetan bildutako nektarrarekin egiten dute erleek. Lore sasoi nagusia udaberria da; egutegiari ezikusiarena egin eta uda erdian eguna dezente moztu den arte luzatzen dena. Hor buru-hegal aritzen dira eultzeko erreserbak besteak beste eztiz osatzen.

Uda erditik atzera, beste abaraskako eztia izan ohi da. Loreak bakandu ez ezik ia desagertu dira eta hurrengo negu amaierako sasoi berria urrun dago, oso urrun! Tarte hori laburtu eta goxatuko duen ihintza etorriko da. Uda erdian hasten dira ihintz handiak; eguna dezente laburtu da, tenperaturak beherako joera ez du utziko eta hezetasuna ugaritu egingo da. Emaitza ihintz latzak, eta haien eraginez hezeberak diren landareen sufrimendua: tomateak (Solanum lycopersicum), mahatsondoak (Vitis vinifera) eta abar.

Erleen uda eta udazken ataria goxatuko duena beste ihintz bat izango da, ordea. Ezti ihintza. Haritzak eta arteak sasoi horretan zenbaezina den intsektu mordoaren bisita izango dute. Bisitak ez dira onez-onezkoak. Zorri, kotxinila eta abar jatera datoz eta han, hemen, harago, ziztada eta koskadizo ugari egingo dizkiete. Intsektua elikatu denean hor uzten du zauria, eta hura jario eta jario, zuhaitzak izerdia dario nonahitik. Ba erleek izerdi hori jasoko dute. Izerdi hori hostoetan-eta geratzen denean, gozoa denez, lika antzeko ispilu bat sortzen du, ihintza balitz bezala, eta gozoa denez “ezti ihintza” esaten zaio. Janaria sortzeko lehengai nektarra erabili beharrean ezti ihintza erabiliko dute, eta harekin eultzean ez dute eztia egingo, ihintz eztia egingo dute. Ezti ihintzez ihintz eztia egingo dute.

Ihintz eztia ez da ezti arrunta bezalakoa. Ilunagoa da eta biziagoa, indartsuagoa; osagaietan ere zuhaitz horien loreen eztia baino aberatsagoa omen da: aminoazido eta mineral gehiago ditu.

Uda amaieran, Curculio elephas izeneko gurgurioak ezkurrei erasotzen die; ezkurrari eusten dion ezkur-azalean arrautza jarri eta handik sortzen den harrak zulatu egingo du. Zauri horretatik ere jarioa dario, ezti ihintza, eta erleek ederki jasoko dute. Intsektu koskarik gabe, eguraldi gorabeherak tarteko ezkurra bera eta azalaren arteko haustura bati egozten diote zenbaitzuek jarioa. Batera edo bestera, ezkur eztitsua. Eta ihintz ezti gehiago negurako.

Erleak lagundu nahi dituzula? Bai, loreak jarri, noski, baina ezkurrak erein. Agendan jaso datorren negurako lana.

Iraultzak pobretzea dakar, motzarelo
2025-06-02 | Jakoba Errekondo
Golde” hitza “kultura” hitzetik dator. Etimologialaria ez naizenez, ez naiz, badaezpada, bidezidor horretan barrenduko, edozein sastraka edo lahardiren (Rubus fruticosus) erdian itotzeko ere… Inor edo... (+)
Sua lotzen duen lorea
2025-05-26 | Jakoba Errekondo
Egurra lorarazteko gai da. Egurra lore bihurtzen du, bai, izan zurgin, arotz, zur-langile, zur-lantzaile, maiasturu, benuzer edo menuzer, zur-apaintzaile, zur-egintzaile, zuharotz, zurgile, zurgin-neska edo zurgin-mutil... (+)
Pagotxa eta beste pagotxak
2025-05-19 | Jakoba Errekondo
A ze pagotxa!, esan ohi dugu. Pagotxa edo mauka edo txokoa edo mantxunga edo… onturre edo probetxu ona ateratzen zaion zerbaiti edo horren aukerari esaten... (+)
Baso bat da dolarea, baita sagardoa ere
2025-05-12 | Jakoba Errekondo
Aurten bai urtea da. Sagar urtea izango da aurtengo hau (Malus domestica). Eta baialdia behar bezala agurtu eta baliatzeko, besteak beste, dolareak gertatu beharko ditugu.  (+)
Hazi batetik mundu guztiak
2025-05-05 | Jakoba Errekondo
Lagun asko dut. Ezagutzen ditudanetatik hegalari jendea da mordoxka bat. Duela hiru bat urte, horietako baten bisita izan nuen; ez dut gogoan nor zen. Antxeta... (+)
gora