Edozein belar pila ez da meta.

Koloreak iragarki

Naturan koloreek mezuak zabaltzen dituzte. Batzuetan, mezu zuzena ematen dute, beste batzuetan, ordea, mezu horiek ikuslea engainatzea dute helburu.

Iñaki Mezquita Aranburu
Iñaki Mezquita Aranburu

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2024ko otsailaren 19a
Zimitza (Graphosoma italicum). Argazkia: Iñaki Mezquita Aranburu.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.
Zimitza (Graphosoma italicum)

Taldea: Ornogabea / Intsektua / Hemiptera / Pentatomidae.

Neurria: 8-12 mm.

Non bizi da? Europako hegoaldean.

Zer jaten du? Landare batzuen izerdia (azenarioa, mihilua…).

Babestuta dago? Europan ez dago babestuta.

Jakina, izaki txikien artean ere badira ez direnaren itxura eman nahi dutenak. Arriskua adierazteko garaian lau dira Naturak aukeratu dituen kolorazioak: gorria, beltza, horia eta laranjatua. Gizakiok izan ezik bizidun guztiek ulertzen dute horietako kolorazio bat edo gehiagoko izakiak arriskutsuak izan daitezkeela. Egia esan, gizakiok ere kolorazio horiek kontutan hartu ditugu mezu bisualak emateko garaian: semaforoak dira horren adibide garbia. Dena den, Natura jakintsua da eta baliabide hori inongo arriskurik ez duten izaki batzuei ere oparitu die, biziraupen luzeagoa izan dezaten: kolorazio aposematikoa deitzen diogu horri. Horixe da bada, zimitza ikusgarri honen ezaugarrietako bat. Hala ere, molestatuz gero edo arriskua somatzen duenean, bere gorputzean baditu usain txarra isurtzen duten guruin batzuk. Ez azken urteotan etorri berria dugun zimitz gogaikarri horrena bezain usain nazkagarria, baina tira, berari balio dio arerioak uxatzeko.

Zimitz bitxi hau Europan bizi da, eta garai batean bertako espezie baten bi azpiespezie zirenak (Graphosoma lineatum espeziearen G. l. lineatum eta G. L. italicum azpiespezieak) gaur egun bereizi egin dira, bi espezie ezberdin izendatzen dira. Bi espezie horiek hanken kolorazioaren bitartez bereizten dira begi-bistaz: G. italicum-en hankek zati gorriak dituzte; Graphosoma lineatum-en hankak, ordea, erabat beltzak dira. Pentatomidae familiakoa da tifosi rossonero baten itxurako intsektu polit hau. Familia horren izenak adierazten du bere kideen antenek bost zati dituztela. Graphosoma bero zalea da, eta nahiago izaten ditu hegoaldera kokatuta dauden belardi eta inguruak. Hala ere, bestelako lekuetan ere sarritan topatu daiteke.

Metamorfosi sinplea beteta garatzen da. Hau da, bere bizi-zikloak hiru fase betetzen ditu, hurrenez hurren: arrautza, ninfa eta heldua. Arrautzak landareetan jartzen ditu emeak, eta aste pare bat behar izaten dute barrutik ninfak atera arte. Kolorazio gorri-beltz ikusgarri hori ez du hartzen heldutasunera ailegatu arte, ninfa izan bitartean kolorazio apalagoa, marroixka/arrea izaten baitu. Ninfek bost aldiz aldatzen dute azala heldutasunera ailegatu ahal izateko. Apirila aldera agertzen dira intsektu heldu hegalariak.

Landareen izerdiz elikatzen bada ere, ez du kalte nabarmenik egiten landaredian, ez baitu multzo handietan elkartzeko joerarik.

Intsektu hau zurrupatzailea da, baina ez du ziztatzeko erabili daitekeen organo-zurrupatzailerik, beraz, lasai egon eta gozatu bere jardunaz, hegan alde egiten ez duen bitartean!

Handiena arazo artean
Europan jatorria duen liztor espezierik handiena omen zen, duela gutxi arte… Orain badu eta horretan nork lehiatu. Eta horretan bakarrik izango balitz, gaitzerdi. Goazen lehenbizi... (+)
Semaforoa gorri, etsaien engainagarri
Gaur aurkezten dugun intsektuaren izen zientifikoak, besteak beste, bi gauza azaltzen dizkigu: alde batetik, gorria dela (ez erabat) eta ez duela hegorik. Okerrak ez dira... (+)
Engainuaren eredu
Leihatila honetan behin baino gehiagotan azaldu ditugu Ama Naturaren engainuak bere izakiak babestearren. Batzuetan, erle edo liztor itxura zuten euliak ekarri ditugu, beste batzuetan inongo... (+)
Itxura ahuleko ehiztari ahaltsua
Gaur egun Lur planetan bizi diren intsekturik handienek 30 cm inguruko tamaina izan dezakete, gizaki baten seiren bat, gutxi gorabehera. Horien artean daude tximeleta eta... (+)
Gonbidatu gabeko turista
2016an ikusi omen zuten lehen aldiz Herrialde Katalanetan. Bi urte geroago, 2018an alegia, Xanti Pagola eta Imanol Zabalegui entomologoek Gipuzkoan azaldu zela jakitera eman zuten.... (+)
gora