Maiatz iluna eta bagil argia, urte guztiko ogia

Zer moduz uda?

Zer moduz uda? Asteotako galdera hori izango da. Ez zait konbentzio sozial hau –ere– gustatzen. Zenbait unetan eta zenbait pertsonarekin behartua egiten zait. Antzeztua. Gazteek dioten bezala, performancea.

Josebe Blanco Alvarez
Josebe Blanco Alvarez

Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea


2026ko irailaren 21a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Hori benetan galdetzen didanari erantzuteak erreparoa ematen dit. Nire erantzunak beste topiko bat beteko duelako, agian: baserritarrak beti kexaka daude. Eta ez da horrela, ezagutzen nauenak badaki lanagatik beragatik ez naizela kexatzen, aieneka aritzen banaiz, normalki, izaten dela gure lanaren bueltan dauden albo-kalteengatik.

Hori argituta banoa zure balizko galdera erantzutera, irakurle.

Bada, gaizki. Oso gaizki. Ito beharrean, egia esan. Artzaina eta baserritarra den Josebe, beste asko bezala, gaizki pasatzen ari da. Aspaldiko partez itzuli zait hemen, bularraren erdialdean, sentitu izan dudan itomena.

Ez dut gogoratzen noiz egin zuen euria jarraian eta goxo azken aldiz, eta egunen joan-etorrian, belardiak lastategi bilakatu zaizkigu. Uztailaren hasieran belazeak abuztuaren bukaeran ziren. Orain zenbait zuhaitz udazkenean sartuta dauden bezalaxe. Eta gu, orain dela astebete, abendua dastatzen hasi ginen moduan. Bai, maiatzeko beroaldi hartan ondutako belarra jaten ari dira ardiak. Goiz eta arratsaldez ari gatzaizkie belar ondua ematen, barruan, San Andres edo Santa Lutzitan bagina bezala.

Aurretik, zuhaitz landaketen arteko bidezidorretan ibili ginen. Hiru orduz goizez, eta beste hainbeste arratsaldez. Gaua Kortaberrin edo etxean pasatzen zuten. Hamar minututan jaurtitako hogei litro haiek ez zuten konponbiderik ekarri.

Egoerak hausnarrean jartzen zaitu. Dena aztertzen. Zertan egin dugu kale? Orain dela hamar urte baino berrogeita hamar ardi eta hamabi hektarea belardi gehiago ditugu. Baina lehorte garaian, belardirik ez dago, bai, ordea, egunero jan behar duten ia berrehun ardi. Zaindu beharreko berrehun bizitza.

Herri lurren zortzi hektarea hartu genituenean, aldundiak aginduta, uko egin behar izan genion ardiak mendian libre larratzeari. Zuhaitz landaketa batzuen desagerpenak ekarri zituen landaketa berrien itxiturak. Abereak libre ibiltzeko itxitura gehiegi... Paradoxikoki, ongi itxita beharko luketen sailak hala moduz itxita daudenean, arriskua dago ardiak inoren lapikoan sartzeko eta horrekin batera artzainek inorekin xextrak izateko...Tira, ezinak bazterretan.

Txarrena badakizue zer den? Txarrena da gure ezin-meta hau ez dela indibiduala, baizik eta kolektiboa. Are, egiturazkoa.

Epe motzerako laguntzak, animaliak goseak eta abeltzainak –eta gainontzeko baserritarrak– itota daudenean behar-beharrezkoak dira. Zalantzarik gabe. Ezinak egituretan daudenen aldetik direnean, ordea, motzean aritzea ez da oso argia, izan ere, arazoaren sustraietara jo ezean, egoera larrien errepikapenei ate guztiak uzten dizkiegu zabalik, eta, ezinbestean, baliabideak gero eta urriagoak izatearekin batera oinarrian dauden arazoak eta ondorioak areagotu egingo dira. Artzainak ere badaki. Horrexegatik, beste baserritar askok bezala, jarraitzen du lanean, lurra zaintzen eta herrikideentzako janaria sortzen.

Beraz, arren eta otoi, utziozue kurtso politikoaren performanceari eta ekin iezaiozue lanari. Utziozue hemen ezer gertatuko ez balitz bezala jokatzeari, hitz egiteari, hautsi garapen industrialaren inertzia ekozidarekin eta aplikatu bizitza oro babestuko duten politikak. Nik bezain ongi –edo hobeto– dakizue hemen zer dagoen jokoan.

Sinplea da: jaten ez baduzu, hiltzen zara.

Emataileak
Bizitzen ari garen egoeraren arabera ez da erraza izaten ikustea eskertzeko zenbat dugun. Bizirik egotea bera bada mirarizkoa. Edo? Zenbat gauzek –nimiñok, txikik eta handik–... (+)
Klaseak
Hilabete pasatxo Egutegia izeneko artikulua argitaratu nuenetik, eta hemen nago, atzera ere, egutegian kateatuta. Izan ere, egutegia eta errealitatearen arteko disoziazioak presente jarraitzeaz gain, egunerokoan... (+)
Hitzak lapurtu nahi dizkigute
Bagenekien gure etxeak, eta gure modukoek, ez zutela asko balio Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat. Antzemanda geunden artalde txikiak eta ekologikoan maneiatutakoak ez zituela maite; are gutxiago,... (+)
Egutegia
Maiatzaren lehen hamabostaldia martxoan pasa genuen. Hotzari euria gailendu zitzaion eta larreak, baratzeak eta soroak hartu zituen, denak. Errekastoak erreka bilakatu zituen eta udaberri atseginaren... (+)
Gertatzen ari da
Aspaldian sentitzen naiz lekuz kanpo. Aspaldian bizi dut ez dudala asmatzen barruan dudan zenbait kontu helarazten, ulertarazten; mundua neure baitan hasi eta bukatuko balitz bezala.... (+)
gora