Otsailean, neguaren erdigunean gauden honetan, lehentasuna gorputza ondo ureztatua edukitzea da. Intxaurrondoa egiten ari den bezala: sustraiak neguan biltegi gisa erabiltzen ditu, sustrai motz eta lodiak behar ditu, ura eta lurreko mantenugaiak biltzeko.
Otsaila urdinez margotu dut: uraren kolorez, garrantzia emateko, ura garelako. Giltzurrunak eta maskuria zaintzeko ura, gatz mineralak eta jaten dugun proteina kantitatea eta jatorria zaindu behar ditugu. Gure elikadura planak salda, zopa, barazki, fruta eta infusioekin aberastera animatzen zaituztet. Etxeko landare eta lorategia zaintzen ditugun bezala zaindu behar dugu gure burua. Etxeko landarerik garrantzitsuena gara, eman lehentasuna, sasoitu eta ureztatu!
Hipertentsioa, digestio-eragozpenak, zirkulazio arazoak, oin eta esku hotzak edo kontzentrazio-arazoak izaten ditugu ur falta dugunean.
Zenbat ur behar dut? Egunean 1,5 eta 2 litro ur artean. Ur beharrak faktore askoren menpe daude, bereziki klimatologiaren, giroko hezetasunaren eta jarduera fisikoaren menpe. Ez ahaztu fruta eta barazkiak ur iturri direla.
Hosto berdeko barazki batzuk gomendatuko dizkizuet, gorputza ondo ureztatuta izateko. Hosto berdedunek klorofila izeneko landare-pigmentuari zor diote beren tonua. Pigmentu horrek ezaugarri antioxidatzaileak, arazgarriak eta energizatzaileak ditu. Defentsak indartsu eta sendo edukitzeko beharrezkoak dira.
URAZA
Letxuga elikagai alkalinizatzailea, freskagarria eta birmineralizatzailea da. Zertan laguntzen gaitu? Batetik, zuntzetan aberatsa da, asegarria. Ongi mastekatuta, argaldu nahi dutenentzat mesedegarri da. Digestioa egiten eta idorreriari aurre egiten laguntzen du. Bestetik, lasaitzen eta lokartzen laguntzen du, triptofanotan aberatsa delako. Hirugarrenik, odoleko azukrea murrizten du eta beraz, diabetikoen elikadura planetan lagungarria da. Azkenik, betakaroteno ugari duenez, hesteak, kolona eta birikentzat oso interesgarria da.
Nola prestatu dezakegu letxuga? Udazken eta neguan ia egunero jan beharko genukeen barazkietako bat da: bitamina ugari eta mineral dosi txikiak ematen ditu, dieta aberasten dutenak ia kaloriarik eman gabe. Entsaladetan erregina da eta ia denarekin konbinatzen da. Eguerdian jatea gomendatzen dut.
Uraza entsaldan jan ohi dugu gordinik. Nik egosita, patata eta azenarioekin jatea gomendatzen dizut, harrituta utziko zaitu. Horrela prestatuta edo krema eginda afarirako egokia da.
ZERBAK
Zerbak hezurrak indartzen ditu, mineraletan aberatsa baita. Kaltzio iturri bikaina da, batez ere esnekiak kontsumitzen ez dituztenentzat.
Idorreriaren aurka baliagarri da, zuntz ugari daukalako. Bestalde, anemiari aurre egiten dio: burdin asko eta kobrea ere badituenez, anemia ferropenikoa artatzen laguntzen du. Kontuan izan gorputzak burdin hori hobeto xurgatuko duela C bitaminari esker. Baina argi: azido urikoa altu baduzu, saihestu beharreko elikagaia da.
Nola prestatu? Bere hosto berdeak eta zurtoinak ezin hobeak dira barazki saldak egiteko, azenario eta tipularekin batera. Uretan egosi ditzakegu edo baporean egin. Oliba-olioarekin salteatu daitezke, pinaziekin eta mahaspasekin, edo intxaurrekin. Beste modu bat penkak edo zurtoinak egostea da eta ondoren irinetatik pasatzea, arrautzeztatu eta frijitzea; oso gozoak daude. Penka horiek beteak prestatu ditzakegu gazta eta urdaiazpikoarekin.
ATXIKORIA, ESKAROLA eta ENDIBIAK
Elikagarriak, zaporetsuak, osasungarriak eta arazgarriak dira hiru barazki goxo hauek eta kolore asko ematen dizkete neguko platerei, entsaladei bereziki. Zuntz ugari eta kaloria gutxi dute. Mineraletan aberatsak dira: fosforo, sodio, magnesio, potasio eta kaltzioan. A bitamina eta azido foliko ugari ere ematen dituzte.
Araztu eta garbitu egiten dute, behazunari eta gibelari laguntzen diete eta digestioa errazten dute. Bestetik, antiinflamatorioak dira, azaleko arazoak dituztenen goxagarri. Azkenik, uraza bezala, diabetesa dutenentzat oso lagungarri dira.
Nola prestatu? Entsaladan gustagarri daude fruitu lehor, fruta zati eta gaztarekin. Egosita ere prestatu daitezke oliba-olio eta berakatzarekin.
Plater astunak dauden menuetan, beti gomendatzen ditut barazki hauekin prestatutako entsalada mikatzak. Adibidez, koipe askodun haragi eta txerrikiekin, entsaladan edo egosita.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545