Lurra lantzea eta zaintzea ahaztea, geure burua ahaztea da.

Udazkenetik udaberrira murgil


Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2020ko abenduaren 17a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Gure inguruko haritz kandudunak (Quercus robur) gorritu dira eta gorritu dute dena. Urrutira intsinis pinu beltzek (Pinus radiata) urdintzen dute paisaia, baina haritzezko han-hemengo pintek eta etxe bueltako harizti dotoreek ez diete begiei beste ezer ikusten uzten, eta gutxiago urdinen eta urdinduen eskalan. Gorrietan gorriena da haritzarena, azienda gorriaren gorria, behi gorriaren gorria. Txindurri gorriaren uda amaierako kolorea dakarkit gogora: distira zorabiakorra.

Bada haritz gorria esaten zaiona, jeneralean norteko haritza edo haritz amerikarra deitzen dena (Quercus rubra), baina horren gorria gorrimina da, ezpainetako gorriaren tankerakoa, odolkara, mahatsaren ardoaren kolorekoa. Hori beste upeleko sagardoa da.

Orain, egun laburrenetan, eguzkia inoizko beherapen makurrenean dabil zeruan, eta bere errainuak, euria haize zakarrenarekin bezala, zaldizka datoz, lurrari paralelo. Argi hori egun gutxitako kontua da, hilabete eta erdi eskas, eta egunabarretik ilunsentiraino zain nauka.

Aurten eguraldiak lagundu du. Gure amonak atzo esan zuen eran zuhaitz gehienak moildu ditu. Hostoz soildu. Gure etxean moildu aditza erabiltzen da soilik fruta arbolari fruta aleak hagaz kentzen zaizkiola esateko. Sekula ez nuen entzun zuhaitzari haizeak hostoak kentzen dizkiola adierazteko. Fruta garrantzitsua da, baina baita hostoa ere. Hostoa orbeltzen denean, jaten, azpigarri, luargarri, lastaira... Zer ez da?

Udazkenaren egun gorenetako edertasunaz idazten ari naizela, olerkariaren mezu bat iritsi zait, bere hitzetan galdera tekniko batekin: lirioari euskaraz nola esaten zaion galdetuz, ea gazteleraz edota ingelesez ametitua dagoen bezala iris esan ote dakiokeen. Erantzun diot Iris izena lirioaren izen zientifikotik datorrela, eta grekoen Iris jainkosatik, ortzadarraren jainkosatik. Eta iris esatea loreari poeten eskudantzia poetiko soila dela. Eta landarezaleen artean ez zaiola horrela esaten, genero zientifikoa (Iris spp) aipatzeko ez bada. Eta jainkosa harengandik, grekotik gurerako dagoen Lluis Llachek abesten duen “un pont de mar blava” itsasozko zubi urdinetik barrena euskaraz uztargi-belarra, ostargi-belarra esaten diogu lirio arruntari, Iris germanica.

Eta beste olerkari baten “Wild Iris” “Iris basatia” edo Lirio basatia” nola idatziko nukeen galdetzen dit. Eta olerkariak berak duela hamaika urte idatzitakoa etorri zait burura: “...Eta kalera irten naiz. Gaur egun, maskarak erabiltzen / Ditugu eta modu berezian mugitzen gara. Hitz / Batzuk baztertu behar baina beste batzuk asmatuko / Ditugu...”. Eta esan diot guk basatia animalioi esateko erabiltzen dugula. Landarea basa edo basaka izaten dela. Uztargi-belar basa itzuliko nukeela esan diot, eta poeten eskudantzia poetikoa erabiliz uztargi basa.

Ezagutzen dudan udaberriko lorerik dotoreenetako bati buruzko mezua dela medio sasoi horretan murgil egiteak gogoa bahitu eta udazkenaren onena zapuztu dit.

Ohea berotzearen teknika
2025-03-31 | Jakoba Errekondo
Ohe beroan edo hotzean egiten da hobeto lo? Nik zalantzarik ez daukat: hotzean. Landare jaioberriek bero punttu bat nahiago dute, ordea. Udaberriko ekinozio garai hau... (+)
Ilargiko borda, lurra eta ilintia
2025-03-24 | Jakoba Errekondo
Bada Borda bat ilargian. Bai, bai, Borda izeneko krater bat badu ilargiak; talka krater edo astroblema bat da, ilargiaren ageriko aldean dago eta bere koordenadak... (+)
Magnolian kakalardoa polen-mamitan
2025-03-17 | Jakoba Errekondo
Magnoliak eleganteak dira. Dotoreak. Anddereak. Pontxoak. Apainak. Pimentak. Gurbilak. Ponposak, ponpoxearrenak. Ortiroak. Ia-ia fazazkoak, kriket eta kraket. Ez naiz harritzen, beren loraldien azpian lurrarekin urtzerainoko... (+)
Loratu ala hil. Loratu eta hil
2025-03-10 | Jakoba Errekondo
Noizbait. Noiz izan ote zen? Noizbait landareren batek lorea egitea erabaki zuen. Bai, bai, landareek ere erabakiak hartzen dituzte, eta guk maiz ez bezala, erabakiak... (+)
Zakilixuten potroximela
2025-03-03 | Jakoba Errekondo
Nori ez zaio gustatzen ahuakatea? Ia denok atsegin dugu fruitu berri hori, di-da amaren batean etxekotu zitzaigun. Zenbat urte da ba dendaero ikusten hasi garela?... (+)
gora