Zemendian erein garie, idien apatxean be.

Arboletarako eroa daukat

Bada Garde. Urrutira gabe hor dago, urrutieneko mugaren guardan. Umetan ezagutu nuen Garde, ez dut gogoan zenbat urte nituen, baina landatuta geratu zitzaidan han ikusi nuena.-

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2025eko irailaren 15a
Gardeko intxaurrondoa.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Jexuxmari aitaren apeta zen harako arrazoia. Zerraria zen eta #zuhaitzaarbolaegurrazurazurajea zen bere motor indartsuena. Bazituen errebotea, herrilana, fruitugintza, txertaketa, sagardoa, irakurketa, arotzeria, baratzea ere; arbolak ziren bere muinaren bihotza. Arbolak eta arbola-jendarteak duen bizileku nagusia: mendia. Mendia ez gaur egun prostituituta daukagun zentzuan, mendian behera eta gora edo korritu, edo pedalkatu, edo gidatu, edo hegakatu, edo eskalatu, edo eskiatu, edo etxean geratu. Egun mendia aipatzen denean, ia beti kirolari darion bafadak zopa-zopatzen gaitu. Kiroldegi erraldoia besterik ez da mendia gehien-gehiengo isilarentzat. Jexuxmarik era zaharrera begiratzen zion mendiari, biak bat ziren, gure kulturaren iraupenaren oinarria luzez izan denarekin aritzen zen, erreka zuloetan barrena, ez ttonttorreko gurutzeari musu ttonttoa eman behar dion ttonttoa bezala. Mendigintzan.

Mendigintza horrekin txertatu nahi izan zigun, bereziki, arbolekin elkarnahierarako jaugina eta sena. Txerto bakoitza bat eta bakarra izan ohi denez, arreba-anaiotan, bat eta bakarrak baita ere, itsaste maila desberdina izan du. Nik ez dut sekula ahaztu Gardera familia osoa joan gineneko egun hura. Joanaren arrazoia zen apeta hura nahiko zergati bazen, bai. Non edo han entzuna zuen Nafarroako intxaurrondorik handiena (Juglans regia) han bizi zela, eta bostekoa luzatu nahi zion; orduan ez zen jendea besarkatzen, oso bakanetan. Berak begiak landatzen zizkion artean, gu adaburu erraldoiaren adar-apalen azpian genbiltzan, sekula ikusi gabeko halako arbolaren neurriez marmarioan. Arbolean landatutako bere begi haiek zer pentsatzen ote zuten daukat oraindik gogoan. Badira istripuz garezurra betirako pitzatuta izanagatik memoriak deuseztatu eta ahaztu ezin dituenak.

Bada Garde. Lehengo otsailaren 21ean Añorgan bizi den arbola amona erraldoi pare bati buruz ari ginela, urrutira gabe hona ekarri beharrean nagoen artea (Quercus ilex) eta magnolia tulipa (Magnolia x soulangeana), konturatzen ez naiz ba bertako Xabier Altuna solaskide lagunak bere whatsappeko profilean Gardeko amonari helduta dagoela ateratako argazki dotore baino dotoreagoa duela. Aspaldiko amona ikusi gabe, idaz-solasaldiaren erdian honelaxe galdetu nion: “Hi, orain ikusten diatela, perfilean daukaken argazkikoa nor dek, Gardeko amona?”. Eta berak: “Bai”. Hor hasten zait haize-zirimola-erremulia bihotzondoan. Ezin izan nion jardunari segi.

Garuna, bihotza eta erraiak lotzen dituen nerbioak, bagoa edo pneumogastrikoa, ez alferrik bere motzean kateatzen ditu, gure izakera, bakoitzaren zaina eratuz eta hauspotuz edo zapuztuz. Guk gurea eratu dugun jendarte txatxu honek harrizko erraiak eraikitzera eraman banau ere, Gardeko amonari lotutako istorio pare horren uztarriak, idi onak bezala tirakariak dira emozioz puztu eta pozez erotzerainotzeko. Eta arboletarako eroa daukadala jabetu naiz.

Sagar inaurkina
2025-10-06 | Jakoba Errekondo
Inaurkina. Inaurkingintzan buru-begi hasia dago aberats jendea, abeldun jendea, abeltzaina. Buru-begi eta buru-belarriak erne egin beharreko lana da inaurkinarena. Etxeratu nahi den zaborra da inaurkina.... (+)
Garde herrian intxaurrondoek izena dute
2025-09-29 | Jakoba Errekondo
Garuna dirudi, bai, intxaur alearen mamiak. Garun bikoitza. Alearen edo garauaren barrukoari “intxaur-mami”, “intxaur-ister” eta “intxaurki” esaten zaio. (+)
Sagarretako Pelestina
2025-09-22 | Jakoba Errekondo
Abuztuaren amaieran azaltzen da, baina iraila du gogokoen. Udazkena hemen dela berritzen digu urtero. Udazkenari kolore bidea erakusten dio. Guri, ahoko zeruak jasota duen lurrinen... (+)
Orria egitera
2025-09-08 | Jakoba Errekondo
Orriuldu gabe daude oraindik zuhaitzak eta arbolak. Hostoak ihartu gabe daude, bai. Eta hostoa jasotzeko sasoi aproposa da. Hostoa, batez ere geroago jasotzen da; zuhaitzaren... (+)
Pagatza, bizitza, sutza
2025-09-01 | Jakoba Errekondo
Ez naiz aparretsia, orraztearen aparretsia, ezta gutxiagorik ere. Baina ikasturte berriari ekiteko, zer den ez den, lakarra zuzen-zuzen ederki asko eginda nator zuregana. (+)
gora