Otsaila, nahiz laburrena, da hilabete txarrena.

Orria egitera

Orriuldu gabe daude oraindik zuhaitzak eta arbolak. Hostoak ihartu gabe daude, bai. Eta hostoa jasotzeko sasoi aproposa da. Hostoa, batez ere geroago jasotzen da; zuhaitzaren adaburua janzten duen orritza edo hostotza erortzen denean edo orriultzen denean, lurraren instantziako epaitegian izena aldatu eta orbel bihurtzen denean. Orbel hori altxor bat da eta lurlangile bakoitzak bere erara baliatzen du: abereen edo baratzeko landareen azpietarako, simaurrak eta luarrak harrotzeko, lurrustela egiteko…

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2025eko irailaren 08a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Hostoa berdetan jasotzen duenik ere bada. “Orria egitea” esaten zaio. Etxeko aziendaren bazkatarako biltzen da hostoa edo orria. Udaren gorabeheren atarramenduz belazeak gorri, larrea idor eta aberea gosez bada, hosto betean dagoen adarra jatenetarako moztu eta zuzenean animaliari ematen zaio. Uda beharrik gabe ere, ganadua gose bada, noiznahi hostoz jantzitako adar muturrak kraskatu eta ematen dira, “garrazta” esaten zaio. Eskura dena: lizarra (Fraxinus excelsior), ezkia (Tilia spp.), sasiakazia (Robinia psudoacacia), artea (Quercus ilex), urkia (Betula spp.), mertxika (Prunus persica), gurbitza (Arbutus unedo), pinu gorria (Pinus sylvestris), astigar arrunta (Acer campestre) eta zuria (Acer pseudoplatanus), hurritza (Corylus avellana), olibondoa (Olea europaea), haritza (Quercus spp.), lertxuna (Populus tremula), makala (Populus nigra), sahatsa eta zumea (Salix spp.)…

Uda gozo joan bada eta belarrak eta alapideak kabalak berdindu samartuta bizitzeko adina izan badira ere, orain uda amaieran orria berdin-berdin egiten da. Adarrak hostoari gogor eusten dio oraindik eta hostoa mardul dago, sapak eta gizenak galtzen hasi gabe. Iraileko ilbeheran moztu eta bere berde horretan zortzi-hamarnakako sortatan, zatukatan lotuta, borda edo mandio bazterren batean zutik jaso. Ilunpearena ez da zirtzilkeria; argiak dena erretzen du eta hilda dagoena gehiago. Hostoak bere elikagaiei hobeto eutsiko die.

 Jakoba Errekondo / ARGIA CC BY-SA

“Lizar-hostoa” esaten zaio lizarraren adarrak direnean. Maiz ikusiko dituzu, oraindik ere, lizar ederrak borda, korta eta etxe inguruetan. Lizarra gaztetan lepatzen da, behor luzeenaren luzatutako lepoaren hortzak iritsiko ez diren bi metro eta erdi edo hiru metrora, eta hostoaren lurraren instantziako epaitegi berean izena mudatu eta hortik atzera lizar motza izango da. Ebaki haren bueltan haziko da aurrerantzean lizarra, han emango ditu adar berriak. Adar horiek izango dira garraztak, moztu eta berehala abereei emanez gero, edo lizar-hostoak, zatukatan negurako jasoz gero. Lizarrarena bezala, batez ere haritzarena jaso izaten da, eta haritz motzari “motzaritz” esaten zaio. Zatukatan jasotzen den hostodun adar horri “orrilo”, “abar-hosto”, “arba-hosto”, “garrazta” eta “hosto-xahar” esaten zaio, eta “txorroki” artearena bada.

Adarra osorik eskain dakieke abereen hortzei edo hostoak adarretik kenduta, adarra kimatu eta “hosto-kima” esaten zaio horri. Hosto-aizkora ttikiarekin kimatu edo orriuldu, edo hostogetu, edo orria kendu, edo orrigabetu, edo itzundu, edo hostoa kendu, edo orrindu, eta hostoa bazka garbia. Hosto lehorra bazka ederra, alajainena; atera kontuak: 800 gramo hosto lehor kilo bat belar ondu adina omen da.

Irail honetako ilbehera 14tik 28ra artean izango da. Aizkora ttikia zorroztu eta jaso aziendarentzako adarrak. Eta, zurea untxiak badira, bereziki maite dute zumarraren (Ulmus spp.) hosto berdea.

Pagatza, bizitza, sutza
2025-09-01 | Jakoba Errekondo
Ez naiz aparretsia, orraztearen aparretsia, ezta gutxiagorik ere. Baina ikasturte berriari ekiteko, zer den ez den, lakarra zuzen-zuzen ederki asko eginda nator zuregana. (+)
Harroputzetik artaputzera
2025-07-28 | Jakoba Errekondo
Gabezia, pobrezia eta erromestasuna orokortu ziren. Euskal Herri atlantikoa harropuzkeriaren ur gaineko bitsetan bizi zen. Itsasoz haraindiko merkataritzak, arrantzak eta estraperloak gure iparralde osoko jendartea... (+)
Sagastien joeraren hipotesia
2025-07-27 | Jakoba Errekondo
Etorri dira herriko jaiak. Gureak sanferminen atarikoak dira, uztailaren abiatzea. Eta aurten berrikuntza bat izan dute. Artisten herria da gurea, eta apain-apain janzten dute jaietarako,... (+)
Sagastien joeraren hipotesia
2025-07-20 | Jakoba Errekondo
Etorri dira herriko jaiak. Gureak sanferminen atarikoak dira, uztailaren abiatzea. Eta aurten berrikuntza bat izan dute. Artisten herria da gurea, eta apain-apain janzten dute jaietarako,... (+)
Akainen eta eulien erasoak
2025-07-14 | Jakoba Errekondo
Ekainak akainak ekarri ditu: uda iritsi da. Udaberriko egun beroetan hasten dira akainak ehizean, udako ehizaldi nagusirako hankak prestatzen. Garo arruntaren (Pteridium aquilinum) garomenetan izaten... (+)
gora