Asteroko buletina
Santa Luzia egunerako, eguna oiloaren hatzaparra hazitzen.

Udazkeneko bederatziurrenak

Gaurko artikulua ezin dut sendabelar batean oinarritu, orain arte bezala. Izan ere, udazkenean sendabelar bat baino gehiago ezkondu eta norberarentzako egokia den formulazioa sortu behar genuke. Udaberri zein udazkenean bederatziurrenak egitea oso aspaldiko ohitura da gure artean, aldaketa asko dakarten urtaroak direlako, akaso. Horri gehitu zaio gure egungo bizimoduak udazkenean aldaketa askotara egokitzea eskatzen digula.

Garbiñe Larrea Iturralde
Garbiñe Larrea Iturralde

Sendabelarrek dakitena liburuaren egilea


2023ko irailaren 18a

Formula unibertsalekin lan egitea erosoa da, erosoegia, baina ez da inola ere bakoitzaren beharretara egokitzea, eta hemen era bateko edo besteko bederatziurrena egin, norberaren egoerak aginduko du. Hautatutako sendabelarrak edozein direla ere, bederatzi egunean jarraian hartuko ditugu, ez gehiago, eta egunean behin bakarrik, goizean baraurik; hori bai, urrian hasi eta hiru hilabetetan jarraian egin behar litzateke.

Negua etorri aurretik gorputzean atxikitako gehiegizko likidoak kanporatzea eta maskuri zein giltzurrunak indartzea oso komenigarria da hotzari aurre hobeto egiteko eta negua hasi aurretik gorputza arintzeko. Zeregin honetan azeri buztana (Equisetum arvense), txilarra (Calluna vulgaris) eta arto bizarrak (Zea mays) erabili izan dira. Asuna (Urtica dioica) ere ipin dakioke, baina kontuan izan behar da askok ezingo duela bederatzi egunean jarraian hartu.

Sendabelar horiek lehortu eta kopuru berean nahasten dira, hermetikoa den ontzi ilun batean jasoz. 250 mililitro ur irakin eta sendabelar lehortuen bi koilarakada txiki ipintzen dira, bost minutu tapatuta eduki, iragazi eta goizean baraurik edaten dute. Atzetik ohi bezala gosaldu daiteke.

Udazkenean nekea edo astenia izan ohi baditugu, berriz, azeri buztana (Equisetum arvense), asuna (Urtica dioica), erromeroa (Rosmarinus officinalis), zaingorria (Geranium robertianum), ezkaia (Thymus vulgaris) eta erramua (Laurus nobilis) har ditzakegu, horiek ere lehortuta eta kopuru berean nahastuta.

Infusioa hartzea nekeza egiten zaionarentzat bada barazki salda hartzeko aukera. Salda ez dugu infusio bezala irakurtzen, baina oso gertuko senidea da. Tipula, porrua (hosto berde eta guzti), baratxuria, jengibre freskoa, apio edo perrexila, azenarioa eta aza zein errefautxoak lapikoan ipini eta egosi bat eman ondoren sua itzaliko dugu. Ondoren, asuna eta azeri buztana ipiniko ditugu, litroko koilarakada handi bana. Hamar minutuan estalita eduki eta iragazi egingo dugu. Egunero 300 mililitro edatea litzateke ona, hutsik edo arrautza egosia zein fideoak bezalako lagungarriekin.

Infusio hauetan azeri buztana eta asuna daudelarik azazkalak eta ilea indartuko zaizkigu eta hori ondo etorriko zaigu, udazkena ile erorketa garaia izan ohi baita. Gehiegizko izerdia duena konturatuko da lagundu egiten diola izerdi hori bere onera ekartzen.

Ezin amaitu oharra egin gabe: hipertentsioarentzat, bihotzerako edo giltzurrunetarako botikak hartzen baditugu, sendabelar hauek erabili aurretik medikuari galdetu behar zaio. Ezin ditugu epe luzean erabili, bederatzi eguneko epea nahikoa da. Haurdunaldi zein edoskitzaroan ere ez erabili, ez baita gorputza garbitzeko garaia. Haurrentzat ere ez da egokia. Odolean potasio gutxi badugu ez da erabili behar. Tentsio baxua dagoenean ere tamainan hartu behar da, bederatzi egunez ezin bada, zazpi egunean, adibidez. Kontuan izan urdaileko gaitzak baditugu infusio hauek bihotzerrea sor dezaketela.

Ezkaia udazkenean
Udazkenak udatik duena galtzen hasia dugula dirudien honetan, hego haizea apaltzen eta gauak hozten ari direlarik zuetako askok jantziko zenuten dagoeneko berokia. Gure etxean beroki... (+)
Itsas mihilua ezagutzen
Uda joan zaigula dio egutegiak, nahiz uda giroak gure artean jarraitu nahi duen oraindik ere, eta sasoi hau baliatu nahi nuke hondartza inguruetara itsas mihilu... (+)
Izpiliku fina, lurrin bat baino askoz gehiago
Banda eta belar-xuta ere deitzen zaio Lavandula angustifolia sendabelarrari, bai, ondo esan dut, sendabelarra baita nahiz askorentzat lurrin gozo edo aire girotzaile soila den oraindik... (+)
Euskararentzat gu sendabelar
Artikulu hau ez idaztekotan nintzen, nahiz duela hilabete batzuk Estitxu Eizagirrek esan idatzi beharra neukala. Bera izan dut editore eta sudur fineko kazetari ere badenez,... (+)
Militarren sendabelarra guretzat ere txarra ez
Santio-belarraz (Hypericum perforatum) ari naiz, akaso irakurleak ausiki-belar, epai-belar, hostoargal, likurusna edo milazulo izenez ere ezagutuko duenaz, baina militarren sendabelarra esango banu zer, lotura egitea... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora