Intxaur urte, elur urte

Udaberria jan dezagun mikatzetik

Arabako Errioxako udaberriak ez dauzkat ahazteko. Urte dezentetan harrapatu ditut sasoi horretako loraldi betean hango mahastiak eta harrigarria da; laburra da paisaia berria, baina iraupen motz horretan begien sabaia erretzen du eta ordura artekoak ahantzarazten.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2024ko ekainaren 17a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Landare bat da nagusi loraldi tzar horretan: berarakia, bekarkia edo berakaia (Eruca vesicaria). Loreak ubel koloreko zainak dituzten lau petalo zurizta-laru horiak ditu. Familiari lehen Kruzifero esaten zitzaion, lau petalo horiek gurutze itxura dutelako; egun, berriz, Brassicaceae, aza jendea, aza txiki jendea alegia. Edertasunaren oinarrian ez al dira beti azatarrak ageri, eta beraien koloreak?

Berarakiari errukula ere esan dakioke. Gaur egun izen horrekin ezagutzen den barazkien birramona da, eta duela milaka urte jaten zutenek ematen zioten izenetik datoz bai errukula eta bai bere familiako generoa den Eruca bera ere. Errukula izenpean espezie asko biltzen dira, denak jangarriak, zein baino zein bereziagoak. Denek dute mikatz punttu lehorra eta pikantea, bixiegia ez bada ere. Geurera urte asko ez dela iritsi badira ere, Mediterraneo aldean milaka urte dira jaten dituztela; han afrodisiakotzat dituzte. Hemen zer eragiten ote digute? Hemen berri xamarrak dira, bai, baina amaren batean osatu dute jarraitzaile sutsu kofradia zabala, etengabe hazten ari dena. Neu tartean naiz, daitort; eta gure etxeko baratze bazterretan ez da sekula falta errukularik.

Niretzako onena, bere mikatz mingatzean ahogozagarriena, errukula hostoestua da (Diplotaxis tenuifolia). Gure mahaian ezagunenetakoa den jakia, egiten erraza eta jaten errazagoa, errukularekin egina da: hartu zezin zerra mehe bat (niretzako behikia onena), baratzean bildu berria den errukula mordoxka bat jarri erdian eta errailatuta edo ezpaletan ebakitako gazta bizi xamar bat gainean, zezinarekin txilipitu bat bezala bildu eta… Esango didazu.

Mediterraneora inguratzen bazara errukula hostoestuaz gain hosto borobila dutenak ere topatuko dituzu, besteak beste, berarakia bera eta Diplotaxis muralis. Denei errukula esaten zaie, tokian-tokian bat edo beste edo hurrengoa eskainiko dizute, bertan garatutako kulturak hautatu eta ondu duen espeziea eta barietatea. Eskaintzari ez egin uko inolaz ere, baldin baduzu ezta jainkoagatik ere. Errukula hostoestu fina eta ziapea (Brassica juncea) edo errefautxoen (Raphanus raphanistrum) hostoen arteko dasta du eta errefau minaren (Armoracia rusticana) eta japoniarrek ekarri diguten wasabiaren (Eutrema japonicum) antzeko punttu beroa, gehienez ere.

Gordinik, saldatan, era askotara jaten dira errukulak batean eta bestean, ahosabaiaren eta lurraren kulturen uztarriaren emaitza mikatzak. Gose asko berdindu duen familia da, bai aza jendearena, baita aza txikiena ere. Ezaguna da mikatzak osasuna dakarkigula; ez da harritzekoa: sabela berdindu eta bizipoza piztu!

Intsusaren xirmi-xarmak
2026-05-25 | Jakoba Errekondo
Intsusaren lorea badoa. Edota puska batean gure artean geratzeko eska diezaiokegu. Eskatu baino gehiago, gonbidatu. Limurtu eta gure arteko istorioa gozoa izango dela jabearazteko matte-matte... (+)
Sagardogintzaren zurajea
2026-05-18 | Jakoba Errekondo
Zurajea etxea da. Edozein tresna edo eraikuntzaren egitura da etxea. Gurdiak gurtetxea du, orgak orga-etxea eta xarretak xarreta-etxea; areak arretxea; goldeak golde-etxea; dolarearen egitura dolare-etxea... (+)
Hartz baratxuria eta larre lirioa
2026-05-11 | Jakoba Errekondo
Porru ederra dugu, era guztietako jendea bada. Mendira edo errio ondora joan eta ikusten duen landare guztia on, jangarri, bizi-lorea dela uste duena, eta, ahuntzak... (+)
Zuria, kolore eta olore
2026-05-04 | Jakoba Errekondo
Hor darraio genozidio batek. Ez da bakarra. Ez lehena, ezta azkena ere. Izugarria bai, zer garen eta zer izan gaitezkeen ederki asko erakusten diguna. Palestina. (+)
Azeribuztana adiskide
2026-04-26 | Jakoba Errekondo
Isatsa edo buztana, lukiaren edo azeriaren atzekia ikusten dugu euskaldunok landare batean (Equisetum telmateia). Luki-buztan, luki-belar, azeri-belar, azeri-isipu, azagari-buztan, oilar-puztan eta eztainu-belar ere esaten zaio.... (+)
gora