The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.
Épernay herrian dituzte Moët & Chandon edo Mercier luxuzko txanpain markek euren egoitzak, mahasti horietako langile gehienek, ordea, kalean egiten dute lo, soldatarekin iruzurrak egiten dizkiete eta sarritan ordaindu gabeko lanaldiak egiten dituzte.
Txanpainaren sektorean baldintzak okerrera doazela diote sindikatuek, eta baldintza txarrak eta soldata apalak eskaintzen dituztela “behin eta berriz” eskulan merkea lortzeko. Jose Blanco, CGT sindikatuko idazkari nagusiak adierazi du “panpina errusiarren” sistema bat dela eta, zeina azpikontratatutako enpresez osatuta dagoen. Horrek zaildu egin du langileen esplotazioaren erantzukizuna upategi jakin batzuei leporatzea.
Hainbat langilek The Guardiani azaldu diotenaren arabera, kale gorrian pasatzen dute gaua langile gehienek, eta hurrengo egunean kaleratuak izateko beldurrez bizi dira, “gauero geure buruari galdetzen diogu ea hurrengo goizean kaleratuko gaituzten, edo mahastietan lanean jarraituko dugun”.
Ez zaie bermatzen lo egiteko ostaturik edo babesgunerik mahastietako langileei, askok Epernay herriko zinema parean pasatzen dute gaua. Langileetako batek adierazi duenez, udalak “ez du ezer egiten” eta egoeraren ardura hartu beharko luke: “Udalak langileak lekuz aldatu besterik ez du egiten, 'turista asko daudelako', baina etxe bat aurkitu beharko liekete. Ikaragarria da”.
Elikagaien faltak egoera are larriagoa bihurtzen du. The Guardianek jasotako testigantzen arabera, mahastietan lan egiten duten langileek ogitarteko bakarra jasotzen dute egunean, eta horrek lapurretara bultzatu ditu. Langileek kontatzen dutenez, inguruko landetan janaria ostu behar izan dute bizirauteko.
Hainbat langilek azaldu dutenaren arabera, langile askok ez dute jasotzen hitz emandako soldata kopurua, batzuek inolako soldatarik jaso ez izana salatu dute. Mahats-biltzaileei eguneko 80 euro ordainduko zizkietela agindu zieten, hori ordea errealitatean ez dela betetzen kritikatu dute.
Frantziako legezko gutxieneko soldata orduko 9,23 eurokoa da, eta horrek esan nahi du langileek egunean 100 eta 110 euro artean kobratu beharko zituztela, agindutako 80 euro baino askoz gehiago. Kanouté izeneko langile maliarrak azaldu du aste osoan lan egin eta 200 euro baino ez dituela jasotzen.
Eskulan merkeak ahalbidetzen du Frantziako txanpaina-industriak irabazi handiak sortzen jarraitzea. 2023an, 300 milioi txanpaina-botila esportatu ziren, guztira 6.000 milioi euroko diru-sarrerak sortuta. Mahastiko mahats kilo bakoitza 10-12 eurotan saltzen da, eta txanpaina botila merkeena 25 eurotik gorakoa da. Hala eta guztiz ere, irabazi horiek ez dira islatzen mahastietan aritzen diren langileen baldintzetan, eta esplotazioa nagusi dela erakutsi du ikerketak.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545