Astearte honetan onartu dute otsoaren babes egoera murriztea, espeziearen kudeaketa malgutzea eta landa-eremuko interesak babestea argudiatuta. Zorrotz babestutako espezieen zerrendatik, babestutako espezieen zerrendara pasatzea erabaki du Europako Kontseiluaren Bernako Hitzarmenaren Batzordeak. Erakunde ekologistek salatu dute ehiztarien interesak lehenetsi dituztela.
Aldaketa hiru hilabeteko epean indarrean sartzea aurreikusten da, 2025eko martxoaren 7an, baldin eta Bernako Hitzarmenaren alderdien heren batek ez badu kontra egiten. Abenduaren 6an argitaratuko da azken erabakia.
Europako Batzordeak argudiatu du proposamena "zientzia oinarri hartuta" egin dela, baina zientzialariek eta ekologistek erabakia kritikatu dute, oinarri zientifikorik ez duela eta interes politikoek gidatutako aldaketa dela salatuz.
Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batasunak gogorarazi du otsoa espezie kaltebera dela eta haren populazioa oraindik egoera kaskarrean dagoela herrialde gehienetan. Adibidez, 2019-2024 urte bitartean bildutako datu ofizialek erakutsi dute EBko bost herrialde bakarrik direla otso populazio osasuntsua dutenak: Errumania, Lituania, Letonia, Estonia eta Italia.
Erabakiaren aldekoek, bestalde, diote espeziearen kontrol handiagoak landa-eremuko biztanleriaren interesak babestuko dituela, bestelako abereen aurkako kalteak eta segurtasun publikoaren arriskuak gutxituz. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak aldaketaren alde egin du irmoki, 2022an bere ponia otso batek hil zuenetik El paísek jaso duenez. Von der Leyenek “oreka bat” bilatu nahi dela nabarmendu du, espeziea babestuz eta landa-eremuko bizimoduak bermatzea uztartuz.
Humane Society International-eko eta IFAWeko ordezkariek adierazi dute erabakiak “aurrekari arriskutsua” ezarri dezakeela, beste espezie batzuen babesari ere kalte egiteko. Gainera, erakundeek salatu dute Europako Batzordeak ehiztarien interesak lehenetsi dituela espeziearen kontserbazioa eta zientzia oinarri hartuta egindako irizpideak alde batera utzita.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545