Astelehenero 8:00etan zure epostan
Fundazioaren arabera, Aguilar de Codes eta Sorlada artean, Villamayor de Monjardinen, Villlatuertan eta Kasedan ustiatu nahi dute kobrea. Iberian Copper SL izan da Nafarroako Gobernuari lau eremu horietan prospekzioak irekitzeko baimenak eskatu dizkion enpresa.
Nafarroan kobrea ustiatzen zen azken meategia Sorladako Mina Emilia izan zen, Estellerrian, baina 1890 eta 1910 artean irekita egon ondoren mineral eskasiagatik itxi zuten. Bada, Sustrai Erakuntza fundazioak jakinarazi duenez, badirudi kobre meatzaritza itzul daitekeela Nafarroara: fundazioaren arabera, Iberian Copper SL enpresak Nafarroako Gobernuari lau eremutan prospekzioak irekitzeko baimenak eskatu dizkio. Zehazki, Aguilar de Codes eta Sorlada artean, Villamayor de Monjardinen, Villlatuertan eta Kasedan.
Antonio Aretxabala geologoaren ikerketetan oinarrituta, Sustrai Erakuntzaren arabera Nafarroan kobrea zorupetik ateratzeko aukerak "urriak" dira. Fundazioak gogorarazi duenez, mineral hori aurkitu diren zerrendak Nafarroa zeharkatzen du mendebaldetik ekialdera, eta iberiarren nahiz erromatarren garaietako meategi asko aurkitu dira eremu horietan.
Egungo testuinguruan kobreak duen garrantzia ere azpimarratu du Sustrai Erakuntzak. Izan ere, energia berriztagarrien ekoizpena eta kontsumoa gora doan heinean, energia horren pilaketa galarazteko eta banaketa ahalik eta galera txikienekin lortzeko geroz eta paper garrantzitsuagoa jokatzen du kobreak, fundazioaren arabera.
Geoalcaliren kasuarekin antzekotasunak
Fundazioak Iberian Copper enpresaren inguruan dituen susmo txarrak ere aipatu ditu: 2024an sortu zen Salamancan (Gaztela eta Leon, Espainia), 3.000 euroko kapital "urriarekin". Gainera, Sustrai Erakuntzak aitortu du Geoalcali enpresarekin –Zangozako eta Aragoiko lurretan potasio meategi bat bultzatzen ari dena– gertatu den historia errepikatzeko "beldur" direla, haren modus operandi bera baitu Iberian Copperrek: "Meatze-esperientziarik gabeko enpresa bat sortzen da, esploraziorako eta ikerketarako meatze-eskubideak bereganatzen dituena".
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545