Astelehenero 8:00etan zure epostan
Bolo-bolo dabiltza gugandik zenbait kilometrotara gertatutako pogromoak, hamarkada luzetan −mendez mende− zilegituriko arrazismoa oinarri dutenak. Palestinan, Torre Pachecon eta Hernanin, arazoa antzekoegia da, intentsitate ezberdinez bada ere. Moroak dira behe-laino artean. Gutxiespena, intimidazioa, erasoa, indarkeria, zure gorputza eta bizitzeko modua era jakin batean irakurtzen dituztelako, ezjakintasun eta eurozentrismo kolonial harroputzez. Sistemak gorputzen gainean jartzen duen indarkeriak, Nancy Fraser-ek dioenez, moduren batean atera behar duelako: normalean piramidean beherago dagoenaren kontra. Mundu-mailan klase esplotatuak jasaten ari garen indarkeria-mailaren termometroa baizik ez diren gertaerak.
Ekofeminismoaren arabera, halakoetaraino ekarri gaituen krisi sistemiko larriak giza jarduera du oinarri. Zehazki, dominazioan oinarrituriko pentsaera da bere funtsa, giza-ekintza jakin batzuk eragiten dituelako, planetaren bizigarritasuna kolokan jartzeraino.
Planeta finitu batean, ordea, ez dago hazkuntza infiniturik. Hazkuntza nahiak zenbat eta dominazio bide biolentoagoak erabili, orduan eta indarkeria handiagoa nonbaitetik irteteko.
Hazkuntza nahiak zenbat eta dominazio bide biolentoagoak erabili, orduan eta indarkeria handiagoa nonbaitetik irteteko
Izan ere, dominazioaren bitartez eraikitzen da eraso daitekeen bestetasuna: langile klasea, emakumea, beltza, moroa, sexualitate disidentea, lodia, desgaitua, okupa, terrorista, aberea, baliabide “naturalak”… Arpilatu daitekeen lurraldea, animalia, gizakia: zergatik ez? Instintuetatik gertuegi eta arrazionaltasun zibilizatu txit gorenetik urrutiegi dagoen oro izan daiteke gorputz dominatu eta dominatzaile posizioen arteko muga.
Horren aurrean, desazkundea, agroekologia eta dominaziorik gabeko antolakuntza ezinbestekoak dira: aldarrika dezagun planetaren eta bizidun guztion bizigarritasuna, aliantza horietatik eraikitzen baitira borroka egiteko behar diren elkarlotura eta sustrai sendoak.
Duela gutxi Sukar Horiko kideok Animalia Etika Gizartean ikastaroan izan gara, entzuten, hausnartzen eta eztabaidatzen. Langileen esplotazioa, pogromoak edota genero-indarkeria eragiten dituen dominazio-sistema irauli nahi baldin badugu, ekofeminismoak, antiespezismoak eta dekolonialismoak asko daukate esateko. Esateko daukatena ez entzuteak etengabe indarkeria erreproduzitzera kondenatzen gaituelakoan gaude: Palestinan, Torre Pachecon, edo, zoritxarrez, Hernanin, Irunen edo Nafarroako makro-ustiategietan.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545