Astelehenero 8:00etan zure epostan
Erabilera bakarreko plastikoen ekoizpenari eta erabilerari jarri nahi dizkiete mugak bereziki. Plastikoaren ekoizpena bikoiztu dute mende hasieratik, eta igoera horren arrazoia erabilera bakarreko plastikoak dira nagusiki.
Abuztuaren 5etik 14ra NBEko 179 herrialdetako ordezkariak bilduko dira Genevan, hondakin plastikoen kutsadura murrizteko juridikoki loteslea izango den ituna negoziatzeko. Akordio honek plastikoaren bizi ziklo osoa kontuan hartu asmo du: diseinua, ekoizpena eta hondakin bihurtu arte. 2022an hain justu, 482 milioi tona plastiko ekoitzi ziren, hondakinen %15 soilik birziklatu zen, eta birziklatutakoaren erdia baino ez zen berriz aprobetxatu. Gainera, hondakinen %23 naturara botatzen da, ELGAren ikerketa baten arabera.
Bileran izango da Plastikoen Kutsadura Amaitzeko Koalizio Anbiziotsua ere. Koalizio horrek 70 estatu kide ditu, tartean Espainiako eta Frantziako Estatuak, eta bere sorreratik egin du bat aipatu itun loteslea negoziatzeko konpromisoarekin. Ekoizpenari mugak ezartzeko helburua azaldu du koalizioak, batez ere erabilera bakarreko plastikoena. Izan ere, salatu dute horrela jarraituz gero, egoera "atzeraezinera" helduko dela ingurugiroa. Koalizioko estatuek parez pare dituzte hondakinen kudeaketan edo "borondatezko" neurrietan bakarrik zentratu nahi duten herrialdeak, "petroestatuak" gehienak, Saudi Arabiaren gidaritzapean.
Plastikoaren ekoizpena eta osasun arazoak etengabe hazten dira
Itunaren premia ebidentzia "kezkagarrietan" oinarritu dute: adituek ohartarazi dute mikroplastikoak antzeman dituztela bai gizakietan eta bai animalietan ere, eta horiek gaixotasun kronikoak eragiten dituztela. Plastikoak eragiten dituen osasun arazoek 1,3 bilioi euroko kostuak dituzte, NBEk jasotako ebidentzien arabera.
Mende hasieratik 2022ra plastikoaren ekoizpena etengabe hasi da, 234 milioi tonatik 482 milioi tonara. Hazkunde horren zati nagusia erabilera bakarreko plastikoek eragin dute. Hori horrela, erabilera bakarreko plastikoak gai zentrala izango dira Genevako bileran.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545