Donostiako Udalak El Diario Vascori filtratu dionez, ez dute olatu artifizialen surf parkerik eraikiko Martutene eta Txomiñenea auzoen artean dagoen Antondegi mendian. Albisteak sorpresa eta poza eragin du mugimendu ekologistan, izan ere, orain arte EAJ eta PSE-EE sendo ari baitziren igerileku erraldoi horren alde lanean, oposizioari entzungor. Atzera egin dute ordea, eta hurrengo urteetako Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorrean (HAPO) eremu horiek guztiak nekazal eremu gisa izendatu eta askoren ustez zentzugabeak ziren plan hauek lurperatu dituzte. Wavegarden enpresak Donostian beste kokaleku baten bila hasi dela jakinarazi du.
2007an hasi zen ARGIAko lantaldean, aurretik erreportaje batzuk argitaratuta kolaboratzaile gisa.
Duela hiru urte eta erdi, Donostiako Antondegi mendian surf parke bat egiteko asmoa zutela jakin berritan idatzi genuen erreportajea honela amaitu genuen:
“Ikusteko dago Gipuzkoan gai izango diren herri mugimenduak eta oposizio politikoa EAJ-PSE udal gobernuaren norabide neoliberala geratzeko. Azken urteetako aurrekariak ikusita –hiriaren erdigunea hankaz gora jarri duen metroan milioika euro xahutu, hirian AHTarentzat lurpeko geltokia egin, dozenaka hotel gehiago ireki, uhartean lau milioi euroko eskultura ordaindu, aldirietan erraustegi bat abian jarri, Garbera merkatalgunea bikoiztu, ondare arkitektonikoa zaborraren pare zaindu, eta abar–, talka iragartzeak ez dirudi erokeria. Nola amaituko den? Hori ikusteke dago”.
Erantzuna maiatzaren 17an argitu zen ustekabean: Ez dute olatu artifizialen surf parkerik egingo Antondegin. Hala filtratu diote –Donostiako Udaleko Urbanismo Sailak, itxura guztien arabera– El Diario Vascori, ostiralean argitaratu zuenez. Lurrak berriro ere nekazal lur izendatuta, baztertuta geratu da Wavegarden enpresaren asmoa. Vocentoko egunkariak jakinarazi duenez, ordea, enpresa ez dago amore emateko eta dagoeneko hirian bertan beste kokaleku bat bilatzen ari da halako igerileku bat egin asmoz.
Antondegiren magalean duela urte dezente egin nahi izan zituzten 3.000 etxebizitzei ere atea itxi diete erabat, artikuluan aipatzen denez, Loiolako militarren kuartelen eremuan, "aukera hobeak" daudela iritzita. Urbanismo Sailak aipatu du Antondegi hiriaren gerriko berdearen parte dela eta bere balio naturala babestuko duela, orain arte EH Bildu, Elkarrekin Donostia eta eragile ekologistek etengabe azpimarratu eta eskatzen ziotena.
HAPOaren zirriborroan jasotako informazioa da ostiralean El Diario Vasco-k argitaratu duena. Oraindik tramite luzea gainditu beharko du zirriborro horrek behin-behinean onartua izan arte, baina "apustu irmoa" egina dagoela adierazi du EAJko Urbanismo zinegotzi Nekane Arzallusek aipatu egunkarian.
Proiektuaren aurkako oposizioa hasi da garaipena ospatzen. Hiriko EH Bilduk ostiralean bertan honakoa idatzi zuen sare sozialetan: "PNV eta PSEk atzera egin eta sen ona gailendu da. EH Bilduk larrialdi klimatikoaren testuinguruan interes orokorraren alde lanean segituko du". Olatuak itsasoan lelopean sortutako Antondegi Berdea plataformako Eguzkik, beste adibide bat ekartzearren, honakoa adierazi du sare sozialetan: "Garaipena! Antondegi behintzat libratu da olatu artifizialetik. Ez da, ez, albiste txarra!!".
Uhin artifizialarekin bueltaka
Badira zenbait urte baga artifiziala eraikitzeko asmoak publikoki aipatu izan dituztela hiriko agintariek.
Historiarako geratu da Odon Elorza alkate zen garaian, 2007an, aurkeztu zuten olatu artifizialaren proiektua. Zurriolako hondartzan bertan, itsaso barrenean, 230 metro luzeko, 40 metro zabaleko eta Kursaal eraikinaren altuerako uhin mekaniko erraldoia egiteko asmoa adierazi zuten. Ander Usabiagak berreskuratu zuen sare sozialetan El Diario Vasco egunkarian Mitxel Ezquiagak orduan idatziriko artikulua, non asmakizuna aurkezten zuen “Gipuzkoa berritzailearen irudi” gisa. Hura ere ez zen turismoa erakartzeko proiektua izango, “energia berriztagarriak bultzatzea” zen asmoa, nahiz eta turismo zinegotziak aurkeztu ideia. Olatuaren proiektua inauguratzeko, zer eta energia berriztagarriei buruzko nazioarteko jardunaldiak antolatuko zituztela jakinarazi zuten, hirira etortzeko Al Gore edo Bono abeslaria gisako pertsonaia ezagunen izenak hasieratik aipatuz. Ez zen sekula egin eta proiektuak historiaren zabortegian amaitu zuen.
Hamarkada bat beranduago, 2017an, Ernesto Gasco Donostiako alkateordeak –gaur egun Espainiako Gobernuko haurren pobreziaren aurkako goi mandataria– adierazi zuen olatu artifiziala egiteko asmoa, oraingoan hiriaren periferian: Altzan edo Zubietan. 2018an surfari buruzko nazioarteko jardunaldi batzuetan berriz aipatu zuen ideia, baina oraingoan esan zuen Espainiako militarren kuartel berria Martuteneko Antondegin egiten ez bazen, bertan egitea proposatuko zutela. Uda sasoian “hondartzetako pilaketak saihesten lagunduko” zukeela esan zuen, baita 500 lanpostu sortuko zituzkeela ere, aurrez aipatu dugunez.
Esan bezala, 2020aren hondarretan, etorri zen Antondegiko proposamena, eta 2024ko maiatzean, atzera bota dute.
Europako surflariek sortutako irabazi asmorik gabeko Surf Rider elkartea – nazioartean 50.000 bazkiderekin– azpiegitura horien aurka posizionatu zen 2020an. Beren webgunean argudiategi osoa irakur daiteke. Funtsean diote Surf Park-ek ingurugiroari egiten dioten kaltea surfari egiten dioten ekarpena baino handiagoa dela.
ARGIAk surf parkeen gaiari jarraipena egiten dio eta kanal honetan aurkituko ditu interesa duenak artikulu gehiago.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545