Azaroko eguna, argi orduko iluna

Amasa-Villabonako EH Bilduri erantzuna

Amasa-Villabonako EH Bilduk argitaratutako idatziaren harira, hainbat adierazpen egin nahiko genituzke. Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu larrialdi klimatikoari aurre egitearen urgentzia ukaezina dela, eta horregatik, krisi honekiko dugun kezkagatik beragatik jartzen dugula zalantzan eskuartean duten proiektua.


2025eko uztailaren 24a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Trantsizio energetikoaren izenean, hainbat eta hainbat proiektu jarri dira martxan azken urteotan, eta zerrendan hurrengoa izan daiteke Amasa-Villabonakoa. Proiektu horien bidez merkatu berriak bilatzeaz gain, enpresen irabazi-asmoak lehenesten dira eta ez dira ingurunea errespetatzeko neurriak hartzen. Gainera, adierazi behar da, gaur gaurkoz ez dagoela Europa mailan trantsizio energetiko hau gauzatzeko plan errealik.

Aipatutako idatzian kontraesanak topa ditzakegu behin eta berriz. Berriztagarrien garapena herrigintzarekin uztartu nahi dutela diote. Trantsizioa demokratikoa, planifikatua eta komunitarioa izan behar dela. Bada, nola ulertzen da hori? Ez al da irabazi ugari dituen Premier Group enpresa pribatua proiektu honekin dirua poltsikoratuko duena? Ez al dira izango Amasa-Villabonako eta inguruetako herritarrak proiektuaren ondorioak pairatuko dituztenak?

Proiektu honen bitartez enpresa handiek bakarrik ez irabaztea helburu dutela diote. Eta hori nola egingo da? Nola banatzen dira “irabaziak herritarren artean”? Nola bermatuko da “sortzen den energiak ez dituela kontsumo berriak ekarriko”? Eta “erregai fosilen bidez egiten diren kontsumoak ordezkatuko direla”? Herritarrek proiektu honen bidez energia prezio eskuragarrian jasoko omen dute. Zaila da hau nola egin daitekeen pentsatzea.

Finean, hitz hutsak dirudite, horrelako makroproiektu bat jarri nahi duten herriko herritarrek entzun nahi lituzketenak. Funtsik gabekoak. Ez dago hau guztia aurrera eramateko plan errealik, eredu honek gaur gaurkoz gauzaezina dirudi eta etorkizuneko belaunaldiei ezin diegu utzi amalurra jaso duguna baino okerrago.

"Herritarrok izango omen gara erabakiaren parte. Bada, badirudi Villabonako EH Bilduk hartu duela bere erabakia, nahiko esanguratsuak baitira Udalak jadanik eman dituen pausoak"

Bestalde, egindako adierazpenen arabera herritarrok izango omen gara erabakiaren parte. Bada, badirudi Villabonako EH Bilduk hartu duela bere erabakia, nahiko esanguratsuak baitira Udalak jadanik eman dituen pausoak: administratiboki prozesua erraztea, enpresarekin biltzea, kaleratutako artikulua bera, zein testuan aipatzen den adituaren figura sortzea. Zergatik ez sortu Bizigintza ponentziak lehenesten duen bertako nekazaritza bultzatzeko aditu bat?

Horrelako proiektuen baimentzearen eskumena Industria Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak dutela diote baina horrek ez du esan nahi beste administrazioek ere ez dutenik. Gure kasuan, diotenaren arabera, momentu honetan enpresa udalaren esanetara dago eta udalak ez zaiola interesatzen esanez gero, enpresak ez luke aurrera egingo.

Herritarrok galdeketa baten bidez proiektuaren inguruan erabakiko dugula adierazten zaigu. Baina egindako adierazpenak kontuan izanda, inpartziala al da galdeketa? Benetan herritarrok erabakiko dugu proiektuarekin aurrera egin nahi dugun? Testuan “enpresak bere hitza betetzen badu, herri galdeketa” dio. Eta betetzen ez badu (enpresa pribatuek beren interesengatik hitzak jatea ez litzateke harritzekoa izango)? Ez al da hobe orain ez dugula nahi helaraztea?

Bien bitartean borrokan jarraituko dugu eta proiektu hau geldiarazteko firma bilketa martxan izango dugu.

gora