Ilbeltza egiten badu txuri, ardiak haziko du; ilbeltza egiten badu hil beltz, ez ardi eta ez axuri.

Obrak eta obrak, marra horia lausotzeko

Garai aproposa izaten da urteburua iraganeko lorpenak goraipatzeko eta, are gehiago, etorkizuneko asmo-usteak aldarrikatzeko. Eta halatsu da Txinan ere, alafede. Bide batez, ez da harrigarria abenduko azken orduetan, aurreikusitako planari aurrea hartuz, Xinjiangeko Urumqi-Yuli autobideko Tainshan Shengli tunelaren zulaketa-lanak burutu (eta hedabideetan gogotik haizatu) izana. Ez du huskeria izan behar: munduko errepide-tunel luzeena izango omen da, 22 kilometro luze, bidaiak biziro laburtuko dituena.


2024ko abenduaren 31
Abenduaren 30ean burutu dituzte Tainshan Shengli tunelaren zulaketa-lanak; munduko errepide-tunel luzeena izango omen da, 22 kilometro luze.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Albistea, haatik, epel geratu da aurtengo abenduko azken astean gainera etorri zaizkion bi iragarpen erraldoien itzalpean: CKU trenbidea eraikitzeko obren hasiera, eta Yarlung Zangbo ibaiko egitasmo hidroelektrikoaren behin betiko onespena.

Egiaz, batere berriak ez diren proiektuak biak ala biak; duela urte, hamarkada askotatik zirelako hizpide... Baina orain eginbidean direla esan beharko dugu. Eta ur handiak dira horienak; seguruenera, horrexegatik egon dira ez atzera eta ez aurrera hainbeste denboran. Baita aurrekaririk gabeko lanak direlako ere.

Mende laurdena zeraman ametsen apalean jasota usu CKU akronimoaz ezagutzen den trenbide-egitasmoak: Txina, Kirgizistan eta Uzbekistan lotu behar ditu, handik barrena, lehendanik badiren trenbideekin elkartu eta Mediterraneo alderaino iristeko. CKU ez da luzea (500 kilometro inguru); baina zeharkatu behar duen Tianshan mendikateak izugarrizko zailtasunak ezartzen dizkio, tunel-zubibide izango baita gehienean, eta oso goiera altuetan, irispide makurrekin. Noski, lanketa eta proiektuaren dirubideak aurreratzea Txinari dagokio, eta zifrak halakoak dira. Baina argi dago Pekingo agintariek haren estrategikotasuna lehenetsi dutela. Orain.

Tasun hori bera aitortu beharko zaio Yarlung Zangbo (gure artean, gero hartzen duen Brahmaputra izenaz ezagunagoa den) ibaiaren baitan Tibet hego-ekialdeko egitasmo hidroelektrikoari. Jada eraikitzen hasita zegoen, baina orain ofizialdu da. Txinako presa hidroelektriko handiena eta munduko bigarrena den Hiru Arroiletako Urtegiarekin alderatzen da (haren gainetik jarriz); baina, ezagutzen den apurraren arabera, antzekotasun gutxi izango dute egituraz, inpaktuez eta gainerakoez. Argi dago, haatik, Medog konderriko hori are garestiagoa izango dela, munduko obra publiko garestiena edo izateraino.

Garestitasunaz gain, badute, ordea, berezitasun bat erkide obra publiko erraldoi “berri” horiek guztiek: sartaldeko-tasuna. Alegia, herrialdea bi zati ia berdinetan banatzen duen Heihe-Tengchong marra baino mendebaldeagokoak izatea.

Txinaren barne-desoreka ekonomiko eta sozialaren isla nabarmenena den marra hori, gure Mendebalde kolektiboan aintzat hartzen ez bada ere, kezka-iturri handienetakoa izan da beti Pekingo agintari ororentzat. Urrutiago gabe, hartaz gogoeta egin bide zuen egungo aginte gorenak pasa den abuztuan. Pentsa liteke horren emaitza direla oraingo urrats hauek.

Urteak beharko dira horrelako obrek marra horia lausotzen ote duten ikusteko.

Gorabehera ekonomikoak otorduraino heltzen direnean: arrozaren krisia
2025-02-18 | Mikel Aramendi
Estatu Batuen muga-zergak nahiko buruhauste ez balira, pasa den asteko albiste xalo samar batek dardara-uhinak helarazi ditu mundu-parte handi bateko otordu-mahaietaraino: Japoniako gobernuak bere arroz-gordekin... (+)
Su hartuko ote du Txinak eraiki nahi duen munduko presarik handienak?
2025-02-04 | Mikel Aramendi
Iazko azken hatsean Txinako gobernuak Yarlung Zangbo ibaiaren behe-arroan proiektu hidroelektriko handia abian jarriko duela iragarri izanak, urak harrotu ez, sutan jarri dituela dirudi gure... (+)
Txina, Kirgizistan eta Uzbekistan lotuko dituen trenbide faraonikoa eraikitzen hasiko dira
2024-06-11 | Mikel Aramendi
CKU trenbide hori egitasmo mitikoa da, hitzaren adiera zuzenean: itxuraz, koherentea ez ezik desiragarria litzatekeena, baina ameskerien mundutik kanpo zertzeko aukerarik gabea, orain arte behintzat.... (+)
Tritioaren diplomazia
2023-07-10 | Mikel Aramendi
Protestak protesta, Ozeano Barera isuriko dira, pixkanaka, ondorengo egunotan hasi eta urtetan iraun beharko duen operazioan, itsasikara batek sorrarazitako tsunamiak Fukushima Daiichi zentral nuklearrean 2011ko... (+)
gora