Nahiz ilzahar, nahiz ilberri, emaiozu hazia eguraldi onari.

Hontz zuriarekin bakeak egitea komeni zaigu, gure zaindaria da

Mandio eta kanpandorreetan hontz zuriaren ulu mikatza gero eta gutxiagotan entzuten dugu. Zer dela eta? Urbanismo basatiaren eta laborantza intentsiboaren ondorioz, bere habitata suntsitu dugu. Baina gaueko hegazti harrapari bitxia funtsezkoa zaigu, soroak osasuntsu mantentzen dizkigulako. Ez dago plagizida natural hoberik. Gizakiok mendetan jazarria, azken urteetan beretzako habiak egiten hasi dira munduko bazter askotan, baita Euskal Herrian ere. 


2025eko ekainaren 04a
Hontz zuria (Tyto alba) kapaz da urtean milatik gora sagutxo harrapatzeko, eta horregatik fumigazio pozoitsuentzako alternatiba ona da. Euskal Herrian ez ezik, munduko bazter gatazkatsuenetan ere ari dira beretzako habiak jartzen, Txipren edo Israel eta Palestinaren arteko mugan kasu. Argazkia: Sue Cro / Flickr - Creative Commons
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Pitillasko urmaeleko behatokian, ingurumen teknikariak “itxoin pixka bat”, esan digu. Hortik gutxira gelatxotik irten da, plastikozko zorro batean bilduta zerbait dakarrela: “Ikusten? Hau hontz zuriak ahotik botatako bolatxoa da, goizero topatzen ditugu eraikinaren atarian”. Egagropila deitzen zaien bolatxo horiek altxorra dira ornitologoentzat, haien bidez dakitelako hegaztiak zer irentsi duen. Digeritu ezin izan dituen iletxoen artean, satitsu eta saguen hezur txikiak ikus daitezke. Hontz zuria kapaz da gau bakarrean horrelako lauzbabost karraskari oso-osorik sartzeko zintzurrean barrena, inongo gupidarik gabe. Mila baino gehiago urtean.

Pitillasko urmaela udaberri betean, urez gainezka eta soroz inguratuta, hontz zuri bikotearen paradisu txikia. Argazkia: Urko Apaolaza / ARGIA CC-BY-SA

Urmaelaren inguruan hontz zuria egotea seinale ona da, gaueko hegazti espezie hori gero eta urriagoa baita landa guneko parajeotan. Habia egiteko erabiltzen dituzten korta zaharretako zuloak estali dizkiegu, edo horien ordez pabilioi industrialak eraiki; nekazaritza intentsiboarekin pozoitu ditugu bazterrak, eta eskastu bere harrapakinak. Aranzadiko Nerea Pagaldaik, duela pare bat urte Bizi Baratzea sailean oso ondo azaldu zigun zein den ondorioa: “Janaririk ez bada, hontza zuririk ere ez”. 

Nafarroako Unibertsitateak, hegaztiaren gainbehera erakusten duen ikerlana argitaratu zuen 2021ean, Cárcarreko Rúben Hernández biologoaren eskutik. Hontz zuria jadanik ez dago duela 25 urte egoten zen tokietan, bere bizilekuak industrializatu egin dira, eta Nafarroako toki askotan egindako kontzentrazio partzelarioa da arazo nagusietako bat: “Ingurumenarentzat oso kaltegarria izan da, laborantza guneetan geratzen ziren biodibertsitate erreserba apurrak, alegia partzeletako mugak, suntsitu dituelako”, azaldu zuen Radio Euskadiko elkarrizketa batean egileak. Soroen arteko hesi berde eta baso horiek ehiza toki apartak ziren hontz zuriarentzat. 

Hontz zuri baten egagropila. Bertan ikus daitezke zenbat animaliatxo irentsi dituen gau bakarrean. Argazkia: Drow Male - Flickr / Creative Commons

Mila ehizakitik gora urtean, ez da gauerdiko ahuntzaren eztula. Horregatik esaten da soroetan triskantzak egiten dituzten mikro-ugaztunen izurriak saihesteko lagun paregabea dela hontz zuria. “Berez ez dira izurriak, aldian-aldian gertatzen diren populazio gailurrak baizik”, argitu digu Pitillasko teknikariak. Goraldi horien kontrol biologikoa egiten laguntzen zuen gure hegaztiak; baina plagizida natura hori gabe, masiboki fumigatzeari ekin diogu eta sorgin-gurpil bat sortu dugu. Hortaz, ez da arraroa orain bere falta sumatzea. 

Arazoari erremedioa eman nahian azken urteetan hontz zuriarentzako habiak jartzen hasi dira han eta hemen. Cascanten, esaterako, Muerdago natur elkarteak horretan dihardu 2023. urtetik hango nekazariekin elkarlanean, eta Azagran upategi handi baten mahastietan jarri berri dituzte, Nafarroako Unibertsitateak lagunduta. 

Cascanteko Muerdago kolektiboak hontz zuriarentzako habiak jarri izan ditu. Argazkia: Muerdago

Euskal Herritik palestinara

Hontz zuria, hontza zuria, mozolo zuria, gabontza, gautxori zuria... Makina bat modutan deitu izan zaio hegazti espezie honi. Kuriositatea duenak Txoriak.eus atarian begira dezake, hor daude jasota guztiak. Euskarazko izenak zein izen zientifikoak (Tyto alba) agerian uzten duten moduan, gauaren erdian nabarmentzen den bere kolore zuriagatik dugu ezagun.
Gizakiagandik gertuan bizitzen ikasi duenez, haren inguruko esamesak ohikoak dira, tartean elizako lanparetako olioa edaten duela. Hori irakurri dugu Iñaki Sanz-Azkuek eta Eñaut Agirrek Urumea bailarako naturari eskainitako Gure faunari eta florari begira liburu zoragarrian, baita beste hau ere: “Luma bereziei esker, hotsik ez du ateratzen, eta sorpresaz harrapatzen ditu xagu gaixoak. Zast!”. 

Gizakiek bakarrik ez, beste txoriek ere bat eginda taldean erasotzen dute hontza, egunez ikusiz gero: “Hontza txorien ihesi”, dio esamoldeak

Baina berezia den arren, hontz zuriak beste hontzakien (urubia, mozoloa, apo-hontza...) ezaugarri berdinak ditu: luma iletsu isilak, aurpegi borobila, buru teleskopikoa, begi handiak, belarri fina, gauerdian ohetik entzunda ere ezin konfunditu daitekeen ulua... “Hontz bat, hontza da. Ez dago zalantzarako tarterik”. Hori ez diogu guk, Desmond Morris zoologo britainiar ospetsu –eta sarritan eztabaidatuak– baizik. Berak idatzitako Owl liburuan –berriki gaztelaniaz berrargitaratua Búhos izenburupean– mundu osoko 198 hontz espezie zerrendatzeaz gain, hegazti horren erretratua egiten du, historian zehar kulturalki eta sinbolikoki izan duen eragina aztertzeko.

Morrisen esanetan, hontza animalia kontraesankorra da oso. Grezia klasikoan Atenea jainkosari loturiko hegazti jakintsutzat hartzen zen. Baina gero, sorginkeria, banpirismoa eta bestelako sineskeria ilunagoekin nahasi zuten kondairek, ez fidatzekotzat hartua: “Hontzari ez beha lumara”, dio esamoldeak. Ze kulpa dauka gauez eta isilpean bizitzen ikasi badu? Mendetan zehar jazarri izan da geroztik –nahiz eta baserritarrek beti izan duten estimuan ganbaratan–, eta hori gutxi balitz, gizakiek bakarrik ez, beste txoriek ere bat eginda taldean erasotzen dute hontza, egunez ikusiz gero: “Hontza txorien ihesi”.

Arrunt zabalduta dagoen hegaztia da hontz zuria. Irudian, bere ezaugarriak ikustarazteko afixa erakusten Cascanten, Muerdago elkarteak egindako irteeran. Argazkia: Muerdago

Hontz zuriak ez du patu desberdina izan, baina orain berarekin berradiskidetu beharko dugu, ekosistemak onbideratu nahi baditugu. Euskal Herrian ez ezik, munduko beste bazter askotan ari dira beretzako habiak jartzen, baita toki gatazkatsu eta zailenetan ere. Txipren, adibidez, greziar eta turkiarren artean irla banatzen duen desmilitarizaturiko eremuan jarri dituzte. 

Hontz zuriarekin berradiskidetu beharko dugu, ekosistemak onbideratu nahi baditugu. Euskal Herrian ez ezik, munduko beste bazter askotan ari dira beretzako habiak jartzen, baita toki gatazkatsu eta zailenetan ere

Handik ez oso urrun, Ekialde Hurbilean, hontz zuriaren ikerkuntzan munduko aditu nabarmenena den Alexandre Roulin biologo suitzarrak, “palestinarren eta israeldarren arteko elkarrizketa” sustatzeko proiektua jarri zuen martxan duela urte batzuk, hegazti horrentzako habiak bi herrialdeen arteko mugan paratuta, batetik bestera ibiltzen zelako ehizan. Baina Gazako genozidioa hasi zenez geroztik pikutara joan da dena, “konturatu naiz gauzek azkar kolapsatu dezaketela denbora gutxian”, esan dio etsituta Este País aldizkari mexikarrari.    

Aurten, Atenasen, hontz zuriaren inguruko nazioarteko biltzarra egin dute, eta parte hartu duten herrialdeen artean Israel dago. Hango gobernuak propaganda gisa erabiltzen jarraitzen du hegaztiaren berreskurapena bere burua zuritzeko, gazatarrak bonbardatzen jarraitzen duen bitartean, gauez eta egunez. 

Energia eta telekomunikazio sistema "erresilientea" sortzeko, lankidetza abiatu dute Goienerrek eta Izarkomek
2025-05-28 | Urko Apaolaza Avila
Bi kooperatibek euren arteko elkarlanean "urrats sendoagoak" emango dituztela iragarri dute, energia eta telekomunikazio sistema "erresiliente" bat sortzeko. Deia egin diete herritarrei Itzali sistema, piztu... (+)
Itzalaldiak argitu digu bidea: sare elektrikoaren deszentralizazioa
2025-05-18 | Urko Apaolaza Avila
Iberiar penintsulan apirilaren 28an gertatutako itzalaldiak, egungo energia sistemak dituen arrakala guztiak utzi zituen bistan. Enpresa elektriko handien diru gosea, berriztagarrien ezarpen masiboak dakartzan ajeak,... (+)
Turiel: “Bilatu daitezke arrazoi teknikoak, baina itzalaldia prezioen sistema perbertsoak eragin zuen”
2025-05-09 | Urko Apaolaza Avila
Antonio Turiel fisikari eta CSICeko ikerlariak aspaldiko urteetan ez bezala bete zuen Hernaniko Florida auzoko San Jose Langilearen eliza asteazkenean. Zientoka lagun elkartu ziren Urumeako... (+)
Memoriaren herbarioak
2025-04-30 | Urko Apaolaza Avila
Oraindik ikusgai dago Donostiako San Telmo museoan Memoriaren Basoak erakusketa, maiatzaren 11ra arte. Totalitarismoek gizartea kontrolpean hartzeko erabiltzen dituzten metodo eta tekniken inguruko hausnarketa bat... (+)
Energiaren Nazioarteko Erakundeak zentral nuklearrak irekita mantentzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari
2025-04-09 | Urko Apaolaza Avila
Alemanian zentral nuklearren itxierak izan duen “eragin negatiboa” kontuan izateko eskatu dio erakunde horretako buru Fatih Birolek Pedro Sánchezen exekutiboari. Iberdrola, Naturgy eta Endesa multinazional... (+)
gora