Euri lantxe apirilean, antxoa bitsa moila gainean.

Senarra gizendu eta pozten du

Baratzean lantzeko eta mahaian dastatzeko barazki berriak gustuko badituzu, gora zu! Gaurko hau berri dakizula!

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2021eko apirilaren 22a
Lagosko ziazerba (Celosia argentea). Argazkia: Wikipedia.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Dagoeneko sabia (Amaranthus retroflexus) ezagutuko duzu. Ameriketatik ekarria edo etorria da, eta gurean oso zabaldua. “Safia” eta “sasi” ere esaten zaio, baita landare askoren izen den “almitz” eta “elmitz” (albitz eta elbitz) ere. Amaranthus generoko beste batzuk ere badira Euskal Herrian, ezagunena Mediterraneo aldetik ekarritako korkotza (Amaranthus blitum).

Sabia Ameriketan barazki ezaguna dute, eta hostoa bezala hazia ere jaten diote. Lur emankorren zalea da, landarearen berdea indartzen duen nitrogeno asko dutenena. Hortik berak ere mineral horretan duen aberastasuna. Gure baratze eta soroetan erabiltzen dugun ongarri ugariarekin ederki moldatzen da. Baratzeetan belar “txartzat” badugu ere, gero eta ezagunagoa da gure sukaldeetan. Bere hostoetatik asko eta maiz janez gero, arazo larriak sor ditzake, giltzurrunetan batik bat. Hosto berri guriak jatea onena.

Hazia oso ona da irinetarako ehota edo bere horretan ere jateko. Boladan dauden superelikagaien artean dute batzuek. Lehen, eta bai orain ere, makina bat baratzezainek belar txarra zelakoan kendu eta lurrustelaren pilara botatzen zuten. Ezagutzen zutenek hazkurri zuten, baina ez berea, txerriena baizik, txerri jana. Oso gustuko dute, baina tamainan eman.

Belar bat txarra da bere onura topatzen ez dugun artean. Maiz, aspaldi daki gure espezieak bere onuren berri, baina denboran urrun edo urruneko kultura batean, eta gaurko eta hemengo guretzako “txarra” da. Agian gure amonaren amonak ezagutzen zuen eta baliatzen zuen, adibidez txerriak hazteko; edo hankapean izan ditugun kulturetan badakite bere berri, baina guk gutxiesten dugu. Kultotzat dugu geure burua, baina ezjakin hutsak gara. Gero etorri zaigu superelikagai gisa, eta burua beharrean soina elikatzen dutenek, txerriek, hobeki esanda, zerriek bezala jango dute.

Sabiaren herengusua da Lagosko ziazerba (Celosia argentea). Mundu osoko lurralde tropikaletan ezaguna da, bai naturan bai baratzeetan.

Baratzeetakoak ondutako barietateak dira, eta zenbait tokitan ikaragarrizko estimuan dute. Nigerian “soko yokoto” esaten diote, hau da, “senarra gizendu eta pozten du”. Hostoak, kimu berriak, haziak, dena jaten zaio. Sendabelarra ere bada eta lore benetan deigarriak ditu. Baratzean berritu eta lore ikusgarriak erakutsi nahi badituzu edota sukaldean zeresana jarri nahi baduzu, heldu uztarri honi: sabia eta Lagosko ziazerba.

Hazi batetik mundu guztiak
2025-05-05 | Jakoba Errekondo
Lagun asko dut. Ezagutzen ditudanetatik hegalari jendea da mordoxka bat. Duela hiru bat urte, horietako baten bisita izan nuen; ez dut gogoan nor zen. Antxeta... (+)
Egurra diamantea baino arraroagoa da
2025-04-28 | Jakoba Errekondo
Egurra diamanteak baino arraroagoa, bakanagoa da. Bai, unibertsoan errazagoa da diamanteak topatzea egurra baino. (+)
Bizi Baratzearen lurreko ekosistema oparoa
2025-04-14 | Jakoba Errekondo
Apirilak asaba zaharrengana garamatza. Apirila urte osoaren gakoa izango da. Lurrak antolatzea, ongarriketa osatzea, haziak plantatzea, pardak, makilak, sareak, lokarriak atontzea… Hamaikatxo lan bada, sasoi... (+)
Ustezko nekazaritza eta lur lantzea
2025-04-07 | Jakoba Errekondo
Nekazariarentzat baratzea eragozpena besterik ez da. Egungo makina bat nekazari “aurreratuk” horrela pentsatzen du. Bere lanean ez dute baratzerik behar, ezta oilategirik, ezta sagarrondorik, ezta... (+)
Ohea berotzearen teknika
2025-03-31 | Jakoba Errekondo
Ohe beroan edo hotzean egiten da hobeto lo? Nik zalantzarik ez daukat: hotzean. Landare jaioberriek bero punttu bat nahiago dute, ordea. Udaberriko ekinozio garai hau... (+)
gora