Kilkirra udaran kantari, neguan hotzak dardari

San Ixidro

Aurten ez dut aparteko ilusiorik San Ixidro egunerako. Ez dut girorik aurkitzen. Ingurura begiratu eta giro ospela. Burua lanean jarri behar izan dut epeltasun bila, eta hara non, azaldu zaizkit gure gazten zain hilabeteak daramatzaten lagunen irribarreak. Bihotza epelxeago dago orain.

Josebe Blanco Alvarez
Josebe Blanco Alvarez

Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea


2025eko maiatzaren 15a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Nahiko nioke goxotasunari heldu, baina ezin. Testosteronak bustitzen ditu horrelako egunak, plazak hartzen. Ikaragarrizko tristura sortzen dit gazteen artean ereduak duen arrakastak. Papar puztuek aurre hartzen diete makil hotsei; nahiz eta erakusgai dauden abereek, akaso, lehenago izan duten makilen berri bizkarretan, kaleko itxituretan sartzekotan.

Ez dut nire tokia aurkitzen horrelako egunetan. Gero eta zailagoa egiten zait sentitzea baserritarren egun horiek badirela gureak ere, emakume baserritarronak, alegia. Gu bazterretan egoten gara, postuko mahaien atzean –eta, neurri batean, eskerrak babes-eremuari–. Aldamenekoarekin kontuak esanez jabetzen zara aurrean duzun paisaiak ez duela jasotzen zuen egunerokotasunean bizi duzuena, inondik ere. Gure jendartean ez gara gauza egunoi beste eduki bat emateko, argi dago. Erdipurdiko abertzaletasunak eta sasi-folklorismoak hartzen ditu kaleak horrelakoetan.

Horiek nahaspilatzen dituzten politikariek eta arduradun publikoek bozgorailuak hartzen dituzte. Gehiegizko dosia nire gibelerako. Denei betetzen zaie ahoa hustutako menuaz: elikadura burujabetza, gure paisaia, gure baserritarrak, kalitatea, tradizioa, elikadura jasangarria...

Nola demonio joan pozik azokara dakizunean ele-mele horiek paperetan idatzita daudenak ezkutatzera datozela? Baserritarrak estrategikoak garela esaten dutenean, falta zaie esatea zertarako. Turistentzako paisaia zaintzeko? Behar ote gaituzte paisaia berdearen osagarri bukolikoarena egiteko? Uste dut gehiago dela zer estrategia jarraitu baserritarrak desagertzeko eta “ustiategi errentagarriak” mantendu eta handitzeko.

Horrelako zer edo zer izango da; izan ere, Eusko Jaurlaritzaren ildo estrategikoei begiratuz gero, hauxe: Errioxako upategi handiak erreskatatzea; Donostian BioTech Foods enpresak duen laborategiko haragi-fabrika; multinazionalen eskutik, EAE osora zabaltzea balio teknologiko handiko negutegiak eta zutikakoak –indoor vertical farming delakoa–; nekazaritza ekologikoa –berri ona izango ote?– eta bosgarren tokian dago Getarian jartzekoak diren atun gorria hazteko kaiolen proiektua –Balfegó SL enpresak eta AZTIK elkarlanean sortutakoa–.

Ildo horiekin nora goaz EAEko baserritarrok? Pikutara. Zuzen-zuzenean. Nire moztasunak ez dit uzten beste aukerarik: baserritarrok desagerrarazi nahi gaituzte. Gobernuen apustua argi ikusten da noren aldekoa den: industriaz elikatu nahi gaituzte. Eta gure oinarrizko eskubideez industria elikatu, jakina. Bada sarerik han behean? Hemendik ez da ezer ikusten.

Bai, bada sarea. Baserritarrok eta herritarrok elkarrekin sortutako proiektuak han-hemen, izan elkarte ala kooperatiba. Dena den, hemendik ere, zartakoak datoz, ez pentsa, Gipuzkoa aldean, behintzat. Sare horren higatze prozesuan Aldundiak utzi zituen aurreko deialdietan babesgabe elkarte eta kooperatiba horiek aurkeztutako proiektuak, baita agroekologiaren zabaltze eta sakontze lanetan dabiltzan proiektuak ere. Normala. Zertarako nahi ditugu horiek guztiak administrazioek leku guztietako supermerkatuei lokal berri gehiago irekitzeko baimenak ematen badizkiete han-hemenka –txapel-ikurriñadunak ahaztu gabe, noski–?

Gaur etsita nago. Helduko dio sareak abailduraren pisuari?

 

 

 

 

Mamu ala arbaso
Trantsiziorako hila da otsaila. Otsaila txikia izateak lehenago bukatuko den esperantzan bizitzeko aukera ematen du. Une askotan, nostalgiaz begiratzen diot urtarrilean zehar bizitako erditze garaiari:... (+)
Kieto protokoloa
Urtarrila oso azkar pasa da, oso azkar. Tartean elurra eta guzti, oraindik ere negurik badela gogoratzeko. Konturatzerako, ehun arkume baino gehiago ditugu inguruan, ehun bizitza... (+)
Txori-habiak eta akelarreak
Urteak lau egun baino ez dituenean jada abaildu egin da. Urte hasierak baikortasunetik behar omen du, dena ongi joango den esperantza, buruan ditugun txori guztiek... (+)
Klaseak eta klaseak
Beste askotan bezala, amorruaren eta inpotentziaren gordina estali nahian hasi naiz gramatikaren itsasoan igerian. Alferrik, ordea. Hemen ari naiz, goizean idatzitakoa pantailaren azpialdera bidaltzen, lerrook... (+)
Arnasa
Uste dut behin edo behin idatzi dudala hemen planetaren mugak gainditzearen ondorioei buruz. Behin baino gehiagotan idatziko nuen ondorio horien egitateak lurrarekin eta animaliekin bizi... (+)
gora