San Fermin ondoko igandea, eulien festa

Sagardoaren kurkubitatik plastikora

Plastikoan bilduta saltzen dizkigute zuritutako sagarra, mandarina, ahuakatea eta abar. Eta ez gaitu lotsagorritzen.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2024ko irailaren 23a
Argazkia: Why Not Nano? CC-A-3.0-U
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Gure sukaldeari bistadizo bat ematen badiogu plastikoa nagusi dela jabetuko gara. Hondakinen zatirik handiena plastikoen ontzira doa, janarienera edo organikora baino askoz ere gehiago. Era berean ontzi, poto, lanerako ohol eta trangadel dena plastikozkoa. Plastikoa jaten dugu eta plastikoak jaten gaitu. Garbitasunaren izenean eta modernotasunaren bedeinkazioaren bila plastikoa erabat nagusitu zaigu. Nahitaez etorriko da, lehenxeago edo geroxeago, plastikoa tamainaratu beharra, bizi nahi badugu behintzat. Beira, zura, papera eta abarrek hartu beharko dute indarra eta presentzia, gure elikadura katean parte hartzen duten elikagaien inguruko trasteria zabal horretan. 

Orain baino aurreragoko plastikorik gabeko mundura eraman dezagun burua. Landare jendetik eratorritako gaiak ziren lehen nagusi gure bizimoduan. Soka eta lokarri, zaku, saski, zesto, otarre, kanpaza, zorro, poltsa, kaiku, abatz, edalontzi, platera, erretilu eta azpil, barrikote, ontzi, tina, kuela, suila, arratzalde arratz eta boja, malats, koilara-furtxeta, irazteko eta abar egiteko landareen hosto, azal, adar, egur eta zur erabiltzen ziren; baita animaliengandik sortutakoak ere, baina batez ere landarekiak ziren.

Kuiei begira nagoela etorri zait erretolika hau. Milaka urtean kuiak izan dira gure ontzi nagusiak. Zura eta buztina eta larrua lantzen ikasi aurretik, kuia landareak ematen zizkigun ontziak, ia landu beharrik gabe erabiltzeko prest. Fruitu aleak lehortu, hustu eta kitto. Kuiak Ameriketatik ekarri genituen; beraz, berdantzarteko amodioa da haien eta gure artekoa.

Bazen baina Amerika han zenik ere usaintzen ez zuten euskaldunen garaiko kuia bat. Agi danean Afrika aldetik ekarritakoa, gu bezala. Agi danean baratzeak landu aurretik ere gurekin genuen. Batean eta bestean beretzako izena “edankuia” topatu dut; “kurkubita” ere jasoa dago, bere aldaera mordoxkarekin; gure etxean “kurkubia” esaten diogu. Izen zientifikoa Lagenaria siceraria du; lehen Cucurbita lagenaria bezala sailkatua zegoen, baina Cucurbita generoa Ameriketatik ekarritako kuiena da. “Lagenaria” izena grekoko lagenos matrazetik dator eta “sicerariaskr erro semitikotik. Erro hori edari alkoholdunak izendatzeko erabiltzen zen, eta sagardoa esateko Europako hitz gehienen iturria da: cider, cidre, sidra, cidra, sidro, cidro, sidru, sidrs, sidras, sèidear, seidr, sistr, cydr, ????, siideri eta abar. Mediterraneo aldean “ardoaren kuia” esaten diote, batik bat mahatsaren ardoa edaten zutelako, baina guk “sagardo-kuia” esan beharko diogu, bere izen zientifikoak dioen eran, eta euskaldunok aspaldi haietan emango genion erabilera nagusia izango zelakoan… Garai haietan sagardorik ez zen izango noski, eta “pitar-kuia” esatea hobetsiko du zenbaitek…

Kurkubita aproposa da elikagaiak jaso eta maneiatzeko, batez ere likidoak; hortik “edankuia”. Donejakue bideko erromesek kantinplora gisa bakulu makilaren muturrean lotuta zintzilik eramaten zuten, egarriak jota ere…

Laster jasoko da kurkubita uzta; ondo lehortuta, barruko mamia erabat hauts egingo da eta haziak besterik ez ditu izango. Haiek ateratzeko eta gero kortxoa sartzeko adinako zulotxoa egin eta horra botila dotorea. Ez plastiko, ezta beira, ez metal… Kurkubita!

Erein urtero bere haziak eta berritu etxeko ontzidia sukaldea edertuz. Eta Oñatiko Gesaltza baserriko Graziano Anduaga zenak bere Aitonaren uzta bilduman utzi zuenari heldu: “Edaten zuela bazkarian kurkubita bat ardo”.

Hazi batetik mundu guztiak
2025-05-05 | Jakoba Errekondo
Lagun asko dut. Ezagutzen ditudanetatik hegalari jendea da mordoxka bat. Duela hiru bat urte, horietako baten bisita izan nuen; ez dut gogoan nor zen. Antxeta... (+)
Egurra diamantea baino arraroagoa da
2025-04-28 | Jakoba Errekondo
Egurra diamanteak baino arraroagoa, bakanagoa da. Bai, unibertsoan errazagoa da diamanteak topatzea egurra baino. (+)
Bizi Baratzearen lurreko ekosistema oparoa
2025-04-14 | Jakoba Errekondo
Apirilak asaba zaharrengana garamatza. Apirila urte osoaren gakoa izango da. Lurrak antolatzea, ongarriketa osatzea, haziak plantatzea, pardak, makilak, sareak, lokarriak atontzea… Hamaikatxo lan bada, sasoi... (+)
Ustezko nekazaritza eta lur lantzea
2025-04-07 | Jakoba Errekondo
Nekazariarentzat baratzea eragozpena besterik ez da. Egungo makina bat nekazari “aurreratuk” horrela pentsatzen du. Bere lanean ez dute baratzerik behar, ezta oilategirik, ezta sagarrondorik, ezta... (+)
Ohea berotzearen teknika
2025-03-31 | Jakoba Errekondo
Ohe beroan edo hotzean egiten da hobeto lo? Nik zalantzarik ez daukat: hotzean. Landare jaioberriek bero punttu bat nahiago dute, ordea. Udaberriko ekinozio garai hau... (+)
gora