Azila hotz, negua motz; azila bero, begua gero.

Bertako klima 2ºC jaisteko plana prest daukate Balear Uharteetan

Balears Verd mugimenduak anbizio handiko proposamena jarri du mahai gainean: uharteetako tenperatura bi gradu jaistea. Hori lortzeko milioi bat fruitu-arbola landatu nahi dituzte, horrekin lurrak birsortu eta uraren zikloa berreskuratuko dutela aurreikusita. Mugimenduaren bultzatzaile nagusi den Miquel Ramisek argi du helburu lorgarria dela, aurrekariak badaudelako. Uharte horiek muturreko egoerara bultzatzen ari diren turismo basatiaren eta kolapso klimatikoaren aurrean, oraindik borrokatzeko garaiz daudela errepikatzen du, irribarrea galdu gabe. Ez dira bakarrak.

Lander Arbelaitz Mitxelena
Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz

2007an hasi zen ARGIAko lantaldean, aurretik erreportaje batzuk argitaratuta kolaboratzaile gisa.


2026ko otsailaren 11
Balears Verd mugimenduko arima dugu Miquel Ramis ekintzailea eta dibulgatzailea. Argazkian, bere lursailean, bere ideiak praktikan jarrita.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

"Nola transmititu pertsona bati informazio bat, hura jasotzea kosta bazaizu urteetako lana, eta soilik bi minutu edo ordu erdi bat baduzu?". Galdera horri bueltaka zebilen Miquel Ramis, nekazaritza birsortzaileari buruzko liburua idazten ari zela, ondorioztatu zuenean zerbait ukigarria egin behar zuela hori zer zen pedagogia egiteko. Sobrevivir al descalabro ("Deskalabruari biziraun") izeneko Youtubeko kanalean egin dioten ordu eta erdiko elkarrizketan xehe azaldu duenez, horrela sortu zen Balears Verd mugimendua eta Mediterraneoko uharte hauek eraldatzeko ideia, milioi bat zuhaitz landatuz. Fruitu-arbolak landatuta, zehatzago esateko. Ahal den bazter guztietan baso jangarriak landatzea planteatzen dute, hauek sortuko lituzketen elikagaiak, bazka, sendabelarrak eta abarrak baliatzeaz gain, uharteari estalki berde bat jarri ahal izateko eta horren bidez tenperatura jaistea lortzeko. Euria eragin eta honi lurzoruan ahalik eta gehien eustea da estrategia. Bere ustez, uraren zikloa berrezarri behar da uharteotan eta horrek lagunduko du biodibertsitatea ere berrezartzen. Eta onena: posible da, berehala ikusiko dugunez.

Rajendra Singh Indiako Rajastan estatuko  (Ipar Mendebaldean dago, Pakistanekin mugan) hiri batean jaio zen, medikuntza ikasi eta landa eremura joan zen lanera. Thar basamortuarekin mugan, lurralde desertifikatuak ziren nagusi, pobrezia handia eta bizimodu gogorra aurkitu zuen. Elikagai eta ur gabezia zen gaixotasun iturri nagusietako bat. Han jendea artatzen hasi zen, egun batean herriko gizon zahar batek esan zion arte ea zer ari zen han, zergatik laguntzen zien. Singhen erantzuna entzun ostean, agureak bota zion: "Hemen lurra dago gaixo, utz gaitza berorrek, lurra sendatu behar du lehenik, eta horrekin sendatuko gara gu”. Gizon hark erakutsi zion putzuen egoera negargarria, baita lur idortu haien funtzionamendua ulertzen lagundu ere. Zer egin zezaketen pentsatzen jarrita, eurite apurrek botatako urari nola edo hala eutsi behar ziotela ondorioztatu zuten. Eta hala jarri zen hiritik joandako mediku jauna, pala eskuetan, jo ta fuego, agure baten eta inguruko jende harrituaren begiradapean, zulo handi bat egiten lurrean. Egunak joan ahala, herritarrak berari laguntzen hasi ziren eta denen artean, montzoi euriteen aurretik, zulo handi xamar bat egitea lortu zuten. Euritea iritsi zenean, zuloa urez bete eta putzu handi bat bihurtu zen, igerileku handi bat bailitzan, eta ura lurrean pixkanaka filtratzen hasi zen. Emaitza: behinola ura jasotzeko erabiltzen zuten beste putzu bat urez beteta agertu zen, handik dozena bat metrora. "Ura daukagu berriro! Ura bizitza da!". Ez zen nolanahikoa izango mirari hura ikusitakoan herritarrek sentituko zuten zoriona. Hala, denborarekin urmael haren ingurua pixkana berdatzen hasi zen eta landareak landatzen hasi ziren. Orduan, Singh-ek berak kontatzen duenez, garbi ikusi zuen hori zela bidea. Eta horretan aritu da 30 urtez, komunitatez komunitate, zuloak egin, euriari eusteko moduak garatu eta inguruak berdatzen.

Hala, gaur egun 1.000 bat aldeatara berriro itzuli da jendea bizitzera eta zazpi ibai berpiztu dituzte. Horietako batek idor 50 urte zeramatzan eta guztira 3.700 putzu egin behar izan zituzten ibilbidean. Komunitate taldeekin egin zuten lana, eskuz, apenas makinaria erabili gabe. Gaur egun, hamabi hilabetez darama ura, arrainak itzuli ziren eta horren guztiaren ustekabeko ondorioa izan da lurraldearen tenperatura bi gradu jaitsi dela. “Indiako Urketaria” ezizena irabazi du Singh doktoreak eta sarean dagoen 30 minutuko bideo eder batean ikus daiteke egindako lanaren emaitza txundigarria. 

Beste kontinente batean, Rajastandik 15.000 kilometrora, Kolonbiako Medellin hiriburuan ere norabide honetan ari dira lanean: kaleak eta parkeak birnaturalizatuz, 30 korridore berde eraiki dituzte. Errepide arteko zementuzko espaloiak kendu eta landareak jartzeko prestatzeaz gain, hamar urtean 2,5 milioi landare eta 800.000 zuhaitz aldatu dituzte. Horrekin lortu dute hiriko tenperatura bataz beste bi gradu jaistea. Hain justu, bi gradukoa da hiriaren eta landa eremuaren arteko tenperatura ezberdintasuna. Bero uhartearen efektua deitzen zaio eta Medellin da efektu hau deuseztea lortu duen munduko hiri bakarra. Areago, korridore horietan tenperatura lau gradu eta erdi jaitsi dute. Eta badakitenez zenbat zuhaitzekin lortu duten bi gradu jaistea, helburu jarri dute hiru ere jaistea. 

Climática hedabide espezializatuan irakur daitekeenez, naturan oinarritutako soluzioak hiriko estrategian funtsezko papera jokatzen ari direlako lortu dute eraldaketa Kolonbiako hiri honetan. Kutsadurari eta tenperatura altuei aurre egiten diete horrela, eta harro daude, emaitzak begi bistakoak direlako.

"Sistemak funtzionatzen du, low tech da eta gure ezberdintasun nagusia da Medellin edo Rajastanekiko, gure egoera ekonomikoak askoz ere hobeak direla horrelako interbentzioak egiteko", dio Miquel Ramisek Mallorcatik. Erabaki behar dena da ea nork ordainduko dituen milioi bat zuhaitzak. 

Gakoa: uraren zikloa berrezartzea

ARGIAko irakurleentzat ez da gai berria uraren zikloarena. Orain bi urte Larrun monografiko bat eskaini genion (292 zenbakia) Daniel Hofnung ingeniari erretiratuaren teoriari, Pello Zubiriak euskaratuta.

Klimaren zoratzearen inguruan narratiba nagusia oinarrituta dagoen arren berotze globalean eta berotegi eragineko gasak kontrolatu behar eta ezinean, gero eta gehiago dira arreta euri uraren kudeaketa okerrean jartzen duten pertsonak. Urak klima hondatzearen argazki osoaren barruan daukan garrantzia azpimarratzen dute hauek. Izan ere, urarena da Lurra planetak bizi dituen krisi nagusietakoa –zehatzago esateko, ur gezarena–. Uraren paradigma berri bat aldarrikatzen dute, azken hamarkadetako praktikak ordezkatzeko: euriek ekarritako ura gure ondotik ahalik eta laster eta urrutien bidaltzeko ordez lekuan eusten saiatu, lurzoruan barnatzen lagundu, ur gez horrek lehorrean ematen duen denbora luzatzen ahalegindu… eta biziberritu lurzoruetako bizia, landareak eta heskaiak, itsasoetatik lehorrerantz are euri gehiago erakar dezaten.

Balear Uharteetara itzulita, Ramisek oso pedagogikoki azaltzen du mikroorganismoek lurzoruaren birsortzean duten garrantzia. Kontua da lurzoruko mikroorganismoek ezin dutela 32-33 gradutik gora biziraun, eta Balearretan lurzorua 40 gradutik gora egoten dela askotan, eta udan 50era ere iritsi daiteke. “Horrek esan nahi du lurzoru bizia urtean hiruzpalau hilabetez baino ez dugula, neguan, 33tik behera dagoenean; gainerakoan mikroorganismoak hiltzen doaz eta atzera doa natura”. Ramisek dioenez, lortuz gero urte osoan zehar lurrazalaren tenperatura 33 gradutik behera izatea, animalia ñimiño hauek urte osoan egiten dute lan. Humusa sortzen dute, materia organikoa, eta materia honen kolorea beltza da. "Gure lurrik onenak gorriak dira, lur zuriak baino hobexeak, baina materia organikoa %1-2an daukate. Baso batek %10-15eko materia organikoa dauka". Bere baratzeko datuak argigarriak dira. Bost urtean materia organikoa %1-2 izatetik %16ra pasa da. 35-40 zentimetroko sakontasuna duen lur beltza da. Beraz, argi geratzen da bost bat urtean lor daitekeela lurra birgaitzea. "40 gradutara dagoen lur batean 100 litro ur botatzen badituzu, erdia lurrundu egingo da, eta hurrengo eguneko berotasunak eta haizeak ile-lehortzailearen efektua egingo diotenez, botatako litro guztietatik landareari soilik hamar iritsiko zaizkio". Baina egoera oso bestelakoa litzateke lur eremu baten gainean bagenu zuhaitz geruza bat, azpian zuhaixkak dituena, azpian landare geruza bat eta lurrean materia lehor geruza bat. 19-20 gradutan legoke, Ramisen arabera. Eta halako lur batek ez du lurrunduko ura eguzkitan eta haizetan 40 gradutik gora dagoen lur batek bezain azkar. Eutsiko lioke gehiago, izan ere, materia organikoa bikoizten den bakoitzean, lurzoruaren ura atxikitzeko gaitasuna ere bikoizten delako ia.

Neguko eta udaberriko euriak lurrean atxikitzea da gakoa, beraz, Indian montzoietako ura atxikitzen duten bezala. Neguan erortzen den ura itsasora joan beharrean zuzenean, lurzoruan gera dadila borrokatu behar da, gero lurrundu dadin, Millán Millán doktoreak “uraren ziklo laburra” deitu ziona aktibatuta: labur azaltzeko, landareek eutsitako hezetasuna lurrunduko da, hodeiak sortuko ditu eta berriz euria egingo du. “Baditugu datu zientifikoak eta Brasilen, Kalifornian edo Hegoafrikan egindako proiektuetan frogatu da: berdea dagoenean, euria itzuli egiten da, eta ez da alderantziz”. 

Rajastan adibide ezin hobea bilakatu da. Desertifikatutako eremu batera bizitza ekarri dute, eta montzoietako urari eutsi diote.

Miquel Ramisek konfiantza dauka halako iraultza bat eragiteko osagai guztiak baditugula, oso prezio eskuragarrian, gainera. "Nik hemen pikondo bat daukat, duela bost urte landatu nuen. Zuhaitz eder bilakatu da eta urtean behin saski bat janari ematen dit, nutrizio-balio handikoa. Zer gertatuko zatekeen bost zuhaitz aldatu izan banitu? Gaur egun bost saski izango nituela. Eta ehun landatuta? Eta milioi bat landatuta? Fruitu lehor, fruitu-arbolak, zuhaixkak, landareak, barazkiak... izan genitzake beren artean itzala ematen eta horietako bakoitza janaria ematen urteko une ezberdinetan". Horrek lehen sektorean aktibitatea eragingo luke, beti beharko direlako ureztatzaileak, kimatzaileak, txertaketak egingo dituztenak, ongarriak prestatuko dituztenak eta abar luze bat. Eta horretan guztian produzitzen denarekin mermeladak egin daitezke, konpotak, saltsak... 

Balears Verd-en proposamena zuhaitzak landatzetik harago doa, beraz, eta batez ere, klima larrialdiarekiko gizartearen porrot mentalitatea da aldatu nahi dutema. "Ezin dugu pentsatu ezin dela ezer egin, denok hiltzera goaz. Ezin dugu etsi borroka egin baino lehen. Dena dago egiteko, dena dago sortzeko". 

Jende txiki askok...

Erreportaje honetan kasu batzuk aipatu ditugu, baina mundu osoan asko dira zuhaitzak landatuz desertifikazioari aurre egiten saiatzen edo urari eusteko estrategiak garatzen ari direnak. Kasurik ezagunenetako bat Sahelgo horma berde handia da, edo Etiopiakoa, non urte gutxian zortzi milioi zuhaitz landatu dituzten. Euskal Herrian, lekuaren eta klimaren arabera praktikak ezberdinak dira. Nafarroa mediterranear lehorrean Rajastaneko putzuen gisako teknikak baliagarriagoak diren bitartean, eremu euritsuago eta menditsuagoetan gehiago zentratzen dira ekimenak urari maldan eusten. Azken honen adibide bat Sakanan daukagu: Harri Herri nekazaritza proiektua eta interesa duenak ARGIAko Egonarria saioan iazko maiatzean egindako bideo-erreportajea ikus dezake. Eta arbolak (basoak, fruitu-arbolak, hesi bizi edo heskaiak...) landatzeari dagokionez, talde asko ari da horretan Euskal Herri osoan. 

medellin Kolonbiako hiriburuak urteak daramatza korridore berdeak eraikitzen hirian. Kutsadurari aurre egiteaz gain, hiriaren tenperatura jaistea lotu dute. 

Aipagarria da, Ipar Euskal Herritik eta Landetatik Okzitaniako Tolosara egin nahi duten Autoroute de la Pluie (Euriaren Autopista), zuhaitz landaketa bidez euria berriro eramateko hara. Beren webgunean dokumentazio asko daukate, interesa duenarentzat. 

Beraz, esan genezake, jende txiki askok, leku txikietan... putzuak egiten eta zuhaitzak landatzen, mundua aldatu dezaketela. Edo behintzat hori da asmoa. Badago zer egina. 

This language is not supportedThis language is not supported
"Herri Mugimendua saretu eta eraginkortzeko tresnak eskaini nahi ditu BAMek"
Euskal Herriko bi muturretatik datoz Itziar (Bilbo, 1982) eta Ekaitz (Erriberri, 2002), sortzen ari den Burujabetzaren Aldeko Mugimenduaren berri ematera. Euskal Herrian diren burujabetza prozesu... (+)
Donostiako Udalari exijitu diote behingoz Sorleku parkea egin dezala, ehunka familia eremuan bertan sartuta
Ekintza zuzena burutu dute Donostiako Marrutxipin 600 pertsonatik gorak. Ategorrieta ondoan, Sorleku parkea egitea nahi duten lur-eremuaren inguruan buelta bat eman ostean, barrura sartu dira... (+)
Surf parkerik ez dute eraikiko Donostiako Antondegin, udal gobernuak atzera egin du
Donostiako Udalak El Diario Vascori filtratu dionez, ez dute olatu artifizialen surf parkerik eraikiko Martutene eta Txomiñenea auzoen artean dagoen Antondegi mendian. Albisteak sorpresa eta... (+)
Urre meatzari ilegalak kanporatzen ari da Brasil, Amazoniako Yanomamien lurraldetik
Brasilen, legez kanpoko ia meatzaritza operazio guztiak gerarazi ditu Lula da Silvaren gobernuak, Amazonian bizi den jatorrizko Yanomami herriaren lurretatik, eta egunotan enpresa gehiago kanporatzea... (+)
Van Gogh-en obrari zopa bota zion Just Stop Oil taldea, ekintza zuzenen kanpainan murgilduta dabil
Just Stop Oil talde ekologistak joan den astean mundu osoko hedabideen arreta bereganatu zuen Van Goghen margolan bati –aurrean kristal bat zuela– zopa bota ostean.... (+)
gora