Astelehenero 8:00etan zure epostan
Sindikatuak hartza babesteko politikak berrikustea eskatu du, Ezkarozen eta Ariben bi hartz agertu ondoren.
Hartz bat, Kataluniako Pirinioetan.
EHNE Nafarroa nekazarien eta abeltzainen sindikatuak “bateraezintzat” jo du hartzaren hedapena eta abeltzaintza estentsiboa, eta hartza babesteko politikak berrikustea eskatu du. Agerraldia asteazken honetan egin dute, Ezkarozen eta Ariben (Nafarroa) bi hartz agertu ondoren.
Hain zuzen, Ezkaroze eta Otsagabia arteko errepidean ikusi dute lehena. Igande goizaldean, 03:00 aldera, NA-140 errepidean korrika zebilen Orontzeko gazte batek hartz arre baten bideoa grabatu zuen.
Asteazkenean, bigarren hartz bat ere begiztatu dutela jakinarazi du sindikatuak. Aribetik gertu, Aezkoa bailaran. Oraingoan bideorik egon ez arren, ez da Ezkarozeko hartz bera, EHNEren erranetan: “Hainbat nekazarik jakinarazi digute eta, tamainagatik, argi dirudi beste hartz bat dela. Otsagabia eta Ezkaroze artean ikusitako alea dezente handiagoa zen”.
Bi hartz horien agerpenak alarmak piztu ditu Pirinioetako hainbat bizilagunen eta abeltzainen artean. Izan ere, duela 30 urte Pirinioetan Esloveniako hartzak askatu zituztenetik, hartz populazioak nabarmen egin du goiti, eta abeltzainen sindikatuak aitortu du "kezka iturria" dela: “Pirinioetan 120-130 hartz egoteak beldurtu egiten gaitu abeltzainak”.
“Hartzak hazten ari dira pixkanaka, eta horrek esan nahi du gero eta lurralde handiagoa beharko dutela, gero eta hurbilago dauden eremuetan finkatuko direla, eta haien presentzia ez dela bateragarria gure animalien erabilera estentsiboarekin”, azaldu du sindikatuak.
Gauzak horrela, EHNEk “diametralki kontrajarriak” diren bi egoera baino ez ditu aurreikusten etorkizunean. Batetik, “turismora bideratutako jarduera ekonomikoa duen Pirinioa”, non “hartzak, eskia, landetxeak, hotelak eta bisitariei bideratutako zerbitzuak” bultzatuko diren, “kanpoko inbertsioek kapitalizatuta” egonen liratekeenak. Horrek abeltzaintza estentsiboa “ia erabat desagertzea" ekarriko luke. Bertzetik, “abeltzaintza garrantzitsua izango den eta pertsonak urte osoan herrietan biziko diren" Pirinioaren alde egiteko aukera dago, sindikatuaren arabera.
Hartzaren babeserako politikak berrikustea eskatu du EHNEk, erraterako, Europar Batasuneko Habitaten Zuzentaraua eta eremu bakoitzeko berreskuratze plan espezifikoak. “Hartzak abeltzaintza estentsiboarekin bateragarria den kopuru batera mugatzea planteatu behar da, eta hartzik gabeko eremu zehatzak zaindu”, adierazi dute.
Abeltzainek agerian utzi dute Nafarroan ardien azienda “izugarri” galdu dela, azken hogei urteetan ia erdia desagertu baita. Horrek ondorio “nabarmenak” ekarri ditu ingurunean; hala nola, "landare masa handitzea, gero eta mendi itxiagoak edukitzea, eta paisaiaren hondatze nabarmena”.
Ganaduaren presentzia “funtsezkoa” dela nabarmendu dute, “ekosistema mantentzeko, suteen prebentziorako eta mendeetan zehar modelatutako paisaien orekarako”, bertzeak bertze.
Abeltzaintzaren egoera ez da hartzaren presentziaren ondorio soilik, EHNEren erranetan. Faktore gehiago daude, tartean, “nekazaritza politiken diseinua edo prezioen krisi historikoa”. Egoera horrek, gainera, “belaunaldien arteko erreleboa konplikatzen” du.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545