Asteroko buletina
Azaro, azaro, erein eta itxaro.

PFAS toxikoak kontrolik gabe hedatzen ari direla eta, Europako Batzordeak horien arautzeari ekin dio

Europako zenbait hedabide handik sustatutako ikerlan batek argitu du PFAS kutsagarriak milaka puntu beltzetan hedatuta daudela kontinente osoan. Oinezko herritarrak aipatzen entzun ez dituen PFAS-ak (konposatu per- eta polifluoratuak, ingelesez ‘Per- and polyfluoroalkyl substances’) bereziki kutsagarriak dira eta horregatik izendatu dituzte betirako kutsagarri edo eternalak: ingurumenean hedatu bai baina desegin ez dira inoiz desegiten eta animalien eta gizakien gorputzetan metatzen dira. Kutsadura kimikoetan aditua den ToxicoWatchek esana du dioxinak eta furanoak berak baino are arriskutsuagoak direla, eta hala eta guztiz ere Europako aginte publikoek ez dituztela ia batere kontrolatzen.


2023ko otsailaren 27a

The Forever Pollution Project (Betirako Kutsadura Proiektua) Europako zenbait hedabide handik garatu dute. Tartean daude Frantziako Le Monde, Alemaniako NDR, WDR eta Süddeutsche Zeitung, Italiako Radar Magazine eta Le Scienze, Erresuma Batuko The Guardian, Suitzako SRF eta beste hainbat. Horiek publikatutako ikerlanari esker ari dira irakurle asko orain ezagutzen sekula aipatzen ere entzun gabeko sigla bitxia: PFAS.

Honela aurkezten ditu Le Mondek PFASak bere dossierraren hasieran: “Kutsadura ikusezin eta gaizto bat da gizadiak nozitu beharko duena mendeetan eta are milaka urteetan ere. Europa osoan milaka gune daude PFAS deitu kutsagarri kimikoz pozoituta. Beren ezaugarri oso bereziei esker, produktuok nahitaezko bihurtu dira hainbat prozesu eta objektutan, hasi zartagien ez eransteko pelikulatik eta erdi-eroaleetaraino”.

ARGIAko irakurleak menturaz irakurria duke zerbait PFAS horiez: ToxicoWatch fundazioa horien arrastoen bila dabil Zubietako erraustegiaren inguruko goroldio, hosto, ur eta lohietan, erraustegiek hondakinak erretzean horiek ere aireratzen dituztelako, dioxina, furano, metal astun eta beste kutsagarriekin batera. Baina, gainera, Abel Arkenbout toxikologoak behin eta berriro salatu duenez, PFASak dioxinak berak baino are kutsagarriagoak dira. Eta kutsadura kontrolatu behar duten aginte publikoak beti bezala erraustegietan ere industriaren oso atzetik dabiltzanez, kontua da PFASen kutsadura zabaltzen duten erraustegien kontrolean PFASak ez direla aipatu ere egiten. ToxicoWatchek, alabaina, komenigarri ikusi du Zubietan PFAS horien presentzia aztertzea, ziurra delako berandu baino lehen Europako agintariek legedia zorroztu beharko dutela kutsagarri txit arriskutsu horiekiko ere.

Baina zehazki zer dira PFASak? Konposatu per- eta polifluoratuak, adituek pifas ahoskatzen dituzten PFASak 1940ko hamarkada amaieratik erabiltzen dira gure eguneroko hainbat tresna, janzki eta tramankulutan, funtsean baimentzen dutelako tresna horietan janariak ez eranstea, zikinak erraz garbitzea edo urik ez pasatzea; horietako batzuk dira zartagin eta beste hainbat ontzik daramaten Teflon ezaguna, Scotch motako zintak, kanpoan eroso ibiltzeko edozein jantzi edo oinetakok daraman Gore-Texa... Baina PFASen erabilpena askoz zabalagoa da industrian bezala edozein arlotan: pinturak, kosmetikoak, klase guztietako enbalajeak, autoen osagaiak eta abar luzea.

Protesta Flandriako Zwijndrecht hirian 3M multinazionalak daukan faktoriaren aurrean: "3M kutsatzaile, hitz egin ezazu" diote herritarren pankartek eta ezkerrekoan hitz jokoa egiten dute "hitz egin ezazu" (betaalt) eta "paga ezazu" (bepaalt) hitzekin. / Argazkia: Patrick De Roo.

“Kaltegarriak gizakiaren osasunarentzako –laburbiltzen du Le Mondek– milaka dira PFAS atalean sartzeko moduko konposatuak, inork ez daki zenbat. Gauza batean dira berdinak: denak dira XX. mendeko kimikak sortutako karbono eta fluorezko kate aldaezinak, horrek ematen dizkie hainbeste estimatzen zaizkien ezaugarriak, baina horrexek berak ematen die ere iraupen izugarria ingurumenean. Naturak ez ditu suntsitzen eta, aldiz, ekoiztu edo airean barreiatu diren eremutik oso urrun iritsi daitezke, horregatik esan daiteke direla gai kimiko eternalak.

PFASak gizarte modernoak zenbateraino barneratu dituen ohartzeko, balio du The Guardianek kontatu duen gertakizun honek. Herbehereetan Amsterdameko Schiphol aireportu inguruan gertatutako sute bat itzaltzean suhiltzaileek erabilitako suteen kontrako aparrak bertako lurrak kutsatu zituen. Antzeko kasuak ikusi dira Alemanian eta besteetan ere.

Osasun adituek eritasun askorekin lotuta ikusi dituzte PFASak. The Forever Pollution proiektuaren azterketan aipatzen dituzte batzuk: giltzurrunetako eta barrabiletako minbizia, tiroideetako eritasunak, kolitis ultzeraduna, hiperkolesterolemia, haurdunaldiko hipertentsioa, ugaltze aparatuko gaixotasunak, immunitate arazoak, eta abar luzea.

Belgika da, bere industria kimiko indartsuarekin, The Forever Pollution proiektuak PFAS kutsatzean txapeldun jotzen duena. Txapeldun tristea. Eta Belgikako puntu beltz horietako batean, Flandriako Zwijndrecht hirian 3M multinazionalak daukan faktoriaren inguruan lurpeko uretan sekulako PFAS kutsadura hauteman zen duela pare bat urte. Alarma pizturik, 15 kilometro arteko inguru batean bizi diren familiei agintariek gomendatu zieten ez jatea etxean hazitako oiloen arrautzarik eta ezta etxeko ortuko barazkirik ere. Gainera, 3 kilometro arteko inguruan bizi direnei odol analisia egitea eskaini diete PFASen arrastorik baduten jakiteko. Eta 3M multinazionalak hitz eman behar izan du 2025erako PFASen ekoizpena eten eta gainera Flandriako administrazioaren 571 milioiko kalteordainak patuko dizkiola. Protesta deigarria egin zuten Zwijndrechteko herritarrek, multinazionaren egoitzaren atariraino etxeko arrauza kutsatuak eramanez.

The Forever Pollution proiektuak bere dossiera plazaratzea egokitu da justu Europako Batzordeak PFASen inguruko kontrolik eza erremediatzeko urrats berri bat iragartzearekin bateratsu. Substantzia Kimikoetarako Europako Agentziak (ECHA ingelesezko sigletan) joan den urtarrilean jarri du abian prozedura berri bat gai honetan aurreratuen dabiltzan Alemaniak, Danimarkak, Herbehereek, Norvegiak eta Suediak sustaturik, ingurumenean barreiatzen diren PFASak murrizteko. Sei hilabeteko epea ezarri du zientzialariek eta alde interesatuek proposamena eztabaidatzeko eta asmoa du araudi berria 2023ko martxoan jartzea indarrean.  

Euskal Herrian ere eragina izango du araudiak. Hasteko, PFASk ekoitzi edo erabiliz horiek airean, uretan eta naturan barreiatzen dituzten hainbat lantegi txiki, handi eta oso handien lanean. Baina eragin beharko luke ere PFASak kixkaliz –eta erretzean beste kutsagai askorekin nahasiz– bazter guztiak kutsatzen dituzten erraustegi, zementu fabrika eta abarretan. Kontua da ea hemengo administrazioak noiz hasiko diren kutsadura horiek denak neurtzen. Neurtzen ez denik ez baita existitzen, legearentzako bederen. Eta horrela gizaki, animalia eta landareen osasunak gaixotzen dira existitzen ez diren kutsaduren amorez.

Hondakinen tasa justua aztertuko dute Hobeki elkarteko udalek Berastegin
2023-11-16 | Zero Zabor
"Hondakinen sortzez besteko ordainketa sistemak" aztertuko dituzte ostiral honetan, azaroak 17, Hobeki udal elkarteak antolatutako jardunaldian, Berastegin. Euskal Herrian orain arte martxan Usurbilen bakarrik dagoen... (+)
Agur, Iñaki Usabiaga
2023-05-28 | Zero Zabor
Gipuzkoan Zubietako erraustegiaren kontrako mobilizazioetan parte hartu duten askok horietan ezagutuko zuten Iñaki, bere 80 urte paseekin aktibista beteranoena. Argazkian ageri da militante gazte batekin... (+)
Hondakin organikoak bereiztea derrigorrezkoa izango da 2024an Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatu osoan
2023-05-15 | Zero Zabor
Frantziako Gobernuko lehen ministroaren aldizkari ofiziala den Service-public.fr webak ohartarazi duenez, 2024ko urtarrilaren 1etik herritar guztiak daude derrigortuta beren hondakin organikoak bereizi eta konpostatzera. Bio-hondakinok... (+)
Paris hiriburuko oilategietako arrautzak ez jatea gomendatu dute agintariek, dioxina, furano eta PCBz kutsatuta daudelako
2023-04-24 | Zero Zabor
Ile-de-France (Paris hiriburua eta inguruko metropoli osoa) eskualdeko Osasun Agintaritzak herritarrei gomendatu die beren etxeetako oilategi txikietako arrautzarik ez jatea: aginte publikoak enkargatutako azterketa batek... (+)
Hernanik Europako Zero Zabor Hiri eta Herrien ziurtagiria eskuratu du
2023-02-20 | Zero Zabor
Hernani bihurtu da Zero Zabor Hiri eta Herrien ziurtagiria lortu du Euskal Herriko lehen udalerria. Zero Waste Europe-k sortu eta Gobernuz Kanpoko Erakunde horren filiala... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora