Gipuzkoan Zubietako erraustegiaren kontrako mobilizazioetan parte hartu duten askok horietan ezagutuko zuten Iñaki, bere 80 urte paseekin aktibista beteranoena. Argazkian ageri da militante gazte batekin solasean erraustegiraino mendiz egindako martxan, 2018an.
Maiatzaren 27an egin diote azken agurra senide eta lagunek Lasarte-Orian. Minbizi erasokor batek eraman du, lehen zantzuak sentitu eta hilabete gutxira. Despeditzera etorritakoen artean, goierritarrek aipatzen zituzten Zaldibiako Okobion sortutako Iñakiren apaiz ikasketak eta gazte taldeekin 1960-70eko hamarkadetan egindako lanak, Lasarte eta ingurukoek ikastolako irakasle ezagutua zuten, izan zen ere Iñakik antzinako Greziako klasikoez zuen ezagutza azpimarratu zuenik, ez alferrik itzuli baitzituen euskarara Herodotoren ‘Historiak 1’ eta Aristotelesen ‘Politika’.
Errausketaren Aurkako Mugimenduko kideek, berriz, gogoan daukate Donostiako Easo kalean dozena erdi militantek egindako gose-grebaren inguruko irudi hura: aitona Iñaki Gipuzkoako hondakinen gatazka azaltzen zuten panfletoak banatzen paretik pasatzen zirenei, banan bana esplikatzeko denbora eta pazientzia hartuz: bertakoari eta atzerritik etorritako turistari, erraustegiaren kontrako borroka abegikor onartzen zuenari eta ustezko aurrerapenari alferrikako oztopoak jartzen ari omen zitzaizkion gazte haiek mesprezatzen zituen eskuindarrari, gazte hiperkritikoari eta heldu teknofiloari. Gure Iñaki Usabiaga, sekula ez aseta lortutako mobilizazioarekin (‘jende asko falta duk hemen, non da jendea?’) eta aldi berean etsi gabe beti ahaleginean arrazoitik begiak ireki nahian aurkakoari bezala mesfidatiari edo hotzari. Agur eta ohore zuri, Iñaki Usabiaga Sukia!
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545