Astelehenero 8:00etan zure epostan
Bero boladak, jaun eta jabe. Azken aste hauetan beroaldi astunek jo dute Euskal Herria. Garai hauetan, freskura baitezpadako ondasuna bihurtu da eta alertak gorriz jantzi ditu euskaldunak. Halabeharrez sanferminak aitzin. Jendea uzkurtuta ibili da etxeetan, leiho eta ate guztiak itxita. Beroari aurre egiteko aholkuek bizi erritmoa finkatuz.
Izan ere, azken egun hauek errepikakor xamarrak izan dira: gauez leihoak ireki eta egunez itxi, gauez soilik bizi bagina bezala; saguzarren eran. Hidratatu, behin eta berriz. Eguzkiaz babestu, itzalean egonez. Eguraldi iragarkiei begiak itsatsirik egon, ea noiz bero bolada bukatuko den. Nola ez oroitu, 2015ean, Évelyne Dhéliatek, TF1eko eguraldi iragarleak, karta batean 2050eko tenperatura probableak aurkeztu zituenean. Hamaika urte berantago, hots 2026an, hastapenean txantxetan ziren predikazio hauek egiak bihurtu dira.
Erran behar da ereiten duguna jasotzen dugula. Aldaketa klimatikoaren eraginek, luzaz gaitzetsiek, muturrera danba egin digute. Aitzin-industria garaiari konparatuz, 1,37 gradu gehiagorekin bizitzeak zer dakarren ikusten ari gara. Eta hasiera baizik ez da. Aro ikertzaileek diote horrelako beroaldiak aurrerantzean normalitate bihurtuko direla. Aldaketa klimatiko honen eragile handiena, ez bada bakarra, giza espeziea da. Energia fosilen erabilpenak, lurren artifizializazioak eta egungo gizartearen bizimoduak eragiten dute aldaketa hau. Ezin diogu errua beste bati bota. Errudunak gu gara.
Gogorazi behar balitz, COP 21eko Pariseko akordioek, 2100erako munduko tenperaturaren igoera 1,5 gradura finkatu zuten. Alta, gaurko egoeran segituz gero, hau da, erregai fosilen erabilpena murriztu gabe zein gure bizitzeko manera zalantzan jarri gabe, ikuspegi ezkorrenak 2100 urterako tenperatura globalaren igoera 7-9 gradu artekoa izanen dela dio. Hondamendi izugarria eraginen luke tenperatura igoera honek. Baina lehen kalteak sendi ditzakegu jada; bero boladekin, lehorteekin eta suteekin.
Aterabide guztiak ez dira teknologia berrietan oinarritzen ahal. Erran behar da, klimatizagailua aterabide bat da, baina ezin da erantzun sistematikoa bihurtu. Aterabide eraginkorrena gure bizi ohiturak aldatzea da
Beroaldi honi aurre egiteko, aterabide falta du jendarteak. Baina batzuek aterabide ideala atzeman dute, dirudienez: klimatizazioa, aire freskoa sortzen duen makina. Zenbat ez ditut ikusi karrikan, haizagailu edo klimatizagailu elektriko batekin beso artean. Edo sare sozialetako harian aurkitutako borroka bideoak klimatizagailu baten erosteko. Kontsumo gizarte bat izanki, arazoari aurre egiten diogu epe laburrean, arazo hau epe luzean okertzen duen makina batekin.
Onurak baino, ondorio latzak ditu klimatizagailu batek ingurumenarengan. Izan ere, munduko elektrizitate kontsumoaren %7 irudikatzen du. Bestalde, barneko airea hozten duen bitartean kanpokoa berotzen du: gurea hoztu, besteak hor konpon. Azkenik, gas frigorigenoak askatzen ditu klimatizagailu batek: CO2a baino bi mila aldiz kutsakorragoak.
Nola ez diogu ezetz erranen klimatizagailu bati freskura bila bagabiltza? Baitezpadakoa zaigun trikimailua bilakatu da. Pertsona zaurgarriak babesteko ezinbestekoa. Hainbestetaraino non klimatizagailuak politizatu egin diren. Duela hiru aste izandako Tech for industry show gertaldian Marine Le Penek, Frantziako eskuin muturreko batasun nazionaleko alderdiko buruak, presidente izanez gero klimatizazio plan masibo bat plantan jarriko duela zioen. Klimatizazioa laudatzen du, beraz, bero boladei aurre egiteko aterabide bakarra izango balitz bezala.
Ordea, bero boladak arlo politikoan gutxiegi jorratuak izan dira eta hala segitzen dute, oraindik ere. Beste hainbat arazorekin batera, erantzuna etengabean gibelatzen da, ez dugulako arazoa aurrez aurre ikusi nahi. Christophe Cassou klimatologo frantsesak beroaldi hauek politizatu beharra adierazi zuen Libération egunkarian. Politika arlotik kanpo geratuz gero ez delako neurririk plantan ezarriko, ez beroaldi hauei aurre egiteko eta ez aldaketa klimatikoa murrizteko.
Zientzia ekonomiko eta sozialen arloan, politika publikoak eta konponbide neurriak eskatzen dituen arazo kolektiboari, kasu honetan bero bolada, arazo publikoa deritzogu. Arazo hau konpontzeko neurri politikoak plantan ezarri behar dira eta ondorioz arazoa agenda politikoan kokatu, lehentasunez konpondu beharreko arazoen zerrendan. Gauza da, orain arte, arazoa konpondu beharrean atzerapausoak ematen direla eta bero boladak ez direla kokatu agenda politikoan. Agian azken egunetako bero boladek kontzientzia hartze bat eraginen dute? Bada garaia.
Aterabide guztiak ez dira teknologia berrietan oinarritzen ahal. Erran behar da, klimatizagailua aterabide bat da, baina ezin da erantzun sistematikoa bihurtu. Aterabide eraginkorrena gure bizi ohiturak aldatzea da, beroaldi hauen aitzinean. Adaptazioa ezinbestekoa da. Adibidez, goizago hasiz lanean, goizago bukatzeko eta freskuran egoteko arratsaldez. Bestalde, klimatizagailuek ere alternatibak dituzte, hala hola arbolak. Arbolek freskatze naturala dakarte, bost klimatizagailu ordezkatuz. Lurren artifizializazioaren pare, arbolen itzalak oasiak bihurtzen dira hirietan, beraien presentzia inoiz baino estimatuagoa bihurtuz.
Bai, argi da, zaila izan zaigu klima aldaketa onartzea, baina bero bolada hauek oroitarazi digute ezin garela besoak gurutzaturik egon. Bada garaia begiak idekitzeko. Datorren egun eta urteetan, adaptazioa ezinbestekoa izanen da. Gure gaur egungo ohiturek ez dute gehiago balio, klimatizazio sistematikoak are gutxiago. Bedeinka ditzagun, behingoz, arbolak zein natura, eta ez klimatizagailuak.
Johane Larre Salaberri
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545